Kuartel berririk ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuz

Kuartel berririk ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuz –

Donostialdea oso leku aproposa da bizitzeko. Negu eta uda epelak, itsasoaren ertzean, mendiak hurbil, ur edangarria urte sasoi guztietan…


Historikoki eta aspaldi-aspalditik, Gipuzkoako Beterri eskualdeko lurralde gehienak, lur komunalak izan ziren. XX. mende arte “Zilegi mendiak” izenaz ezagutzen ziren lur eremuek jatorrizko antolaketa kolektiboaren zantzuak erakusten digute. Beterritarrek, Euskal Herriko gainontzeko bizilagunek bezala, zorrotz eutsi nahi izan zioten eredu kolektiboari. Baina garai horretan ere gaur egungo praktika espekulatzaileen aurrekariak topa daitezke.

Kuartel berririk ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuzSistema juridiko bat irauli egiteko, sarritan, tamalez, bortxa erabili ohi da, eta horrela gertatu da lurralde hauetan. Errege, jauntxo, soldadu eta enperadoreak gurera hurbildu zirelarik, menpean hartu nahi izan zituzten zelai, ibai, erreka, errotak, portu eta basoak. Leku estrategiko tentagarria izanik, Donostiak patu gaizto bat pairatu zuen mendetan, gotorleku izaera, alegia.

Gotorleku izateak menpeko egoera ekarri zion Donostiari eta gerra guztien jo-puntu bilakatu zen. Triskantzarik ezagunena balizko aliatuek sortutako 1813ko sutea izan zen, hiria birrindu eta behin betiko mapatik ezabatuta geratzeko zorian utzi zuena.

Donostiarrek, aldiz, patuari aurre eginez, zoriaren norabidea lanaz eta kemenaz aldatzen dela jakitun, behin eta berriz hiria berreraikitzeari ekin zioten, euren berezko izaera langile, kaxkarina eta alaiari eutsiz. Ideia horri tinko helduz, harresia eraistea erabaki zuen udalak, behin betiko gotorleku izaerari uko eginez.

Zoritxarrez, beste gerra batzuk ere etorri ziren, eta gerra karlisten ondorioz sortutako krisi ekonomikoan jauntxoen esku geratu ziren lur komunalak. Gauzak horrela, 1926an Espainiako Armadak orube bat erosi zuen Urumearen ertzeko Loiolan “Zilegi mendien” pribatizazioaren ondoren partikular baten esku geratu zen eremu horietako batean, eta Flandesen jarritako “pika” bailitzan, “Tercio Viejo de Sicilia” kokatu zen bertan.

Militarrak Loiolan kokatu baino 5 urte lehenago Donostiak armadari erosi behar izan zion Urgull mendia, eta denboran atzerago eginez, Alderdi Eder herritarrek erabili zezaten beste diru kopuru handi bat ordaintzeaz gain, Ondarretan tiro eremua eraikitzen utzi zion udalak armadari. Udalak hondartza berreskuratu nahi izan zuenean, Miramoneko lurrak oparitu behar izan zizkien militarrei (XX. mende amaieran Goikoa Jauregiaren jabetza udalera pasatzeko operazioaren barne birkalifikazio baten bidez espekulatzeko erabili zirenak). Hau da, eraikuntza militarrak erdigunetik atera eta lurrak erabilpen zibiletara bideratzeko, ibilbide malkartsuan, Garai hartako Gerra Ministerioari etengabeko diru ordainketa eta lur truke dinamikan sartu behar izan zen udala.

Aurki Loiolan eraikitako kuartel horrek erakutsi zuen bere xedea, 1936an Franco eta Molaren Estatu-kolpearen alde lerrotu baitzen. Donostiar zibilek Amaran barrikadak altxatuz eta kuartela inguratzen lortu zuten Loiolako soldaduek amore ematea. Larrutik ordainduko zuten donostiarrek askatasunaren alde borrokatu izana, frankistek hirian sartzean sekulako sarraskia egin zuten eta. Hala eta guztiz ere, sasi guztien gainetik, Donostiak eutsi dio desmilitarizazio prozesuari: Mola Generala ospitalea gaur egungo epaitegia bihurtu, Gobernu Militarra zeneko eraikina udal bulegoak hartu dituen Goikoa jauregia… poliki-poliki eremu eta eraikuntza militarrak desagertzen ari dira gure herritik, eta orain 2021an, Loiolako Kuartelari iritsi zaio txanda.

