Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat

Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat –

Franco hil eta laster Zeruko Argia kazetari (1976-IV) ziotson Monzonek Nafarroarik gabe ez zegoela euskal Aberririk; Nafarroa alde batera utzi nahi zutenekin ez zutela biderik egin nahi, ez Eibarreraino eta ez Maltzagaraino. Geroari buruz, Iruñea zela geure Hiri Nagusia, eta…Gora Euskadi esan ala Gora Nafarroa esan, gauza berdina zela.

Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat

Nondik zetorkion nafarzaletasun suhar hura? Denboran urruna baina odolez hurbila zuen egitate batekin hasirik, familian bazuen arbaso umant bat 1764an jaioa Iruñean, Tadeo Luis Monzon Ipenza, 1787an, Bergaran jaiotako Maria Merced Olaso Abariarekin ezkondu zena, hartara Monzonen leinua Erdi Aroko Olaso ahaide nagusi ganboarrarekin uztartuz. Tadeo Monzon jauna Sevillako erregeren zerbitzuko zaldun elkarte famatuko kide ohoretsua izan zen eta Olaso dorretxean zuten eta dute Tadeo eta Maria Merced ageri diren margolana, egongelari handiki kutsua emanez.

Hurbilagoko egitateetara etorriz, 1931ko Lizarrako estatutua Hego Euskadiko lau lurraldeetako udalek gehiengo handiz hirutan ere onarturikoa; Telesforo Monzonek berak zioen bezala -eta historialari askok-, eskuineko jauntxoen (Rodeznoko kondea buruetarik) eta ezkerreko jauntxoen (Emilio Azarola buruetarik) traizio eta trikimailuz 1932ko ekainaren 19an baztertu ondoan nafarrek, berrogeita hamar bat hitzaldi egin zituzten Jose Antonio Agirrek, Manuel Irujok eta hirurek, besteak beste, Lizarra, Tafalla, Agoitz eta Lekunberrin, Nafarroa berriro euskal batasunera erakarri nahian. El trio de la bencina zioen Irujok zirela hirurak, izenburu bereko 1930eko aleman komedian, hiru gizaseme emakume batekin maiteminduta nola, berak Nafarroarekin halatsu. Baina Nafarroan ez ezik Oiartzunen, Durangon, Hego Euskadi guztian aipatu zuen Telesforok Nafarroaren garrantzia euskal abertzaletasunean.

Nafarroaren garrantzia Telesforo MonzonentzatMadrilen diputatu izan zen garaian (1933-1936), hotel edo ostatu berean bizitzen ziren Irujo, Agirre, Landaburu, Kareaga, Bikuña eta Monzon, hots, ordezkaritza abertzalea, eta Telesforok kontatu izan duenez, Irujo beti ibiltzen omen zen nafar erregeak gora eta nafar erregeak behera, eta horregatik Santxo de Nabarra deitzen bide zioten. Euskotarron aberri bakarra Euskadi da S. Aranarengandik ikasi bazuen ere, eta Engrazio Aranzadi Kizkitza-ren La nación vasca erabakigarri gertatu bazitzaion ere abertzaletzeko, segur aski Irujo izan zuen maisu Monzonek nafar ikuspegia bereganatzeko edota sakonago landatzeko behinik behin. Ez diot inon irakurri Monzoni, Kanpion eta Iturralde eta Oloriz eta irakurri zituenik, baina lekukotasun hori adierazgarria begitantzen zait.

Alabaina, Molak eta Francok eta Rodeznoko kondeak-eta gerra sutu zuten, eta nafar gehienak Espainiaren menpeko euskaldunen aurka aritu ziren; eta hura Telesforo Monzonentzat euskal anaien arteko gerra mingarria bezain eramanezina izan zen, nahiz ez zuen zalantzarik izan altxamenduaren haste beretik faxismo espainolaren aurka paratzeko.

