Bikingoak Euskal Herrian

Bikingoak Euskal Herrian –

Bikingoak Euskal HerrianBikingoak Akitanian eta Baionan

799koak dira orduan euskalduna zen Akitaniaren kontrako erasoen berri ematen diguten idatziak. Aipatu agiri horietan irakur daitekeenez, bikingoek urte horretan eraso egin baitzituzten akitaniar kostaldeko zenbait uharte. Bestalde, badirudi 814tik 986ra bitartean, bikingoak Baionan finkatu zirela eta bertan Odinen gurtzerako tenplu bat eraiki zutela. Honela defendatzen du Hourmat historialari frantsesak.  Beñat Estornes Lasak dioenez, Baskoniako duke independente zen Gilen Antsok normandoei eraso egin zien eta Baiona hiria eta bere eskualdea bereganatu zituen. Horren ondorioz, normandoek emeki-emeki Baiona inguruan zituzten kokalekuak utzi behar izan zituzten.

Bikingoen kokalekuak Bizkaiko kostaldean

Al-Andaluseko kroniketan Bizkaiko kostaldean, Mundaka-Gernikaren itsasadarren bazterretan zehazkiago, kokaturik zeuden madjuei buruzko datuak eta baita horien aurka izandako borrokaldien berri ere ematen dizkigute. Madju hitza arabierazkoa da eta suaren gurtzaile esan nahi du. Eta honela deitzen zieten Al-Andaluseko mairuek normandoei.

823an eta 825ean mairuek bi sarraldi edo aceifa burutu zituzten Bizkaiko kostaldean, Mundaka-Gernikaren itsasadarrean kokaturik zeuden bikingoen aurka egiteko. Badirudi aipaturiko itsas bazterretan normandoek zenbait kokaleku edo faktoria zituztela, eta sarraldi hauen xedea, bertan pilatzen zuten materiala lapurtzeko izan zela. Horretaz gain, gaur Busturia deitzen den eskualde hartan bazen burdina eta haritz zur ugari, eta bi gai haiek guztiz beharrezkoak ziren itsasontzi berriak egiteko edota zaharrak konpontzeko. Hortik ulertzen da, bai bikingoek eta bai mairuek lur haien jabetza izateko azaltzen zuten nahikeria.

Bikingoak Euskal Herrian

Lehen esan bezala, 823an, Abderrahaman handiaren garaian, mairuak Arabako lautadatik sartu, eta Durangoaldea zeharkatu ondoren, kostaldera iritsi ziren. Bikingoek Djernik edo Charniq izeneko lekuan zuten kokalekua birrindu eta gerrako harrapakin ikaragarri handiak atzeman ondoren, beraien erresumara itzuli ziren.  Gaurko historialari askok, eta beraien artean Anton Erkorekak,  Djernik edo Charniq izeneko lekua gaur Gernika deitzen duguna dela uste dute.

825ean, mairuek bigarren sarraldi bat burutu zuten Bizkaiko kostaldean. Erkorekaren ustetan, berriz ere, Busturia aldean zeuden madju edo normandoen kontra. Badirudi arabiarrek zerabilten izengoiti hori lotua dagoela Busturiako biztanleek mendietan suak piztuz egiten zituzten seinaleekin. Jakin badakigu XV. mendera arte, Gernikan egiten zen batzarrera deitzeko suak pizten zituztela Sollube, Oiz, Gorbeia, Ganekogorta eta Kolitxa mendietan.

Bikingoak Bizkaiko kostaldean arabiar kroniken arabera

Arabiar kroniketan azaltzen denez, bigarren sarraldi horretan gatazka odoltsua gertatu zen arabiarren eta normandoen artean kroniketan Djabal al-Madjus (Suaren gurtzaileen mendia) deitzen duten lekuan. Erkorekaren ustez, mendi hori Sollube (680 metro) izan zitekeen. Normandoek izugarrizko porrota ukan  zuten eta Bizkaiko kostaldean zituzten kokalekuetatik (Busturia, Mundaka, Albonika, Oka, Gaztelugatxe, Bakio eta gainerako itsas talaiak) alde egin behar izan zuten. Arabiarrek, erdietsitako garaipena zela eta,  sarraldi honi: Quhaz-wat al-fatch (garaipenaren sarraldia) deitu zioten.