Aditzera eman denez, Loiolako kuarteleko lurrak Udalaren eskuetara pasako dira. Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak batzorde tekniko bat eratu dute, eta bere egitekoa izango da “akuartelamenduen lursailen hirigintza-aprobetxamendu posibleen balorazio zehatza egitea”, baita “eremu horretako etorkizuneko hirigintza-plangintzari lotutako gaiak aztertzea” ere. Hau da, militarrek jasoko duten dirutza eremu horren erabilera urbanistikoen arabera erabakiko da. Eta bestalde, Defentsa Ministerioak adierazi du Urumearen beste aldean, 150 metrotara, kuartel berri bat eraiki nahiko lukeela.

Jakin badakigu kuartela kentzeko eskaera aspalditik zetorrela, eta Hipikako aukera beti hor egon den arren, armadak etengabeko oztopoak jarri ditu azkeneko 30 urte hauetan, beste aitzakien artean, diru gehiago eskuratzeko mugimendu espekulatibo berri bat egin nahi zuelako. Kuartela behin betiko desagertzea oso berri ona delarik, ezin dugu onartu, ordea, berriz ere, Udalak armadari dirua ematea. Eten dezagun katea. Historian zehar gehiegi luzatu den desmilitarizazio prozesuan aipatutako lur eta eraikuntza horiek guztiak zibilontzat berreskuratzeko sobera ordaindu da. Ez gaude inongo armadarekin zorretan eta oraingoan ez genuke sosik ere ordaindu behar militarrek Loiolako eremua uzteagatik.

Gehiago esango genuke, bada garaia Donostia eraikin militarrik gabeko lurralde desmilitarizatu gisa aldarrikatzeko, eta eraikuntza zein eremu militar guztiak esku zibil eta publikoetara pasatzeko, Hipika bera eta Lore Toki tartean. Gure aurretik hemen bizi izan diren donostiarren oroimenez, hainbeste gerra eta ezbehar pairatu dituztenak omenduz, herri langile eta alaia xede zuten gure arbasoak gogoratuz, intsumisoek zabaldu zuten bideari helduz, eta batik bat gure ondorengoei etorkizun duina eta bideragarria utzi nahi diegulako, Donostia desmilitarizatu behar da, ofizialki eta erabat.

Donostia izan dadila munduak behar duen desmilitarizazio prozesurako aurrekari bat, gerrak gaitzetsi egingo dituena; gatazken konponbide baketsua bultzatuko duena; armagintza uxatuko duena, gerren ondorioz erbesteratuentzat Harrera Herria izango dena…Kuartel zaharrik ez; kuartel berririk ez; ez hemen, ezta inon ere. Donostia desmilitariza dezagun; Euskal Herria desmilitariza dezagun, mundua desmilitarizatzera goaz.
 
*Artikulua Ana Gorostidik, Bernard Lopez Urangak, Iñaki Otamendik ere sinatua
Kuartel Berririk EZ, herri ekimeneko kideak

Kuartel berririk ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuz

Donostiarra Pasaiaratua.

35 pentsamendu “Kuartel berririk ez, Donostia eta mundua desmilitarizatuz”-ri buruz

  • Gauza bat da Donostia desmilitarizatzea eta bestea mundua desmilitarizatzea. Eta gauza bat gogoraraziko nizuke: zure eta zure umeen bizimodu maila militarizazioari esker sostengatuta dago.

  • Bai, baina aldatu beharko dira sistema zaharkitu hauek ba, pixkanaka bada ere… militarizazio sistemak, aberats pobre sistema sostengatzen duen ejertzito gerra sistematiko konfrontazio moral espiral puta hau… gure lorratza…

  • Galdera bat, Patxi:
    Balizko Euskal Herri independente bat ejerzitorik gabe posible ikusten al duzu?

  • Kaixo Xen, noski, Euskal Herria Estatu independiente gisa ejerzitorik gabe ikusten dut, Catalunyako mugimendu independentistak ere horrela adierazi du.