Oso gogoan zuen Telesforok gerraren lehen egunetan, Gipuzkoako Diputazioan, Irujok eta berak bizi izan zutena, biak ere Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kide izaki. Trintxerpeko miliziano erdaldun batzuek nafar karlista euskaldun batzuk ekarri zituzten preso Diputaziora. Monzonek Irujori: ni nafar euskaldun horiekin nago, horien anaia naiz; ez beste miliziano erdaldun hauekin. Bai, baina nafar euskaldun horiek eusko gudariak hil dituzte Nafarroatik honantzako bidean!

1949ko irailean, Euskal Dantzari Besta Baionan. Iparraldeko dantzariez gain, Nafarroako Muthiko Alaiak peñako dantzariak, eta haien buru Ignazio Baleztena, gerran nafar erreketeen buruzagi gisa nabarmendutakoa. Bada, Telesforok, euskaldunen arteko gorroto gogortuak beratu eta adiskidetu nahian, hor doa piknika egiteko ogia falta zuten dantzari nafarrengana ogiarekin, Ignazio Baleztenari emanik ogia, eta hark ordainetan ardo zahatoa eskainirik Telesforori, Aita gure-ko kristau agindua beteaz: “barkatu gure zorrak, guk gure zordunei barkatzen dizkiegun bezala”. Gerran elkarren aurka ibilitako euskaldunak adiskidetzeko keinuen beharra zekusan.

Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat1963an, jada Itsasuko lehen Aberri Egun famatua burutua zela, Manuel Irujori esaten zion bera beste mundu batean bizi zela, erbesteko Eusko Jaurlaritzan PSOEren ordezkariak zein izango ziren hausnartzetik eta kuxkuxeatzetik haratago, bi mistika ikusten zituela beharrezko eta egingarri 36ko gerraurrean ez bezala, edo nahiago baduzue, arrakasta izateko esperantza gehioagorekin: Nafarroaren mistika eta euskararena: Iparraldeak Nafarroara begiratzen zuen, eta Nafarroan baziren zantzu itxaropentsuak. Gauza berbera 1967an Iruñean ospatu zen Aberri Egunaren ondotik.

Franco hil zenean, hausturaren alde zegoen, bakea autodeterminazio eskubidea aitortzearen truke ematearen alde Espainiako botereei, eta ez Espainiako Kongresura joatearen alde han erabakitako joko-arauei jarraiki. Oso gogoan zuen han entzundakoa 1933tik 1936ra diputatu izan zen epealdian, eskuin eta ezkerreko politikari espainiarrei: jelkideak espainolak bazarete, errespetatu Espainiako herritarren ordezkarien joko-arauak, eta espainolak ez bazarete, zer egiten duzue hemen!

1980ko apirilean Leiren elkartu ziren Herri Batasuneko 24 diputatu eta senatari Nafarroako erregeen hezurren inguruan zin egiteko Nafarroa osoaren alde borrokan jarraituko zutela (guardia zibilek jarritako kontriolengatik denek ez zuten heltzerik izan). Telesforo Monzonek, adinez nagusiena bera izaki, gainerakoei hartu zien zina, eta gero berari hartu zioten. Espero zuten Iparraldeko senideak Hegoaldekoekin lerratuko zirela asko baino lehen.

Nafarroarik gabe, gaztelania derrigorrezkoa eta euskara ez izaki, eta subjektu politiko bakarra Irunetik Cadizerainoko herritarrak izatea ezin zuen ontzat eman: Arrano Beltzak bere-bereak zituen Iruñea bezala, Gernika eta Garazi ere, eta Aturritik Ebrora euskal estatu euskalduna eraiki behar genuen.

Galdu egin zuen -berak bakarrik galdu izan balu?!-, bistan dago, baina bizia eman zuen bere ideia politikoen alde. Merezi du gogoan izatea euskaldunok!

Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat
Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat
Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat
abertzaletasuna, herri batasuna, historia, monzon, nafarroa, Nafarroaren garrantzia Telesforo Monzonentzat, telesforo, Telesforo Monzon eta Nafarroa
Pako Sudupe

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude