Marikoi zikina

Marikoi zikina –

Ekainaren 28a, LGTBI harrotasun eguna. Euskal Herriko eta baita mundu zabaleko hiri eta herri ezberdinetan mobilizazio ugari egon ziren, oraindik orain kolektibo zapaldu gisa dagozkigunak aldarrikatzeko.

Marikoi zikina

Halako egunen aurrean, urtero debate berdinak sortzen dira: Noizko heteroen eguna? Noizko gizonezkoen eguna? Erantzuna erreza da: gizon heterosexualaren eguna egunero da. Gizon heterosexualaren eguna urteko egun guztietan ospatzen da, baita Martxoak 8 edo Ekainaren 28an ere. Mundua gizon heterosexualena delako. Espazio guztiak gizon heterosexualarenak direlako. Baita espazio askeenak ere.

Heterosexualitateak gure bizitzak zeharkatzen ditu, goitik behera eta ezker eskuin. Gure erreferenteak heterosexualak dira, gure familiak heterosexualak, gure lagunak heterosexualak, gure desioak ere heterosexualak dira. Heterosexuala norma da, erakarpen hutsetik harago, eta normatik ateratzen den guztia arraro.

Eta gu arraroak gara, mundu normalegi batean arraro. Arauaren disidente, normaltasunaren etsai. Marikoi zikinak hain zuzen ere. Marikoi zikinak kalean jipoitzen gaituztenean, marikoi zikinak maitasuna adieraztea galarazten diogunean gure buruari, marikoi zikinak lanera joatean, marikoi zikinak osasun sistemaren aurrean, marikoi zikinak, estatu, oligarkia eta botere faktikoen aurrean.

Herri txikietan jaio izan garen marikoi zikinok, gure burua behartua ikusi dugu sexiliora edo etengabeko erresistentzia egoera batetara. Etengabeko ezkutatze-azaleratze batetara, txutxu-mutxuetara…

Gure buruari ez diogu onartu garena eta sentitzen duguna adierazten, gaitzespenaren beldur, esango dutenaren, pentsatuko dutenaren, beldur. Horrek gizon maskulino eraiki gaitu eta maskulinotasun horrek etengabean armairutik ateratzera behartu. Gune berri batera, jende berri batengana irekitzen garen bakoitzean gure burua azaltzera behartuak, gure neska-laguna nor den, non dagoen, galdera erantzutera behartuak. Etengabeko azalpen emate batean, nekagarri, itogarri egiten zaigun azalpen zurrunbiloan.

Gauzak aldatu behar direla aitortu beharko dugu; gure gazte garaian, eta hori ez da orain dela hainbeste, gay, lesbiana, transexual, bisexual,  gutxiago ikusten ziren kaleetatik, gaur egun ageriagoak gara, baita herri txikietan ere. Ez da gehiago garela, erosoago, errazago egiten zaigula baino. Eta erraztasun hori, gure aurrekoei eskertu beharrean gaude, euren burua publiko eta erreferente bihurtu izan diren horiei eta baita komunikabide handietan, telesailetan, liburuetan pertsonai LGTBIak sartu dituzten sortzaile guztiei ere.

Publifikatze horretan ordea, disidentzia puntua galdu da eta gaur egun zabalduak dira LGTBI friendly diren diskurtsoak. Mundu guztia bisexuala dela diotenak edo euren burua praktika bisexualik gabe ere, bisexualtzat dutenak. Pertsonekiko erakargarritasuna aldarrikatzen dutenak eta ez sexu edo generoekiko erakargarritasuna, baina azken finean beti beste generoaz maitemintzen diren horiek…

Sistemaren manporreroek ere hartu dute koloreetako aldarria eta euren marka komertzial, euren ekitaldi publiko, euren diskurtsoetan ortzadarraren banderita sartzen digute, nazkaraino.

Praktikan ordea, lan baldintza eskasenak bizi ditugunak gara, etxetik kaleratuak garenak, kalean jipoituak… Mainstring bihurtze horrek ez gaitu begiradetatik, komentarioetatik, irainetatik libratu. Ez dute ezer aldatu, ez hobera behintzat.

Guk marikoi zikinak izaten jarraitzen dugu. Euren priden aurrean, gure harrotasuna aldarrikatu behar dugu, euren friendlyren aurrean geure lagunen minak, euren mainstringaren aurrean, gure zapalkuntzen egunerokoa.

Marikoi, bollera, trabelo, marimutil, deprabatuen munduan bizi nahi dugu. Norma askatasuna eta harrotasuna izango den horretan. Eta heteronormatibitate biolentoa, desagertuko den munduan bizi.

Marikoi zikina Marikoi zikina

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.

Zer duzu buruan “Marikoi zikina”-ri buruz

  • Gizarteak normatiboa behar du izan. Nola da posible normatiboa ez den gizartea? Askatasun indibiduala eta gizartea alderantziz proportzionalak dira. Eta horretan goaz: indibidualismoa, norebere bizitza betetzeko kontsumismoa, hedonismoa… Gizartea ez da posible.