  • Bada…Aratza…alde ederra atera digute kataluniarrek.

  • Ederki. Segi dezagun ametsetan.

  • patxi azparren 2021-07-12 22:30

    Xen, beste batzuek berriz jarraitzen dugu ekintzetan.

  • Kaixo Patxi.
    Demagun ejerzitorik gabeko estatu horretan estatu islamikoak kalifato bat eraikitzea erabakitzen duela armak erabiliz. Zer egingo genuke?

  • Berdina galdetu behar nuen Iker.

  • Euskal Herriarentzat Suitzar eredutik hurbil legokeen eredu bat aski da. Agian AEBetako 2garren emendakinaren eredu oso mugatu eta Suitzar armadaren ereduaren bitarteko zerbait, herrialdearen biztanleria ez baita ejerzitu profesional handi bat mantentzeko haina.
    Dena den, ez gintezke herrialde isolatu bat izango eta independentzia lortzekotan, egun Ertzaintzak egiten duen legez, beste gobernu eta administrazioekin lankidetza bultzatuko liteke eskualdearen segurtasuna bermatze aldera. Zuen galderak, noski, errealistagoa den galdera batera garamatza, polizia ereduarenera. Baina ez dut eztabaida ildoa desbideratu nahi.

  • patxi azparren 2021-07-13 10:51

    Estatu neutrala eta ejerzitorik gabekoa, bideragarritasuna hortik doa. Bestalde NBEren erabateko moldaketa beharrezkoa da nazioarteko bake eragolea izan dadin.

  • Kaixo Patxi.
    Estatu islamikoari edo beste askori berdin zaie neutrala edo zer zaren, bost axola.
    NBEak bake eragoleak izatearena ez dut ulertu. Ejerzito zentral batekin? Ez dakit zer esan nahi duzun horrekin.

  • Suitzarekin erkatzearen adibidea ulertu ahal duenak ulertuko du. Besteek asko duzue irakurtzeko eta ikasteko oraindik.
    Aratza, kontua da Suitza ez dagoela Kaukasoan edo Errusiarekin muga egiten, Euskal Herria ez dagoen bezalaxe. Tontakeria galanta zuk esan duzuna da, batez ere. Utzi politika-fikzioa egiteari eta jaitsi errealitatera.
    Azaldu euskaldun akonplejatuaren teoria hori arren, gauzak baieztatzen maisua zara, baina ea argudiatzen ere maisutasun berbera erakusten duzun.

  • Alpargatero 2021-07-13 11:35

    Hala ere, Suitza neutrala izango da, baina ejerzitorik ez duela esatea…. Nik dakidala, herritar guztiak derrigortuta daude soldaduska egitera eta etxean armaren bat prest edukitzera. Oker al nago?

  • Hala da, Alpargatero. Gizonezko guztiak daude soldaduska egitera derrigortuak, emakumezkoen kasuan aukerazkoa izanik. Soldaduskatik pasa eta erreserban geratzen direnek etxean haien ekipo militarra mantentzeko betebeharra daukate, fusila barne. 20 eta 32 urte arteko Suitzarren erdia da hori gaur egun.

  • Nik uste dut balizko EH independent batek baitezpada ukan behar lukeela armada, batik bat inguruan dituelarik Frantzia eta Espainia sasikume zulo bi horiek.

  • Hain justu Zuan, hori da zorionez askatu den korapiloa. Armarik gabeko prozesu baten bidez eskura dezakegu independentzia eta armarik gabe eutsi ahal zango diogu.

  • Guztiz utopikoa iruditzen zait. Ez dago munduan ejerzitorik ez duen herrialderik eta ez da egongo. Gehiago esango nuke errekonoziturik eta indar okupatzaile edo potentzien menpe dauden nazioek zerbait baldin badute, ejerzito edo armada bat da.

  • patxi azparren 2021-07-13 20:31

    Aitor, Estatuetan ejerzitorik ez duen bakarra Costa Rica da eta ez dago testu-inguru erraz batean. Ejerzitorik gabeko Estatu bakarra dago, ejerzitorik gabeko herri eta nazio asko daude. Desmilitarizazio ez da utopia premia baizik, gure espeziaren premia eta herri zapalduen etorkizuna berma dezakeen prozesuetako bat. Euskal Errepublikaren independentzia armada batek berma dezakeela sinestea da benetako utopia.

