Nagore Garcia: “Giza eskubideen aldeko lana debekatu zaigu”

Nagore Garcia: "Giza eskubideen aldeko lana debekatu zaigu"Joan den astean bizitako amesgaiztoari neurria hartu nahian dabil Nagore Garcia. Beldurra, kezka, negargura, tensioa, haserrea, poza, maitasuna, elkartasuna… Emozioen koktela bortitzegia izan da. Herrira-ren kontrako operazioa lehen pertsonan nola bizi izan zuen kontatu dio Baleike.com web guneari, hasi Guardia Zibilak Hernaniko bulegoaren txirrina jo zutenetik Zumaiara iritsi zen arte. Hausnarketa sosegatua egiteko patxadarik ez du izan oraindik, “lagunekin egoteko ere denbora falta” zaiolako; baina operazioaren atzean Estatuaren beldurra dagoela uste du: “Jendeak aurrera egin nahi du baina estatuak ez, eta errepresioarekin erantzuten du, etsipena sortzeko; baina jaso duen erantzuna kontrakoa izan da”.

Hernani; irailaren 7a, goizeko 10:00ak aldera

“Astelehenean gure arteko bilera geneukan, Hernaniko egoitzan. Parot doktrinaren inguruan zer egin genezakeen aztertzen ari ginela, bulegoko txirrina jo zuten; atea zabaldu genuen eta han sartu ziren guardia zibilak arrapalada batean, armak eskutan eta aurpegiak kaputxekin estalita. Hay armas, hay armas! esanez sartu ziren. Gu bilera gelan geunden eta sekulako ezustekoa izan zen, ez genuelako halakorik espero. Ez genuen sarekada bat espero. Harridura izan zen lehen erreakzioa. Altxarazi eta hormaren kontra jarri gintuzten, hankak zabalduta. Orduan esan ziguten atxilotuta geundela. Lehen unetik jakinarazi ziguten, printzipioz, atxiloketa komunikatua zela, agian aurrera begira ezetz, baina momentu hartan komunikatua zela. Hori entzutean, tentsio handiko unea den arren, zure barnean lasaitu moduko bat sentitzen duzu. Inkomunikazioa zer den eta bere ondorioak ezagutzen ditugu. Une horretan gauza asko pasatzen zaizkizu burutik. Dena oso azkar gertatzen da. Jokoz kanpo harrapatzen zaituzte, tentsioak gora egiten du oso azkar. Beraien esku zaude eta ez dakizu zer gertatuko den. Eta gero kanpoan daudenengan hasten zara pentsatzen: senideak, lagunak…”.

“Gela batean eduki gintuzten, eskuak lotuta. Katxeoak egin zizkiguten. Hasieran zutik eduki gintuzten, ez dakit zenbat denbora. Ondoren, aulki bana eman ziguten eta hormari begira eserita egoteko aukera eman ziguten. Eta halaxe egon ginen bulegoa miatzen zuten bitartean. Ofiziozko abokatu bat egon zen miaketak iraun zuen denboran. Bulegoan lauzpabost gela daude eta den dena miatu zuten. Ura eman ziguten, jatekorik ez egun osoan; eta komunera joan gintezkeen, beraietako baten zaintzapean beti. Eguna oso luze joan zen. Kalera atera gintuztenean gaueko hamaikak eta hamar zirela ikusi nuen bulego azpiko tabernak daukan erlojuan. Hamahiru ordu luzeko erregistroa izan zen. Nekatu geunden”.

“Bulegoan geundela kaleko zaratak entzuten genituen. Jendea gerturatu ahala oihuak entzuten genituen. Eta atera gintuztenean ere bai, noski. Burua makurtzera behartu gintuzten, baina tarteka begirada altxatu nuen aurpegi ezagunen bila; batzuk ikusi nituen eta horrek sekulako indarra eman zidan. Jendearen babesa iritsi zitzaigun. Eta entzun genuen jendea kolpatzen ari zirela eta horrek sekulako egonezina eragiten dizu. Jendea elkartasuna adieraztera joan, egoera salatzera, eta jende hori kolpeka hartzen ari direla jakitea ez da sentsazio atsegina”.

Intxaurrondo; irailaren 30a, 23:30ak aldera

“Hernanitik Intxaurrondora eraman gintuzten, Guardia Zibilaren kuartelera, baina ez gintuzten komisaldegira sartu. Ni eta Jon Garai patrolean eraman gintuzten eta gainontzekoak furgonetan. Jonek eta biok pentsatzen genuen denok batera atera gintuztela bulegotik, baina ez, atxilotutako gainontzekoak beheko beste ate batetik atera zituzten. Intxaurrondon zuzenean autobus blindatu batean sartu gintuzten. Hernaniko atxilotu guztiak geunden han. Eserkelu bakoitza isolatuta dago, gelaxka itxi moduko bat da. Ez dauka leihorik. Gure artean komunikazio laburrak izateko aukera izan genuen, gutxienez jakiteko denok han geundela. Berehala mozten ziguten berriketaldia, baina behintzat jakin genuen Hernaniko denok han geundela. Artean ez genekien beste egoitzetan ere atxilotuak izan zirela. Astearte goizean konturatu ginen, Madrilgo Tres Cantoseko komisaldegian”.

Madril, Tres Cantoseko komisaldegia; urriaren 1a

“Goizaldean iritsi ginen Madrilera. Tres Cantosen ere isolatuta eduki gintuzten, bakoitza bere ziegan. Bagenekien han geundela denok, baina bakartuta geunden. 24 orduak argia piztuta eta bakarrik. Ziegan hormigoizko bi ohe zeuden, koltxoneta eta manta banarekin. Hiru otordu ematen zizkiguten han. Komunera joateko ere haien menpe geunden, beti norbait gainean”.

“Atxiloketa komunikatua izan da, baina, aldi berean, lege antiterrorista aplikatu zaigu. Hau da, besteak beste, atxiloaldia bost egunez luza daiteke eta zure abokatuarekin ezin duzu nahi duzunean egon. Momentu jakin batzutan egon zaitezke abokatuarekin. Adibidez, guardia zibilek deklarazioa hartu baino lehen ezin genuen abokatuarekin hitz egin. Guk uko egin genion deklaratzeari ez bazen epailearen aurrean. Nire kasuan, Tres Cantosen geundela, komunetik ziegara bueltan nindoala eraman ninduten beste gela batera. “Nora naramate…” pentsatu nuen orduan. Gelan sartu orduko nire abokatua ikusi nuen eta horrek asko lasaitu ninduen. Abokatuaren aurrean nire eskubideak irakurri zizkidaten berriro –atxilotzeko unean bezala–, eta berriro uko egin nion deklaratzeari ez bazen epailearen aurrean. Hori astearte gauean izan zen. Asteazken osoa komisaldegi hartan egin nuen. Hurrengo goizean, ostegunean, bostak aldera esnatu gintuzten”.

Espainiako Auzitegi Nazionala (Madril); urriaren 3a, goizeko zortziak aldera

“Guardia Zibilaren komisaldegian egon ginen bi egun haietan oso presente genuen non geunden. Ziega haietatik euskal herritar asko pasa dira, asko eta asko inkomunikatuta, eta tortura sistematikoa izan dela badakigu. Neu nengoen leku hartan bertan. “Hemendik pasa den jendeak zer nolakoak pasa dituen”, pentsatzen nuen nik ziegan nengoela… Gure kasuan ez geunden ondo, psikologikoki oso gogorra da, baina besteena imajinatuta esaten diozu zure buruari ez zaudela kexatzeko… Alde horretatik, gurekiko tratua zuzena izan da”.

“Zortzietan Auzitegi Nazionalera eraman ninduten, kotxez, neu bakarrik hiru guardia zibilek zainduta. Gela ez oso handi batera eraman ninduten, [Eloy Velasco] epailearen aurrera. Han zeuden fiskala, nire abokatua, itzultzailea eta idazkaria. Epaileak nire kontrako karguak irakurri zizkidan eta nik denak ukatu nituen. Fiskalak baldintzapeko kartzela eskatu zuen nire kontra. Nahikoa azkar joan zen dena. Auzitegi Nazionaleko ziegan eduki ninduten epailearen erabakia iritsi zen arte: espetxe zigorra, 20.000 euroko bermearekin ekiditeko aukerarekin”.

Soto del Realeko espetxea (Madril); urriaren 3a

“Une hartatik aurrera, kanpoan erlojuaren kontrako lasterketa hasi zen, 20.000 euroak lehenbailehen bildu eta ordaintzeko. Nik ez nuen uste bermea hain azkar aurkeztuko zutenik, eta kalkulatua nuen gau bat behintzat egin beharko nuela kartzelan. Kanpoan senideak eta lagunak bermea lortu eta tramitatzen ari ziren bitartean ni Soto del Realeko espetxera eraman ninduten. Bermearen ziurtagiria iluntzeko zortziak baino lehen iritsi behar zen, bestela hurrengo egunera arte ez zaituzte askatzen. Sotora eraman nindutenean dei bat egiteko aukera eman zidaten. Etxera deitu nuen eta amarekin hitz egin nuen. Berak esan zidan ari zirela bermearekin eta saiatuko zirela garaiz iristen”.

