Naturaren miraria

http://alteretaego.wordpress.com

 

Musika eta ahotsa: Guruzne Aristegi.

(Kantua entzuteko sakatu hemen: Naturaren miraria)

 

48_zelatan
Argazkia: Zelatan
Egilea: Mr. Kaplan
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3840×3840px (1:1)
Sortze data: 2013/04/10
Latitudea: 43º 16,740´ N
Longitudea: 2º 00,944´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 82mm
Irekidura: f8
Esposizio denbora: 1/160?
Sentikortasun eskala: 100 ISO
Flasha: Metz 44 (eskuinean) + Metz 58 (ezkerrean)
Oharrak: Adobe Photoshop, Lightroom eta After Effects bidez prozesatutako argazkia.

Alter dixit.

 

Alkimistak luzaroan alperrik milaka bira
burdinari eman nahian urre gorrian distira.
Hala ere, formulatan zertan joan urrutira?
Eskura bada hoberik, adibide bat: desira.
Erraz aldatzen baititu maitasuna izerdira,
gogoa asera edo bekatua mirarira…
Horren bila joan diren bi hemen geratuko dira
irrikaz, izarapeko enkarguari begira.

Naturaren miraria gorpuzten doan heinean,
datorrenaren zirrara gogoz harrotzen denean,
nobedadean haizeak gogor jotzen duenean,
txikiaren kontzeptua erlatibo zaigunean…
Irribarrea jartzen da gauza guztien gainean
udaberria loratuz tokatzen ez den unean.
Aitatxo antzera dabil poza eutsi ezinean:
bizi bat erne delako amatxoren barrenean.

400 bat gramo inguru, arra eskas bat luzeran,
amaren onena hartu, aitaren zerbait, aukeran.
Gustura zaude, laztana, zeure aurrera-atzeran,
medikuaren hitzetan “trapezista baten eran”.
Forma hartuz zoaz jada hainbeste jan eta edan,
baina izanak izena nahi du berekin, aukeran:
Larraitz esan dit haizeak egin diodan galderan…
izenak izen, izanak jarrai dezala primeran.

Zeure izaera duzu, argiro esan beharko,
lehen zertzeladak, behintzat, ezagun ditugulako:
nahi duzunean lo eta bestela prest gerrarako,
tori ostikadatxo bat, gogoa daukadalako…
Norbere etxean norbera erregina bat delako,
ekografietan ere eman duzu zenbait gako:
marigoran kikunbera aurkitu zaitugu, bapo
… lasai, zain duzun mundua antzera dagoelako.

Itsasontziak askotan lurmuturra du jomuga,
itsasargia du lagun harrapatzeko helmuga;
gu gara zure argia, beraz, ez larregi duda:
zauden tokitik atera, garaia ia heldu da.
Zure aurpegi polita imajinatuz, gustura,
baina azalan gozoa nahi dugu geure eskura,
zure arnasa motela zabaldu, harro, mundura…
poza baino ez dakarzu gure bihotzen barrura.

Ez da zaila izaten zer esan nahi den jakitea,
zaila da esan nahi dena eratara esatea:
zenbat maitatzen zaitudan zuk badakizu, maitea,
nahiz beti ez dudan hartzen esateko aldartea.
Nere biziko plazera da zurekin egotea,
behin hasi genuenari jarraipena ematea…
Lehen izan zinen neskatxak ziklo bat dauka betea,
hasten duzuna antzera nahi genuke joatea.

Ego dixi.