EH Bilduk lehentasuna eman nahi omen dio euskarari

EH Bilduk lehentasuna eman nahi omen dio euskarari

Berriatik, Aitziber Laskibar Lizarribar:

EH Bildu hizkuntza politika berria egitera dator, euskara euskal herritarron hizkuntza normalizatua izan dadin”. Hala dio koalizioak Herria da gorputza, hizkuntza bihotza leloarekin hizkuntz politikarako proposatu duen programan. Euskararen normalizazioa bermatzeko proposamen zehatzak egin ditu. “Euskal Herriko herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izatea” du normalizaziotzat.
Euskaldunen nazio hizkuntza eta nortasun ikur nagusi gisa du euskara. «Aurrera ez egitea atzera egitea» dela sinetsita dago, eta egoerak eskatu egiten duela aurrera uste osoz egitea.

Unescoren arabera %33tik beherako erabilera duten hizkuntzek galtzeko arriskua dutela gogorarazi du; euskararenak %13an jo duela goia, eta gaurko gazteek duela hogei urtekoek baino gutxiago erabiltzen dutela. Koalizioaren ustez, horren arrazoietako batzuk dira euskara ez dagoela normalizatua, ezin dela eremu guztietan erabili, eta gazteek erdara errazago erabiltzen dutela euskara baino.”

19 proposamen zehatz luzatu omen ditu EH Bilduk egungo gainbeherari aurre egiteko, eta Berriak horietako batzuk aurreratu ditu, itxura onekoak guztiak.
Testu osoa esku artean ez dudalarik, egingo ditudan oharretako batzuk soberan egon litezke, proposamenen artean jasota, baina badaezpada ere, horratx:

Euskara Herritar guztion lehentasunezko hizkuntza izango bada, proposamena egin, sinatu edota onartu dutenek eredu eman beharko dute/lukete.

Gazteek ezingo dute eurek bakarrik egoera iraularazi, baina sikiera euren arteko erabilera maila igo dadin nahi badugu, neurri batzuk hartu beharko genituzke, adibidez:

  1. Gazteei atzamarrez seinalatzeari utzi. Helduok baino euskara gehiago egiten dute.
  2. Telebistan erdarazko 40 kate eta euskarazko bakarra (eta zeharo kaskartua) badituzte, hedabide idatziak berdintsu, irratiak ere bai, interneten zer esanik ez… Euskaraz egiten duten gazteei omenaldi bana egin beharko genieke, edo opor ordainduak opari, eta euskaraz egiten ez dutenei, baldintza negargarri horiek baino dezente hobeak eskaini.
  3. Gazteen erreferentzia ere badiren liderrek, euskarari lehentasuna eman beharko liokete, horrela ez bada, zertan ari gara?
  4. Gazteek euskaraz egin dezaten nahi badugu, zergatik nahi dugun azaldu beharko diegu lehenik, egoera honetara zergatik heldu garen, eta batez ere, serioak garela erakutsi beharko diegu, bestela laster serbokroata mintzatzeari ekingo diote, gure aurrean behinik behin.

Helduoi begirako neurriak hartu beharko lirateke premiaz, gazte eta haurrei zuzendutakoekin batera. Horietako bat izan daiteke, hedabideen aurrean beti euskaraz egitearena, horrela lanpostuak sortuko lirateke, hedabide unionistak euren onetik atera (ez-unionistaren bat edo beste ere bai), eta batez ere gazteak erdi serioak garela pentsatzen hasiko lirateke.

 Jarraituko du…

EH Bilduk lehentasuna eman nahi omen dio euskarari

15 pentsamendu “EH Bilduk lehentasuna eman nahi omen dio euskarari”-ri buruz

  • Beren lider ohiak ezik. Itxulpena itxaron beharko

  • Bittor Hidalgo - Donostia 2012-09-19 19:21

    Hala moduzko proposamenekt, egia da askoz itxura hobea dutela ‘Batasunako-edo’ ezker abertzaleak isuri ohi dituen lantu apokaliptiko etengabeak baino. Oraindik ez det Berriakoa irakurtzeko ere betarik izan, baina esperantza piztu dit zure artikuluak, Itzain, eta EH Bilduren dokumentu osoa lehenbailehen eskuratu eta aztertzeko gogoa ere.