“Soton ez nintzen ziegara iritsi. Emakumeen modulora eraman ninduten. Patioa ezagutu nuen. Halako batean funtzionario bat etorri zitzaidan eta berarekin eraman ninduen, gela batera. Han itxaroteko esan zidan, bestelako azalpenik eman gabe. Han nengoela, funtzionario batek esan zidan ea zer egin nuen, Puertora eraman behar nindutela [Puerto de Santa Mariako kartzela, Kadizen]. Erantzun nion ez nuela uste Puertora eramango nindutenik. Baina ez zidaten inolako azalpenik ematen. Beste funtzionario bati galdetu nion ea zer gertatzen ari zen. Hark esan zidan epaitegiko poliziak etorri zirela jakinarazpen batekin. Haiengana eraman ninduten, eta han Jon Garairekin egin nuen topo. Berak esan zidan “Nagore, gu bagoaz”. Jakinarazpena irakurri zidaten: bermea ordaindu zela, aske nengoela eta neurri batzuk bete beharko nituela kalean”.

Zumaiara buelta; urriaren 4an, goizeko ordu batak aldera

“Jon Garai eta biok kartzelatik atera ginenean han geneuzkan zain senideak eta lagunak. Une hura izugarria izan zen. Etxera bidean ere geldialdi bat egin genuen denok batzeko. Momentu hartan poz ikaragarria sentitu genuen denok. Besarkadak, musuak… Esan beharra daukak jendearen erantzuna izugarria izan dela, bai Zumaian, bai beste herrietan. Ez dakit nola eskertu egun hauetan jendeak egin duen guztia, nire gurasoei nola lagundu dieten… Eta Zumaiara iritsi eta jendea zure zain aurkitzea, hori ere asko eskertzen da. Oso nekatuta zaude, baina horrek indarra ematen dizu. Oso une emotiboak dira. Nekea eta tentsioa pilatuta dauzkazu, baina behar duzu jendearen eta lagunen babes hori. Emozio pila bat dauzkazu gordeta, zure inguruko jendeak ere bai, denekin nahi duzu egon baina denbora falta zaizu. Gero, larunbateko manifestazioan ere izugarria izan zen jendearen erantzuna”.

“Iraganera bueltatu nahi duen bakarra Estatua da”

Operazioaren atzean egon daitezkeen arrazoien bila hainbat iritzi irakurri eta entzun ditugu egun hauetan. Nagore Garciak ere uste du hamaika izan daitezkeela, baina, guztien oinarrian bakarra ikusten du:  “Hemen oinarri sendo eta zabal bat lortu da giza eskubide guztiak errespetatzearen alde, tartean preso eta iheslarien eskubideena ere; jendeak gaztazka hau konpontzeko gogoa dauka, bakea eta normaltasuna etortzeko gogoa, eta hor urratsak egin behar direla garbi dauka gehiengo zabal batek. Eta txanponaren beste aldea da estatuen jarrera, urratsik egiteko inolako borondaterik gabe. Estatuak ez du aurrera egin nahi. Iraganera bueltatu nahi duen bakarra estatua da. Hori lortzeko egingo du iruditzen zaiona. Estatuak errepresioarekin erantzuten du, pentsatuz horrek geldituko duela zabaltzen ari den egoera”.

Nagore Garciaren iritziz, jendea etsitzea izan da Herrira-ren kontrako operazioaren helburua: “Baina justu kontrakoa gertatu dela esango nuke. Herritarren mezua oso zuzena izan da: ez dugu atzera bueltatu nahi, egoera bidezko bat nahi dugu, bakea ekarriko duena, eskubide guztiak errespetatzea nahi dugu eta ez dugu iraganeko irudirik nahi. Horma batekin aurkitu da estatua. Argi eta garbi irudikatu da zein den benetan gauzak aldatzeko bidea: herritarrak. Hor dago giltza. Hori sinetsi behar dugu, bakoitzak zer egin dezakeen bere eremuan, bere neurrian, eta hortik lor dezakegula egoera iraultzea”.


Ondorio zuzenak eguneroko bizimoduan

Atxilotuak kalean daude, baina haien kontrako karguak oso gogorrak dira –besteak beste, ETAko kide izatea eta ETA finantziatzen laguntzea– eta epaiketaren zain daude. “Egia da pertsonalki gure eguneroko bizimodua erabat hautsi dutela. Egoera honen aurrean, gure bizitza berreraiki behar dugu. Ezingo dugu orain arte egindako lana egin, eta horrek niretzat ez du inolako zilegitasunik. Gu saiakera zintzoa ari ginen egiten preso eta iheslarien eskubideen alde eta hori aurrerantzean ezingo dugu egin; giza eskubideen aldeko lana debekatu zaigu. Baina topatuko dugu gure lekua. Herrira-ren jarduera ere bi urterako eten du epaileak, baina egun hauetan argi geratu da mugimendua hor dagoela, bizirik, hor daude herritarrak. Mugimendu horrek bere bidea egingo du”.

Nagore Garcia: “Giza eskubideen aldeko lana debekatu zaigu”

Zer duzu buruan “Nagore Garcia: “Giza eskubideen aldeko lana debekatu zaigu””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude