Litekeen aukera polita

Litekeen aukera polita –

Euskal Herriaren azal zabalean  kolore ezberdineko hainbat erakunde politikoren berri dugu aspaldian. Bakarren batzuk ibilbide luze eta korapilatsua egindakoak, besteak ez hain beste. Euskaldunen historiaren protagonistak direnak batzuk, horretan saiatzen ari direnak besteak.

Litekeen aukera polita

Horrelakoak egon ba daude, baina egia osoa beste bat da. Egitasmo politiko guztiak baitute atzean bide luze bat. Hainbat pertsonen eztabaida eta haserreak, nahi eta ezinak, baina,  baita lanaren emaitza pozgarriak. Urteak behar izaten dituzte gizarte mailan bere diskurtsoa ezagun izan dadin. Gero, -nahiko geroago- gizartearen ezagutza eta babesa zenbatekoa den jakiten dute, hauteskundeak barne. Beraz lana asko dago gordean.

Gizarteratzekoan, helburuak agertu behar izaten dituzte, eta honek ekartzen ditu hainbat nahigabe eta estutasun, zaila baita emandako itza betetzea. Egun -sarri- denok ikusten ditugu aurrez aurreko sutsuak alderdi politikoen artean. Egia da, denborak agintzen duela, eta baldintzak asko aldatzen direla, baina -ala ere- belea sekula ez birigarro.

Denbora aurrera doa eta honekin joko arauak ere aldatzen joan dira. Egun, Europak, estaturik gabeko nazioen aldarrikapen politikoak aztertu eta barneratzeko, sekulako indarra beharko luke, Herri baten bultzada. Beraz ez da harritzekoa, Madriletik, baita Estrasburgotik, “blokeo” hitza nagusitzea. Itxuraz, inork ez dio ikusten irtenbide jator eta zuzenik bizi dugun egoera honi, eta arrazoi nagusia hau; askatasuna eta burujabetza aho zabalik abertzale guztiok aldarrikatu arren, praktikan lehentasun desberdinak ditugula.

Horregatik, lasai eta zintzo aztertzekotan, beharbada aurrera baino atzera begiratzeak, mesede gehiagoren iturri izan daiteke. Kontuan harturik jorratutako bidea oso luzea izaten ari dela,  eta aurrera egitekotan, urteen irakaskizunak oso beharrezkoak direlakoan nago.

Duela urte batzuk – agian ez hainbeste – euskal gizartea oso ideologizatua agertzen zen, nire ustez, behartuta eta hala nahi zuelako. Ideologiaren apologia egiten genuen eta zoko guztietatik egitasmo nahiko ideologikoak aurkezten ziren.

Gaur egun – eta beharbada aspaldidanik – askok nahiko baztertuta dituztela kontu horiek ikusten dut. Urrats asko dira tartean emandakoak eta orain, zoritxarrez,  norberekoikeria edo “unomismoa”  nabarmentzen ari dela esango nuke.

Handik eta hemendik dabiltzan diskurtsoak, ezker- eskuin hori zaharkitutzat jotzen dute, eta, noski,  are gutxiago entzuten dira marxismoa bezalako esaldiak. Bakoitzak bereari begiratzen dio, eta beraien ustez apolitikoak dira. Beraz, garai bateko militantzia hura, “gorde” eginda eta militantziatik norberekoikeriara etorri gara hamarkada gutxitan.

Euskal gizartean, gazte eta ez hain gazte direnak, bere pentsamolde eta joera “propioak” dituztela diote. Aspaldian ez ditugu ikusten masa handiko bilkura eta manifestaldietan, ezta borroka eremuetan, noski. Agian horregatik herri jaialdi edo herri kiroletan ez daude eroso, itxuraz nahiago dute bere ustez intelektualarentzat diren hainbat ekitaldi.

Estatuaren arrazoietan sinesten dute eta babesten dituzte, demokratak dira. Onartzen dute inperio ekonomiko eta politikoak agintzen dutela, baita olagarro gisa, beharrezkoak dituztela multinazionalak, banku handiak, armadak, baita komunikabide manipulatzaileak ere. Onartzen dute “demokrazia formal” bat besterik ez dela baino, eroso sentitzen dira bere baitan.

Beraien diskurtsoari jarraituz, diote – agian harrotasun puntu batekin – demokrazia formal eta modernoaren izenean parlamentuak sortu direla, eta nahiz polizia Estatua  indartu, ustez beharrezkoak dira, zalantzarik gabe sistema indartzen dutelako.

Lege antiterroristak baietsi ere egiten dira parlamentu horietan, aurkaria desagertzeko, baina hori bai, estatuari aurre egiten diotenentzat bakarrik, eta beti demokraziaren onerako, noski. Ulertu ere ulertzen dute horrelako lege bereziak, torturaren praktika babesten dutela, baina horiek sistemaren akatsak besterik ez direla diote.

Gaurko modernitate demokratiko guztien gainetik nahi dut azaldu lasai eta argi, gaur arte eta denbora luzez, guretzat teorema baino “axioma”tzat genuena, gure borrokaren bi zutabe bateratzaileak. Baina baita ere, gure “axioma” gauzatzeko gaitasun ezak ez diola gaurkotasunik kentzen, nahiz beharrezkoak diren baldintzak ez ditugun gureganatu.

Egia da, betidanik gure borrokak bi zutabe nagusi izan dituela eta dituela; Estatu espainiarra eta frantsesarekin, Euskal Herria aurrez aurre jartzen duen borroka antikolonialista, bata, eta langileen iraultza, bestea. Horretarako ideologia baten hornitu izan gara;  marxismoaren interpretazio heterodoxo xamarrean, beharbada, baina horrela giza mugimendu zabal eta indartsua antolatu genuen. Gaur ez dira egoera berdinak, ideologien krisi sakona begi bistan dago.

Lehen nioen bezala, aldaketa nabaria da eta nahiz ongi ezagutu prozesu honen atal desberdinak, bata bestean ondotik, uka ezina da, garai batean ikusi nahi genuena ikusi gabe gaudela, eta hamarkadak bata bestean gainean doaz.

Egun, eta luzerako jasan beharko dugun egoera honi helduz, esan litekeena ez da gozoa; denborak irakatsi digu zapalkuntza eta errepresioak, herriaren gehiengoa iraultzara bultzatuko zuela uste genuen arren, ez dela horrela gertatu. Eta azken urteen emaitzak diote ez dela horrela izango.

Beraz, langabeziak eta miseriak, langileria, gaur edo bihar- euskaldun bezala- kolonizatua eta zatitua dagoen herriarekin bat egingo zuelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Ez da helburu okerra baina ez dugu lortu.

Bidegurutzeak, aukera desberdinak eskaintzen ditu beti, aukera politak. Lau haizetara daramaten bideak ditugu aurrez aurre, baina denak ez dira mesederako izango.

Ibilbide luzean batzuk eta besteak ezagutu ditugunez, orain erabaki zuzenean datza etorkizuna. Iparrorratzari begia kendu gabe, noski, baina ez dut beste aukerarik ikusten; nora, norekin eta zertarako, etorkizuna gure esku baitago.

Litekeen aukera polita Litekeen aukera polita Litekeen aukera polita Litekeen aukera polita

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude