Eman bakea botilari

Eman bakea botilari

Euskararen egoeraren gaineko eztabaida pertzepzioen mundura eraman ohi du hainbat eragilek. Politikariek bereziki. Horretarako botila erabili ohi dute neurgailu gisa, eta bi dimentsio erabiltzen dituzte euskararen egoera edo osasuna zehazteko: “beterik” eta “hutsik”.

Trebeenek  “erdi” gradatzailea sartzen dute ausart, botila “erdi betea” (euskararen osasun ona) edo “erdi hutsik” (euskararen osasun kaxkarra) kontzeptu zientifikoekin jokatuz, dakienaren patxadaz.

Bestalde, botilaren beteak
ez du soilik euskararen egoera islatzeko balio; izan ere, jendea sailkatzeko neurgailu eraginkor bilakatu da, bide batez. Hala, euskararen botila “erdi hutsik” ikusten duten jendeak, lantu jotzaileak, hil-kanpai joleak eta talibanak lirateke nagusiki. Ostera, botila erdi beterik ikusten dutenak, “mutur bien” artekoak eta ikuspuntu orekatukoak bide dira, bizi-kanpai joleak nolabait esateko.

Hala ere, ikuspuntu orekatudun batek baino gehiagok, botila erdi beteari epemuga jarri dio dagoeneko: bizpahiru belaunaldikoa. Ez dakiguna da euskararen botila bizpahiru belaunaldiotan zehar hustuko den desagertu arte, ala bizpahiru belaunaldi barru derrenpentean hustuko den… asaber!

Harrigarria da eragile horiek proposatzen diguten ikuspegi lausoa eta mugagaitza, botila neurridunak aspaldi asmatu zirelarik. Dezilitroak argi eta garbi zehaztutako botilak nahiz pitxarrak, duela urte asko erabili izan dira baserrietan, botiketan bai eta etxe arruntetan ere, biberoiak prestatzeko, adibidez. Baserrietan, botiketan nahiz etxeetan, erdi bete / erdi huts sailkapena aspaldian gainditu zen. Oso ohikoak dira aldiz, litro erdia, litro laurdena, hiru laurden; hogei, hamabost edo bost zentilitro, eta abar. Nahi erako zehaztasunez. Oso neurri zehatz eta neurgarriak, alegia. Edozein etxekoandreri edo etxekoandrosi galdetu bestela.

Izan ere, esneari, jarabeari edo ardoari bezala, euskarari ere neurri zehatza jartzea badago, erdi beteka eta erdi huska ibili beharrik gabe. Euskararen egoera eta bilakaera neurtzea badago, erraz asko zenbait eremutan, edo lan gehiago eginda beste batzuetan.

Euskararen egoera eta osasuna nahiz bilakaera erraz asko neurtu dezakegu idatzizko eguneroko prentsan, adibide bat jartzearren. Cies etxearen arabera ia 950.000 dira eguneroko prentsa irakurleak EAEn. Horietatik 56.000 dira berria (edo berria ere) irakurtzen dutenak. Datu zehatz horiei esker ere, jakin badakigu 11 direla egunero 19.000 irakurle baino gehiago dauzkaten hedabideak. Horietatik berria da hedabide euskaldun bakarra. Garan euskarak %20 baino gutxiago hartzen du, eta are gutxiago Deian. Beste zortzietan euskararen presentzia zerotik hutsaren hurrengora bitartekoa da. Aurreko urteetako datuekin alderatu, eta hara! horratx bilakaera ere.
Eta prentsa idatziarekin bezala, beste alor guztietan ere askoz informazio fidagarriagoa lortuko dugu azterketa zehatzen bidez, botilari erreparatuta baino, zalantzarik ez izan.

Eman bakea botilari

Zer duzu buruan “Eman bakea botilari”-ri buruz

  • Niri botila ikustea geo ta gehio kostatzen zait, zer nahiago “Talibanak” ala Euskararen desagerpena? Nik argi dakat.