Gerturatu ta lau

 

Metamorfosia (Franz Kafka)Norbera eta munduaren arteko gatazkan, munduaren alde egin behar duela norberak esan zigun Kafkak. Onartuko didazue ez dela mokadu xamurra, ez dela erraza mundu itsustu honen alde egitea. Mundua laino dago, zakar dago, zaratatsu. Begi kritikoari dirdira ateratzea askiez bihurtu zaigu zeiaiei, Mossad, CNI eta abarren basakeria kableatuek eragin triskatzailerik izan ez eta zurrumurru izatetik pasatzen ez diren garaiotan.

Lekuko mutuak, jendarte katatoniko bateko automata apatiko eta desinformatuak nahi dituzte artzainok. Amu oro irensteko “gaitasuna” duten hegalik gabeko arrain txiki eta ezgauzak. Auto-esklabutzan triste bezain alai bizi diren pikorrik gabeko ore moldeagarriak. Argi dirdiratsuen parean ahozabalik geratzen diren lerde-jario inozoak, mihise zuriak. Horixe nahi dute, hala nahi gaituzte, norberarena ez bailitzan, kontsumoari entregatu dioten bizitza begien aurretik pasatzen uzten duten eta izaera kolektiboa folklorea zein kirol zaletasuna (eta ondoriozko harrotasun ahul eta aldagarria) adierazteko soilik ulertzen duten indibiduo multzo hedonista, atomizatu eta otzanaren gisara.

Unibertsoa informazioz osatzen dela ulertu dute geroari askotxo begiratzen dioten batzuek, eta hori, zientzia eta teknologia informazio bihurtu direnetik gertatzen ei da. Etorkizuna ikusten ikasi duela esan daitekeen Raymond Kurzweil handiak argitzen du fenomenoa Errendimendu Azeleratuen Legea medio: zientziaren edo teknologiaren aspektu bat, informazio bihurtzean, esponentzialki hazten da, abiada bizian.

Antzera gertatzen da gainontzeko guztiarekin. Dena bihurtzen da informazio, eta ondorioz, abiada bizian hazten da. Abiada horren baitan zerbait hartu eta hurbiletik begiratzea ez da erraza. Lana du zarata eta soinua alderatzeak txipiroia izatea dohaintzat duen eta Prestige (des)informatiboak eguneroko ogi dituen zaborrez beteriko itsaso, sare honetan barna. Arreta jartzeko, aztertzeko zerbait aukeratzen dugunerako ate joka ari zaigu gure atentzioa bereganatzeko helburuz sortua den hurrengo afera edo produktu ber interesgarria. Ibaian urrezko pipita bila ari diren ameslari nekaezin eta sufrituen rola jokatzea dagokigu boterearen aurrean makurtu nahi ez dugunoi, baina merezi du. Merezi du euskarak ematen duen kosmobisiotik gure arreta bereganatzen duen hori aztertzeak. Pentsatzen duena idatzi eta errealitate berri bihurtzen duen herria ez baita inoiz hilko.

Orain arte, lerro honetaraino idatzitako guztia herri honen iragana baino ez da. Gutako bakoitzaren esku dago herri honen geroa idaztea, esponentzialki irabaztea.

Badakit. Ez dut Euskal Herririk salbatuko lerrootan; halako pretentsiorik ere ez daukat. Ez diot emango berebiziko bultzadarik euskarari. Ez dut meritu handirik egingo. Gauzengana gerturatzearen plazeretik idatziko dut (noiz edo noiz idatziko dut konpromisotik,  amorrutik, ilusiotik, kezkatik… eta mendekutik ere noizbait, ziur).

Sekulan maitatu ez dudan norbere buruaren aurkezpena egitearen ariketa-sufrikarioa baztertu eta hauxe jarri dizut, irakurle, platerean. Adi, zorroztu zentzumenak. Abian da, ofizialki, Gerturatu ta lau. “Probatu ez duenak, ez daki zer den hau”. Gaurdanik, bilatzen nauenak hementxe topatuko nau.

euskara, informazioa
Aitor Kaltzakorta

Gerturatu ta lau !