    Ea ilusioz ekiten diogun denon artean etapa berri hontan aurrean dugun eginbehar ezin itzelagoari.

    Bejoandeigula!

  • Bittor Hidalgo - Donostia 2012-09-20 00:45

    Baina Itzain, Berriako artikuluan etzetorrek hik goian aipatutako lehen partea baino, eta neri bereziki gustatu zaidan bigarrena huen, GAZTEena-eta. Baina hori hirea dek, nunbait. Ez dokumentukoa. Eta orain bildur nauk delako dokumentuan ez dela horrelako ezer aipatuko. Ikusiko diau.

  • Berriak aurreratutako horiek ildo orokorrak iruditzen zaizkit niri, ez hainbeste neurri zehatzak (“multzo nagusiak” dio egunkariak). Eta Itzainek hitz-lauz jarri ditu batzuk, batik bat gazteei begirakoak.

    Ni ere esperantzatsu. Ikusiko dugu ea behingoan adarretatik heltzen zaion batzuetan tabutzat hartzen den gai honi.

  • Adarretatik heltzen dioten edo ez, “ezpataburuen” jokabideari erreparatuta ikusiko dugu aurki. Paperak edozerri eusten dio, baina lehentasuna zeini ematen zaion egunerokoan ikusten da argi eta garbi. Ehunka elkarrizketa izango dituzte datozen asteetan hautagai guztiek. Hortxe dute aukera paregabea egiaz ari direla erakusteko, eta ez euria saltzen.
    Bidenabar, herrialdeetako EHBilduren zerrendei errepasoa eman diot, eta iruditzen zait horietan agertzen direnetako batzuei proposamen horien berri eman beharko dietela, edo argi egin beharko dietela, beste era batera esanda.

  • Ezker abertzaleak izendatutako hautagai guztiak euskaldunak direla uste dut. Baina nik dakidala, beste alderdiek izendatutakoen artean badago erdaldunen bat.

    • Ez da exigentzia maila bera eduki behar EHBildurekin eta PPrekin euskararen kontuetan. Bestela, begira hau: “EHBildun ez dira denak sozialistak, baina tira, PPn ere askorik ez daude” Zer iruditzen zaizu? Ba niri aitzakia petrala iruditzen zait EHBilduri exigitu behar zaiona ez exigitzeko.

      Bestalde, nik uste dut probetxuzkoagoa dela besteek zer egiten duten begira egon beharrean, gureek gaizki zer egiten duten aztertzea eta hori aldatzen saiatzea.

  • PPren zerrendan egongo da euskaldunen bat edo beste. PSErenean ere bai, gutxi batzuk. EAJrenean asko izan ohi dira, baina euskarari lehentasuna ematen dionik, nekez.
    Eta EHBildurenean guztiak euskaldunak badira, txapeau, baina orain euskarari lehentasuna ematea da hurrengo urratsa… eta hor ageri direnetako batzuei behintzat, kostako zaie.

  • Batzuek ez dute ulertzen ezker abertzalearen edo Bilduren kontrako tema hau, baina erraza da azaltzen. Nik ez dut ezer espero PPtik edo PSEtik; EAJtik ezer gutxi; baina Bildutik bai. Ikusi besterik ez dago, hain zuzen, zerrendetan zenbat euskaldun sartu dituen bakoitzak, edo entzun besteik ez dago goizero Euskadi Irratian ze hizkuntzetan jarduten duten alderdien bozeramaleek.

  • Bittor, assar, Martín. Eztabaida honetako zuen iritzi guztiak sinatuko nituzke.
    Eta kasualitatea izango da baina gaur goizean, Radio Euskadi erdaldunean Laura Mintegiren korte bat entzun dut, euskara hutsez.
    Eta zapore gazi-gozoa utzi dit. Batetik, Mintegiren konpromisoaren isla iruditu zait, eta bestetik, hedabide unionisten ohiko jokabide gaiztoa. Sarri askotan ez dituzte euskarazko korteak erdarara itzultzen, gaurkoan bezalaxe. Eta baten batek salatu beharko luke hori. Katalanekin ez dute berdin jokatzen, edo frantsesekin, inglesdunekin, eta abar. Nire ustez hedabide unionista horien jokabideak hormaren kontra jartzen ditu mezua euskaraz eman nahi luketen eragileak. Honakoa litzateke proposamena: “euskaraz egin nahi baduzue, egin. Guri bost. Hor konpon…”
    Askoz begirune handiagoa erakusten dute ia beste edozein hiztun herriren aurrean.
    Kolonoez potr…

  • Deigarria zait oso izenburuaren “omen” hori. Edo hobeto esan, “nahi” eta “omen” horien uztarketa, oso ez-ohikoa berau. Dakigunez, “omen” famatua mezuaren ziurtasun-eza azpimarratzeko darabilgu. Han-hemenka bildutako ahozko euskal ipuin zaharretan derrigorrezkoa zen “omen” jartzea -edo mendebaldeko aldaera, “ei”- argi uzteko kontatutakoa alegiazkoa zela, mendiek eta gauza guztiek hizketan zekiten garaikoa edo, kontu mitologikoa, azken buruan.
    Baina izenburuan ez dut irakurtzen “Bilduk lehentasuna emango omen dio…”, horrek esan nahi bailuke “dirudienez, antza denez, eurek esan dutenez… Bilduk lehentasuna emango dio”, baizik eta “lehentasuna eman NAHI omen dio”. Hortaz, hemen “omen” hura “nahi” horri atxekitzen zaio, hau da, Bildukoen nahia, borondatea, gogoa… zalantzan jartzen du.

  • Desiatzen nago Bilduk zalantzok uxatu ditzan. Zeren eta zalantza egiteko arrazoiak ugari baitaude. Atzekoz aurrera nahi baduzu: Arnaldoren azkena, Garako zuzendari Iñaki Sotoren adierazpenak gune honetantxe, Gararen jarduera bera, Bilduk gobernatutako erakunde jakinetan erakusten duen hizkuntz jokabidea (beste alderdi guztiena baino duinagoa izan arren), Bilduko buru eta hautetsi askoren hizkuntzazko jokabidea, Bilduko kide askoren hizkuntzazko jokabidea eta jarrera…
    Esan gabe doa, beste alderdi guztietakoak Bilduren jardunaren oso atzetik doazela. Edo zehatzago esanda, EAJ oso atzetik doa euskararen aldeko lanean, eta PP, PSOE eta beste, kontrako norabidean. Azken horiek ez digute zalantzarik eragiten.

  • Menditarra, egia da maiz hala erabiltzen dela “omen”, eta testuinguruaren arabera interpretazio hori oso naturala izan daitekeela. Baina berez “omen”-ek ez du ezer zalantzan jartzen, soilik adierazten du delako baieztapena inon-inori entzuna/irakurria dela. Egia berdaderoa izan liteke, edo gezur borobila… Beraz, inork X egiteko asmoa erakusten badu, zilegi da “X egin nahi omen du” erabiltzea, ohikoena izan ez arren.

  • Bittor Hidalgo - Donostia 2012-09-25 11:34

    Argitaratu du jada Bilduk bere programa, ez? (HIZKUNTZ NORMALIZAZIOA edo ez du izena?).

    Eta, Itzain?

    Nik ez di(n)at oraindik leitu, baina etzeki(n)at prest hagoen hire iritzia zabaltzeko…

    Ondo izan

    Bittor

  • Aupa Bittor, hasita nago. Hitzaurreak behintzat, oso itxura ona dauka, eta azken paragrafoan bete-betean asmatu dutela iruditzen zait. Hizkuntz politikan aurrera egin ahal izateko zabaldu beharreko ideia:
    “Herritarrak, hizkuntzak eta herriak berdinak dira duintasunean eta, beraz,
    berdintasunezko tratamendua eskatzen dugu. Hau da, hizkuntza komunitate
    guztiek euren lurralde historikoan eskubide berberak izatea eta beren garapen
    osoa ziurtatzea.
    Gure kasuan, euskararentzat lortzea Euskal Herri osoan, espainierak eta frantsesak,
    bakoitzak bere estatuan duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko
    egoera eremu politikoan, juridikoan eta soziolinguistikoan.
    Euskararen garapen osoarekin guztiok irabazten dugu, euskal hiztunok eta
    gainontzeko hizkuntza komunitateek”
    Eta jarraituko dugu, nahi baduzu.