  • Ez nator bat zure analisiarekin Patxi. Herri zapalduak existitzen badira defendatzen direlako da, joan zaitez bestela Saharara, Armeniara, Palestinara… Beren herrikideak defendatzen dituzte edo akabo, eta hori zapalduek oso argi dute, ez gaude polbora inbentatzen. Euskal herria independientea balitz armada bat beharko luke, noski baietz, herri batek biziratueko beste instrumentu bat besterik ez delako diplomazia, ekonomia…-rekin batera.

  • patxi azparren 2021-07-13 22:14

    Aratz mundu idilikorik ez dago: Beti gatazkak egongo dira, baina gatazkak modu batez edo bestez bidera daitezke. Gatazkak modu baketsuan bidera daitezkeela pentsatzen eta aritzen dutenekin batera lan egin nahi dut. Zorionez sektore berriak hurbildu dira pentsakera eta jardun horretara. Bestalde, ez dizut onartuko inondik inora “ixilik egoteko” ematen duzun aholku-agindua. Auzolotsa baino askoz larriagoa da, esaterako, Aperribay arma trafinkantea erakunde guztien buruen adiskide ikustea

  • patxi azparren 2021-07-13 22:17

    Aitor, Polisarioa armak berriz hartzera behartu nahi duena Maroko da. Bestalde, militante palestinar asko ekarri zan ditugu hitzaldiak ematera eta askotan aitortu dute erresitentzia eraginkorrena zein zabalduena emakumeen erresistentzia ezbortitza dela.

  • Oraindik ez dut jaso estatu islamikoaren ustezko erosoaren aurka zer egin genezakeenari buruzko erantzunik.
    Bestetik sahararrak ejerzitorik gabe ez dira egon inungo momentutan.
    Eta bai, ahal den einean biolentziarik gabe konpondu behar dira gauzak. Baina erantzun bakarra erresistentzia ez biolentoa bada, di da batean zanpatuko zaituzte.

  • Bai ekintzetan jarraitu, Patxi eta aunitz urtez, zeren zalantzarik ez izan urte askotarako izango duzuela deus guti lortu gabe. Agian, ejerzitorik gabeko herrialdea nahi duzunez gero, unikornioak entrenatzen hasi zaitezke gure bizilagun frantziar eta espainiarrengandik babesteko.

  • patxi azparren 2021-07-14 09:54

    Estatu islamikoaren ekintza bortitzenak musulmamen aurka egin dituzte. Herri musulmanetan bizi diren pertsona gehienek bake pemia dute. Horiekin landu behar da. Eta, bestade, erantzun dizuet NBEren erabateko aldaketa behar da bakearen aldeko benetako eragile izan dadin. Hortik dator bideragarritasuna.
    Donostiako udalean aurkeztu genuen mozioak hamaika bat herri-talderen babesaz egin zen, gehiengo sindikalarena eta ezkerreko alderdiena. NATOren alde bozkatu zutenek (PNV, PP, PSOE) kontra bozkatu zuten zuetariko batzuk erabili zituzten antzeko argudioak erabiliz.

  • Batetik, estatu islamikoarena adibide bat besterik ez da, narko armatu edo gerrilla komunista bat izan daitekeen bezela. Gehienbat musulmanak hiltzen dituztenarekin zer esan nahi duzu, hemen musulmanak gutxiengo direnez bakean utziko gaituztela? Argudio xelebre xamarra, Al Andalusarekin etengabe amets egiten dute eta, (bestela ere edozein aitzaki asmatuko lukete).
    Eta berriz diot, NBEk nola defendatuko gintuzketenari buruz ez diozu ezer, moralki babestuz? Isunen bidez? Beraien armada propioarekin?
    Azkenik, Donostiako udaleko alderdi batzuek neure argudioen antzekoak erabiltzeak neure argudioak baliogabetzen al ditu?
    Neuk ere ejerzitorik gabe bizi nahi nuke, baina….