Bikingoak Euskal Herrian844an, normandoak Bizkaiko kostaldera itzuli ziren eta 861 arte kokaleku berriak eraiki zituzten Mundaka-Gernika itsasadarreko bazterretan.

Jon Bilbaok 1982an plazaraturiko Bizkaiko Jaun Zuriari buruzko ikerketan, biziki hipotesi erakargarri agertu zuen. Honen ustez, IX. mendeko bigarren erdialdean, Dublineko errege izandako Olafr Zuria eta Ivarr Sugaarrekin lotura zuen kokaleku bikingo bat ezarri zuten Mundakako itsasadarreko kostaldean. Badirudi Bizkaiko lehen jauna izandako Jaun Zuria bikingo horien ondorengoa izan zela. Leongo Erresumako tropak Bizkaian sartu zirenean, bizkaitarrek Jaun Zuria hautatu zuten kapitain gisa, eta honek agindutako armadak leondarrak Arrigorriagako paduretan garaitu zituen. Garaipen horren ondorioz Bizkaiko Jaun izendatu zuten.

852an musulmanak kroniketan Baquira (Bakio ote?) deitzen duten lekuan borrokatu ziren, eta 867an Gernika eraso egin zuten bigarren aldiz, eta hesitu ondoren hartu egin zuten. Arabiarren kroniketan aipatzen denez, Gernika aldea haritz zurez eta burdinez aberatsa omen zen, eta bi lehengai horiek izugarri estimatuak ziren garai hartan itsasontziak egiteko edota konpontzeko. Hauxe izan daiteke Al-Andaluseko arabiarrek Bizkaiko normandoekin etengabeko borroketan aritzeko zuten arrazoienetako bat.

Gartzia Enekoitz erregearen bahiketa eta Tuteraren konkista.

858 eta 861 urteen artean bikingoen erasoaldi berri batek Europako kostaldeak zigortu zituen. Erasoaldi berri hartan bikingoak Iruñeraino iritsi ziren, Gartzia Enekoitz erregearen jauregian sartu eta erregea bahitu zuten. Iruñeko erresumako baskoiek euren errege askatzeko urrezko 70.000 txanpon ordaindu behar izan zizkieten.

Zenbait historialariren ustez, erasoaldi hau burutzeko, bikingoek Ebro, Argoi eta Arga ibaiak igo behar izan zituzten, baina badira Mundaka-Gernika itsasadarretik abiatu eta handik ekialdera eginez, Iruñeraino iritsi zirela defendatzen duten historialariak ere. Hirugarren hipotesi baten arabera, bikingoak Bidasoatik sartu ziren hasiera batean, eta gero Oiasso eta Iruñea lotzen zituen erromatarren garaiko galtzada zaharretik barrena iritsi ziren Iruñeraino.

Baskoiak bikingoek Gartzia Enekoitz erregea askatzeko eskatzen zieten diru kopura biltzen luzatu zirenez gero, erregea askatu zuten eta haren semeak bahiturik eta berme gisa eraman. Baina, nora? Bizkaiko kostaldean kokaleku bikingoak izan zirela defendatzen dutenen ustez, horietako batera, eta bertatik gauzatu zituzten bahituen ordaina kobratzeko eman beharreko pauso guztiak.

Urteen poderioz eta leku askotan, normandoak, pixkanaka-pixkanaka kristau egin ziren. Hori dela eta, musulmanen kontrako borroka aunitzetan hartu zuten parte gainerako herri kristauekin batera. Horrela, jakin badakigu, 1119. urtean Tuteraren konkistan aritu zirela.

Bikingoak Euskal Herrian

Bikingoek Bizkaiko kostaldean utzitako aztarnak. 

Bizkaiko kostaldean izandako bikingoen aztarnak bilatzekotan segidakoak aipatu beharko genituzke:

  1. Jaun Zuriaren eta Sugaarren istorioak. Euskaldunon artean ospetsuak diren bi istorio hauek bikingoen tradizioetan ere aski ezagunak ziren. Ez ahantzi lehen aipatu ditugun Dublineko errege normando izandako Olafr Zuria eta Ivarr Sugaar. Nire aldetik, gure mitologian azaltzen den Maju edo Majju izeneko jainko ezkor eta gaiztoa gehituko nuke. Jainko hau Mari jainkosa baikor eta babeslearen senarra zen, leize-zulo ilunetan bizi zen eta zenbaitetan leize-zulo horietatik ateratzen zen Marirekin sexu harremanak edukitzeko. Horrelakoetan kazkabarra sorrarazten zuen. Ene ustez, Maju jainko gaiztoa madjuekin loturik egon daiteke.
  2. Bizkaiko lehen jaunen garaietan, aztiek behien barrenak harri zabal batean ezartzen zituzten eskaintza gisa. Erkorekak dioenez, gauza bera egiten omen zuten bikingoek.
  3. Zenbait toponimo edo leku-izen: Bermeo, Mundaka (mund danieraz itsasoko bokalea da), Gernika, Albonika… Toponimo hauek euskararen bidez ulertzeko zail samarrak baitira.
  4. Bizkaiko erakunde politikoen sortzea. Bikingoen jatorrizko erakundeak aski herrikoiak eta demokratikoak ziren, Europan zegoen feudalismoarekin zer ikusirik ez zutenak. Beraien erabakiak herrietako ordezkariek batzarretan bilduta hartzen zituzten. Bizkaiko demokrazia zaharrean erakunde berberak agertzen zaizkigu, eta gainera badakigu Mundaka-Gernika itsasadarraren inguruko eskualdean sortuak zirela. Bizkaiko Juntetan biltzen ziren herriak zenbakiturik zeuden. Lehena, hau da, Bizkaiko burua Bermeo zen, gero Mundaka, Sukarrieta ondoren, gero Busturia, Murueta, Forua, Gernika eta Lumo, hau da, iparretik hegora Mundaka-Gernika itsasadarreko ezker aldean dauden herriak.
  5. Bizkaiko foru zaharra. Bizkaitarren eskubide zaharrak badu antza handia zuzenbide eskandinaviarrarekin.
  6. Bizkaiko erromanikoak badu antza erromaniko irlandarrarekin edota normandoarekin.
  7. Ontzigintza. Charles Rabot ikerlari frantsesak dioenez, euskaldunok gure kostaldean ziren bikingoen eskutik ikasi omen genuen ontziak egiten, baita baleak arrantzatzeko teknikak ere. XIII. mendean gure arrantzaleek erabiltzen zituzten txalupak eta Roskildeko fiordoan hondoraturik topatu den ontzi bikingoa berdin-berdinak omen dira. Julio Caro Barojak gauza bera dio eta gaur itsasgintzarako euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez erabiltzen diren hitz asko Europako iparraldeko hitzetatik sortutako maileguak direla gaineratzen du. Adibide gisa honako euskal hitzak aipatzen dizkigu: estriborra, baborra, toletea, lema, erlingea, eskota, baringak, balandrea…
  8. Busturian egin diren odol azterketetan nabarmen gelditu da euskaldunon artean horren  portzentaia handitan azaltzen den RH- izeneko odolaren presentzia hutsaren hurrengoa dela.

Buka dezadan artikulu hau gure gazteak animatuz era guztietako ikerketak egin ditzaten. Euskal Herria dagokion askatasunezko portura zuzen eta artez eramateko gure historia ezagutu beharra daukagu, eta horretan, orain unibertsitatean hezten ari den belaunaldiaren lana ezinbestekoa izanen da gero hurbilean.

Bikingoak Euskal Herrian  Bikingoak Euskal Herrian  Bikingoak Euskal Herrian
Bikingoak Euskal Herrian  Bikingoak Euskal Herrian

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Bikingoak Euskal Herrian”-ri buruz

  • Mentxu Zorita Arratibel 2018-07-03 21:34

    Oso interesagarria artikulua.

    Kontu bat gehitu nahiko nuke: Juan Ignazio Hartsuagak proposatu zuen gure “udal” hitza eskandinaboen “odel” hitzaren aldaera izan daitekela (https://www.academia.edu/2448696/ZER_DA_UDALA). Datua ematen det artikulu honetan hainbat datuen bilduma egin delako. Wikipedian ikusi det “Udal law” lege sistema bat existitu zela (https://en.wikipedia.org/wiki/Udal_law). Horrekin zer egin, eta gure udalekin zerikusirik duen edo ez aztertzea, beste batzuren esku uzten det.

  • Joseba Aurkenerena 2018-07-03 22:46

    Mila esker Mentxu datu hori emateagatik. Ez nuen ezagutzen. Egia da, Iparraldean udal, udaletxekoa eta horrelakoak ez direla erabiltzen. Herriko Etxea erraiten da beti.