Booktrailerrik onena sarituko da aurten Liburu Gaztea Sarian

Teknologia berriek garrantzi berezia hartuko dute aurtengo Liburu Gaztea lehiaketan: parte hartzaileek booktrailer bat prestatu beharko dute, irakurritakoari buruzko bideo bat.

Galtzagorri Elkarteak urtero antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Liburu Gaztea lehiaketa, gazteen artean irakurketa ohiturak sustraitzeko xedez. Aurten, teknologia berriekin uztartzeko jauzia eman du. Hori dela eta, aurten ikasleek egindako booktrailerrak sartuko dira lehian; hau da, irakurritako liburuaren iruzkinak, bideoz eta sormenez eginak. Parte hartu nahi dutenek Galtzagorri Elkarteak proposatutako libururen bat irakurri eta horri buruzko booktrailerra egin beharko dute. Ikastetxeentzat izenematea 2012ko irailaren 21ean amaituko da.

Parte hartzea ikasgelaka edota norbanakoka izan daiteke. Norbanakoek ez dute aurrez izena eman beharrik izango. Bi erako sariak izango dira:

Ikastetxeentzat:

  • Abentura txangoa (rafting eta zubi-jauzia)
  • Liburu edota diskoak erosteko 300 euroko bonoa eta Klis-klasikoak liburu sorta
  • Liburu edota diskoak erosteko 300 euroko bonoa eta Klis-klasikoak liburu sorta

Ikasleentzat:

  • E-irakurgailua
  • Liburuak edo diskoak erosteko 100 euroko bonoa
  • Liburuak edo diskoak erosteko 100 euroko bonoa

Bozketan parte hartzen duten guztien artean, berriz, e-irakurgailu bat zozkatuko da.

 

Berrikuntzak

Liburu hautatuen kopurua murriztu da: DBH-ko maila bakoitzeko 2011n argitaratutako liburu bakarra proposatuko da (orain arte maila bakoitzeko lau proposatzen ziren).

  • DBH1: Pozoia Kopan (P.D. Baccalario, A. Gatti)
  • DBH2: Zenbat lur behar ditu gizon batek? (Lev Tolstoi.Elena Odriozola)
  • DBH3: Azken garaipena (Iban Zaldua. Julen Ribas)
  • DBH4: Neure buruaren alde. (Koldo Zuazo)

Horrez gain, euskarazko Gazte Literaturaren Historiako Ezinbestekoen zerrenda bat eskainiko da. Ikasturtean zehar gela bakoitzak liburu bat lantzea proposatzen da: GaltzagorriElkarteak proposatutako liburu berrien artean bat edo Ezinbestekoen zerrendatik bat. Zein landu aukeratzea parte hartzaileen esku geratuko da.

Izena ematen duen gela bakoitzak talde-lan bat edo gehiago egin beharko ditu: aukeratu duen liburuari buruzko booktrailer edo iruzkin interaktibo bat. Lan hori egiten duten ikasgelek soilik izango dute saria irabazteko bozketan parte hartzeko eskubidea.

Booktrailer hori nola egin erakusteko irakasleei formazio saio bat eskainiko zaie ikasturte hasieran. Eta ikastetxe bakoitzak dinamizatzaile baten bisita jasoko du ikasturtearen bigarren hiruhilekoan, non ikasleei lanak egiteko pistak emango zaizkien.

Liburu Gaztea lehiaketaren webgunea berritu dugu; hor ageriko dira ikasleek egindako booktrailerrak. Bozketa ere webgunearen bitartez egingo da.

Webgune berean irakasleentzako informazio baliagarria jarriko da: aholkuak, liburu zerrendak, lotuneak, eta abar.

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude