Patxi Lopez: igarle gezurtia

Patxi Lopez: igarle gezurtia

Patxi Lopezek urriaren 21 gauean edukiko duen kopeta ikusteko modukoa izango da. Ez da izango ez El Bueno, ez El Feo ezta El Malo ere. El Perdedor izango da, galtzailea. Bera galtzailea, eta ez galtzekoa bere aurpegia. Legealdi hasieran PPrekin hitzartutako akordioarekin gertatu bezala, bere hitzen zamarekin batera urperatuko da Lopez. Enparauetatik kanpo, inork ez dio itotzen ari denaren burbuiletako hitzei kasurik egingo. Ez du izango bere porrota ezkutatzeko nahikoa errauts. Ez du hainbeste galduko boto galeragatik, baizik eta urriko hauteskundeen balizko irabazlearen papera hartu duelako.

Guztiok dakigu Lopez biluzik dagoela, antza, hark izan ezik. Bere laguntxoek behin eta berriz esango diote zein dotereak diren bere urrezko arropak. Horren ondorio izan zitekeen asmatu duen ameskeria: “Irabazteko aurkezten naiz”. Irudikatzen duzue Phillippe Montanier Errealeko entrenatzailea “Liga irabaztera nator” esaten? Nor engainatu nahi duzu? Marketing politikoaren arauetako bat da zure burua irabazle paperean jartzea… horretarako aukera ñimiñoena baduzu; ez da Lopezen kasua. Iñigo Urkullurekin eskatu du buruz buruko elkarrizketa, hauteskundeak bien arteko lehia balira bezala, errealitateak badio ere Laura Mintegiren zapatak ere ikusiko ez dituela. Gauza bat itxurakeria da, bestea esaten duzuna ere ez sinistea. Aukera bat da Lopezek ispilu deformatuak izatea, baina nago ni egoak jan duela, edo ezer ez zaiola axola. “B” plana baduela.

Lopez berera, edo urpera. Madrilek flotagailua botako diola jakitun, Bizkaiko golkoko itsasotara egin du dzanga. Kapitain Alfredo Perez Rubalcabak salbamendurako itsasontziaren  motoreak piztuta ditu dagoeneko, hori gezurtatzen saiatu arren. Rubalcabari egin berri dioten elkarrizketan “konstituzionalisten porrotaz” galdetu diote. “Ikusi beharko da zer gertatuko den hauteskundeetan” erantzun zuen apal R-k. Maltzurkerien aztia zer gertatuko zain badago “porrota” onartzeko, Lopezi atzetik labankada ez sartzeko izango da. Esku atzean ez du aiztoa, esan bezala, flotagailua baizik.

Galtzea ezin onartu behar horrek adorea eman dio nonbait Lopezi. Galdetu zioten ea Bilduk irabaziko zituen hauteskundeak. Hark, enbidoari ordagoa itzuli zion: “Bilduk ez du irabaziko eta ez da bigarren indarra ere izango”. Ezpainetan du kemena Lopezek, hemerotekak ez balira existitzen bezala; zuhur ibiltzea baino, oldartsu. Gaztelaniaz de perdidos al río esan ohi da behin galdu duzula dakizunean atzera egin ordez galbiderako abiadura areagotzen duzunean.

Auskalo! agian yuppien munduan bizi da. Oraindik uste du hauteskundeak irabaziko dituela, EAJ izango duela atzean eta hirugarren Mintegi. Ispilura begira lirain sentitzen denean sinistu dezake hori. Apalki iPod-az gozatzen ari denean ezker subiranistari oholtzatik begira ikus dezake bere burua. Bata ala bestea izan, edo bietako bat ere ez, alienatuta dago Lopez, boterearen lurrin pozointsuak bereganatuta. Ezin du sinistu euskal gizarteak bizkarra emango diola. Bere arimako zirrikituren batean oraindik uste du irabazle izango dela, herritarrak gai izango direla bere lan aparta behar bezala baloratzeko. Gauza bat da argia: urriaren 21ean 22:30etan izango duen kopeta iluna amesgaiztoetan giltzaperatu nahiean dabil.

Patxi Lopez: igarle gezurtia

Zer duzu buruan “Patxi Lopez: igarle gezurtia”-ri buruz

  • “De perdidos al rio” esaera espainiarrak euskaraz badu ordainik: “mandoa sal eta astoa eros”.