  • patxi azparren 2021-07-14 19:43

    Iker, adibidea ez duzu ulertu nahi izan. Estatu islamikoa egun batik bat musulmanentzat arriskutsua da eta horrela denez, dirudienez guru tamalez ez zaigu inporta. “si vis pacem, para bellum” estrategiak 2.000 ulereko ibilbide odoltsua du; “bakea nahi baduk bakegile izan hadi” leloari heltzeko garaia da.
    Bestalde, talde islamikoek eta beste talde askok erabiltzen dituzten armak AEBn, Europan eta Euskal Herrian egiten dira. Armagintzari uko egitea eman beharreko beste urrats bat da, NBE errotik aldatzea , beste bat, arma nuklear guztien suntsiketa , beste bat. Nahi duzunaren alde borrokatu behar da, eta IKer zeuk diozun moduan ejerzitorik gabeko mundua nahi baduzu, horren alde zure ekarpena egitea badago.

  • Patxi ni ere egon nahiz frente polisarioaren ordezkari baten hitzaldi batean eta beraiek bakea nahi badute ere bere existentzia ukatzen duen Marokoren aurrean desmilitarizazio bezalako hitzak ez daude bere hiztegian.
    Siriar ejerzituarengatik ez balitz estatu islamikoak Siria eta Iraken kristauen desagerpen totala lortuko luke.

  • Ba nik Euskal Herri independentean ejerzito txiki eta profesional bat nahi dut eta batez ere arma nuklear hoberenak (hidrogeno bonbak). Horrez gain, AEBekin, Israelek duen bezalako erlazioa nahi dut Euskal Herriarentzat azken teknologia militarra erosteko aukera izan dezagun. Ejerzitoak ez du kostu asko izan beharrik, batez ere ejerzito disuasorioa nahi dudalako. Euskal Herri horrek bideragarritasuna izango luke.

  • Hemen arazoa Laratza, aukeratu behar dela da.
    Zer nahi dugu: zuk hobesten duzun Euskal Herri bideragarri (baina antipatikoa hortzak erakusten dakielako eta hori ez dago ongi ikusita gurean), edo Patxik defendatzen duen Euskal Herri txatxiguai, ejerzitorik gabea, feminista beganoa eta arras rolloonekoa (baina erabat imajinarioa)?

  • Patxik dioenez, Donostiako udalean Loiolako kuartelaren aurkako mozioa onartu zuten eta gero dirudienez, munduko armen aurka etab ere bai. Eta ez dakit, baina NBE berritzearen alde eta horrelako gauzak ere bai. Loiolako kuartelaren aurkako mozioa ulergarria da baina nik ulertzen ez dudan gauza bat da, ea udalak zergatik hasten diren munduko gauzetan, NBE dela, NATO dela etab. Gaur egungo udaletxeak jasanezinak dira, soldata onak jartzen dizkiote euren buruari, ez dakit zenbat teknikari, sail, bulego etab. NBE txiki bat sortzen dute eta gero txiringito hori justifikatu beharra dagoenez mundua epaitzen hasten dira inori axola balio bezala. Jakin nahi nuke horrelako mozio batekin hartuko dituzten lanak: txostena, kontratxostena, batzordea bildu beharra, alegazioak, zirriborroak… hilabeteak ziurrenik, NBE berritu beharra dagoela esateko. Handikerietan jolasten. Xen Pelar, lasai egon. Mota honetako jendeak eguzkiak gehien berotzen duen aldera jotzen du eta beti. Hauen militantzia ezer gutxiren truke eros daiteke.

  • patxi azparren 2021-07-16 13:30

    Siria eta Israel goraipatzen uff …bai lan handia dugu aurretik antimiltitaristok Euskal Herrian.
    Bestalde, Laratza, irakurri ondo faborez. Mozioa atzera bota zuten PNVek; PSOEk eta PPk, NATOren alde bozka bultzatu zutenek.

  • Nik nahi dudana 2021-07-16 18:15

    Nik nahi dudana Euskal Herriak ahalik eta ejerzitorik handiena izatea da. Soilik horrek ekarriko digu askatasuna eta bakea.

  • Aupa Patxi! utopia izan arren, zurekin nago.
    Aurkako iritzietaz.. auzolotsa besterik ezin dut sentitu.
    Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude