Mateo txistuka eta Berriobeitiko mirakulua

Mateo txistuka eta Berriobeitiko mirakulua –

Iruñeko eta Tuterako elizbarrutiko artxibategian jasota dago 1669ko auzi bat, non fiskal jaunak egozten dion Oko herriko apaizari, Francisco de Ganuza abade jaunari, anitzetan faltatzea elizan eta desorduetan ospatzea meza santua, ehizarako grinak hartaratuta. Abadeak Leartzako basoa beretzat hartu eta hara ehizara edo egurra biltzera joandakoak harrapatu omen zituen, fiskalaren hitzetan adierazita, «hecho algunos prendamientos a personas que van a caza y a cortar leña».

Haatik, Estellerrian soilik ez ziren apaiz horren balentriak amaitu, zeren eta bi urte geroago, 1671n, Iruñeko bizilagun batek Francisco de Ganuza apaiz jaun berberaren aurkako salaketa jarri zuen, apezpiku dorrean preso egon zen sei hilabete eta bederatzi egunetako mantenua eta garbiketa ez ordaintzeagatik. Apaiz ehiztaria, birigarro ederra.

Ezinbestez burura datorkigu Mateo Txisturen elezaharra; badakizue, aspaldi handian apaiz bat bizi omen zen, parrokia bat bere gain zuena, eta egunak jin egunak joan, elizan zeregin handirik izan ez eta, ehiztari porrokatua izanik, ehizan ibiltzen zen gau eta egun, eskopeta eskuan eta ehiza-txakurrak lagun; txakurrei harrapakin baten bila abia zitezen txistu egiten ziela eta, «Mateo Txistu» deitzen zioten denek. Gero gertatu zena, denok dakigu; edo jakin beharko genuke bederen.

Neure buruari galdetzen diot zer izan ote zen lehenago, belaunaldiz belaunaldi heldu zaigun Mateo Txistu izeneko elezahar eder hori ala… ez ote zen Oko herriko Francisco de Ganuzaren balentria elezahar bilakatuko denboraren poderioz?

Nolanahi, elezaharrak dioenez, behin batean, meza ematen ari zelarik, Mateo Txistu ehizaki baten bila abiatu zen meza santua bertan behera utzita, eta horregatik ibiltzen da oraino alderrai, betiko zigortuta, eternitate guztian txakurrei txistuka ibiltzera kondenatuta.

Egunik egun eta gaurik gau Mateo Txistu mendiz mendi ehizan ibili bitartean, gaur egungo Eliza Katolikoa ondasun ehizan ibiltzen da tai gabe, immatrikulazioz immatrikulazio, herrietako eliza, etxe, baratze eta beste, Elizaren izenean jartzen, ad maioren gloriam Ecclesiae, txistuka disimuluan.

Zin-zinez, ez dago errealitate harrigarria gainditzen duen fikziorik, ez zinean, ez idatzizko literaturan, ez ahozko elezaharretan. Eta horren adibide bat ematearren, Berriobeitiko mirakulua.

Iruñearen atariko, hiru «berrio»: Berriozar, Berriogoiti eta Berriobeiti, Hirutasun Santua nola. Kontatzera noan mirakulua Iruñerriko Berriobeiti herrian agitu zen, mende honen hasieran.

Mateo txistuka eta Berriobeitiko mirakulua
Berriobeitiko eliza. Arg: Patxi Txokarro

Eraikin bat, XII edo XIII. mendeko eliza, zaharberritu behar zen, ondoan kasik lurrarekin berdindutako apaizaren etxe zaharra eta baratzea zeuzkana. Eliza hori Arte Erromaniko berantiarraren harribitxi bat da, zinez, eta merezi du ikustea. Kanpotik, absidearen kanpoko aldean duen zaldun tenplarioen gurutzeak iragan misteriotsu batera garamatza, baina bitxiena da, dudarik gabe, Done Mikel arka-aingeruaren irudia, harrigarria zinez, atariaren arkiboltei eusten dien zutabe baten kapitel batean zizelkatua, arka-aingeruak eskuak burura eramanda gurutzeari eusten diola. Elizaren barruan, erretaula nagusia, eta eskuineko kapera batean, Nafarroako patroia den Done Frantziskoren eskultura eder-eder bat, Jose Ulibarrena zenak egina eta Berriobeitiko herriari dohaintzan emana, argi eta garbi adieraziz opari herriari emana zela, eta ez Eliza Katolikoari, bertako auzokidea izan baitzen artista handia, errepide ondoko Napartxo etxean bizi zelarik. Kaperaren eta aldarearen artean jarrita, bataio harriak baditu oraindik jatorrizko polikromatuaren arrasto zenbait, baina arraroena da oinarria buruz behera jarrita dagoela; elizaren atzeko aldetik aldare ondora aldatu zutenean horrela jarrita, agian?

Amaitzeko, elizaren beirate bakarra, Done Isidrorena, berria eta ez bereziki aipagarria.

Zaharberritzeko lan ederra egin zen eta obren kostua –ez apala– ordaintzeko tenorean Kontzejuak erdia ordaindu zuen, Berriobeitiko herritarrek laurden bat eta Eliza Katolikoak beste laurden bat.

Eliza Katolikoa eta miraria sarritan datoz batera, eta Berriobeitin ere mirakulu bat gertatu zen: obrak bukatutakoan Eliza Katolikoak bere izenean jarri zuen eta beretzat hartu zuen osoa, soilik laurden bat jarri arren; egia aitortzeko, Eliza Katolikoak eraikinaren ondoko apaizaren etxea eta baratzea saldu zituen eta diru horrekin ordaindu zuen bere laurdena, aparteko dirurik jarri gabe. Negozio biribila, mundiala esango genuke gaur egun; eskerrak Jainkoaren erreinua ez zela mundu honetakoa.

Garai hartan Iruñeko apezpiku Fernando Sebastian zegoen agintari, Calatayud-ekoa berau, eta isil-isilpean egin zuen operazioa artzain aragoiarrak, Berriobeitiko bere ardiei galdetu gabe; gero bai, gero berriz galde egin zien herritarrei Berriobeitiko elizaren berberaren zaharberritze lanak zirela zio, Eliza Katolikoari diruz –berriz ere– laguntzeko. Eta diotenez, herriko batzuek dirua jarri zuten; are, igandeko mezetan dirua ematen jarraitzen dute oraino. Hori mirakulu bat ez bada, betor Jainkoa eta ikus beza.

Ez dut uste Eliza Katolikoak inoiz azalpenik emango duenik, hau kasu bat baino ez baita, eta badira beste hamaika adibide. Esan zituenak eta egin zituenak kontuan hartuta, Fernando Sebastian, Mateo Txistu eta Francisco de Ganuzarekin batera irudikatzen dut nik, hirurak eternitate osorako alderrai.

Mateo txistuka eta Berriobeitiko mirakulua Mateo txistuka eta Berriobeitiko mirakulua Mateo txistuka eta Berriobeitiko mirakulua

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude