Itsu, sor eta gor, noiz arte?

Itsu, sor eta gor, noiz arte? – 

“Australiako basoak sutan, hogeita hamar pertsona hilak eta milioika abere kiskaliak edo itota. Ke zutabeak Argentinatik ikusten ziren, eta une berean, Wuhan-eko (Txina) azokan era guztietako basabereak eros zitezkeen… Lehen estudioek diote saguzarra dela koronabirusaren habia eta handik zabaldu zela azoka horretan saltzen ziren espezietara, eta haietatik gizaki batera. Eta ondoren mundu osora. Aldi berean zerua estaltzen zuen mangosta izurrite batek arrasatzen zituen Afrika eta mendebaldeko Asia. Basamortuetan izandako ez ohiko zikloi eta eurite anomaloak mangosta plagaren habia bihurtuz. Apokalipsiaren zaldunek inoiz ez dute bakarrik bidaiatzen”.

Itsu, sor eta gor, noiz arte?
Arg: Stefan Doerr

Hauxe, Saguzarra eta kapitala: koronabirusa, aldaketa klimatikoa eta gerra soziala Andreas Palmen azken liburuaren sarrera. Liburu hau ez da inondik inora apokalipsiaren gaia lantzen duen fikziozko literatura, zeinak antikristoa badatorrela eta berarekin mundu akabera edo Armagedona. Aitzitik, Palmen liburua egungo egoera erreala aztertzen duen ikuspegi zientifiko materialista du abiapuntu.

Egoera honi batzuek antropozeno deitu diote, alegia, lehenengo aldiz naturaren aro berria gizakiaren eraginez sortua delako. Orokorrean horrela dela ukatu gabe, ekosozialistok kapitalozenoa deitzea nahiago dugu, erantzulea sistema kapitalista delako, eta sistema honek jada seigarren suntsiketaren 1mugetara eraman gaituelako.

Historiaren materialismoak eta naturaren materialismoak metodo orokor beraren aldaera ezberdin baina banaezinak direla ziurtatzen dute. Biek hala biek, ezin dira bereizi naturaren historiak eta gizakien historiak elkar baldintzatzen baitute. Alabaina, ematen du mundu eta estatu agintariek itsu, sor eta gor daudela egoera horren aurrean, asaldatuta, baina ahalke edo paralizatuta, kontrako bidean ihesian ez direnean.

Zantzuak, datak, gertakizunak hor daude ikusi nahi dituenarentzat: beroketa klimatikoa, animalia basatien eta biodibertsitatearen suntsiketa, zoodemiak sortutako Covid-19ren pandemia, eta okerrena, denok egoera oso arriskutsua dela dakigun arren, inor ez da behar diren neurriak hartzen ari. Are, inpunitate osoz, Amazonia txikitzen ari dira, Brasilgo gobernuaren utzikeriaz eta multinazionalen irabazi aseezinen eraginez. Hamazortzi zientzialarik osatutako taldeak Nature aldizkarian argitaratutako ikerketan zera dio: “2010 eta 2018 artean, eta baso-soiltzearen ondorioz, Amazonia xurgatzen duenaren baino karbono dioxido gehiago askatzen hasi dela atmosferara”. Soiltzearekin batera, meategiak irekitzen dira, ganadu hazketa intentsiboa hazten da, eta abar. Ezin ahaztu gerraren edo hondamendien eraginez sorturiko etorkin eta iheslarien tragedia.

Egunotan ikusi dugu Jeff Bezos munduko gizonik aberatsena, eta orain gutxira arte Amazon eta Blue Originen jabea, arrakastaz hamaika minutuko abentura espaziala betetzen. Komunikabideek gorazarre egin diote, edo xelebrekeriatzat hartu, horrelako ekintza burugabeek eragiten duten baliabide energetikoen xahuketa salatu gabe, aberatsek bere gozamenerako antolatutako mundu horrekin bat eginik. Mezua garbia da, gertatzen dena gertatzen dela, aberatsek nahi bezala jarraituko dutela, beren gozamenerako baliabideak xahutuz, baita hondamendiaren barruan ere.

Duela egun gutxi, berri paper honetan esaten zen: “IEAK adierazi du C02 isurketak inoizko handienak izango direla bi urteren buruan. Mundua klima larrialdian bada ere, agentziaren esanetan pandemia osteko berraktibatze ekonomikoak erregai fosilak ditu oinarri”. Beraz, trantsizio klimatikoarekin ahoa betetzen duten politikari eta patronalak hazkunde ekonomiko hori txalotzen ari dira aurreko egoerara itzultzeko asmoz.

Alabaina, Naomi Kleinek “honek dena aldatzen du” dioenean oso garbi adierazi digu, eta ekologistek bere egin dute iritzia: “Sortu zenetik, kapitalismoaren historia aurrerantz ihes egindako pertsona errepikari batena da beti, gero eta eskala handiagoan. Onura lortzeko lasterketa honek zapalduak eta ekosistemak agortzen ditu. Horren bidez, krisi ekologikoa areagotu egin da, eta ezin da gainditu, eta gizarte-krisiarekin lotuta dago ezinbestean. Ondorioz, lehen bezala berriro hastea ez da aukera bat: jada ezin ditugu, aurrerapen suntsitzailearen izenean, erronka soziologikoen erantzunak atzeratu, ondorengo deus ex machina teknologiko baten esku-hartzearekin. Berehala aplikatu behar ditugu ezinbestekoak diren egiturazko irtenbideak”.

Zertan aldatu? Lehenik eta behin, jarrera. Jada berandu gabiltzala sinestea (inoiz beranduegi ez dela pentsatu nahi badut ere) eta neurriak zenbat eta gehiago atzeratuta, geroz eta zailagoak, larriagoak eta gogorrak izango direla onartzea, batez ere jende xehearentzat. Zer produzitu, nola produzitu eta zertarako produzitu, horra hor gakoa. Desazkundean sinesten ez dutenek ere, produkzioa eta kontsumo orokorra moteldu beharko dela ontzat har dezaten. Eta horrek eskatzen duela produkzio indar estrategikoen nazionalizazioa edo sozializazioa gauzatzea eta era demokratikoan planifikatu botere publikotik (gizarte mailan zein lantegietan). Ekosozialismoa helburu.

Ezkerrak “honek dena aldatzen du” aldarria bere egiten ez badu, jai dauka. Eta ezkerra diodanean, esan nahi dut emantzipazioa helburu duten mugimendu (subirautza herritarren alde, politiko soziala, ekologista eta feminista) poliedrikoa eta anitzak bere egitea egitasmo hori. Halabiz.


1. Seigarren iraungitze masiboa edo Antropozenoaren iraungitze masiboa bezala ere ezaguna, gaur egungo Holozeno garaiko iraungitze masiboko gertaera da, giza jardueraren emaitza. Wikipedia.

Itsu, sor eta gor, noiz arte? Itsu, sor eta gor, noiz arte? Itsu, sor eta gor, noiz arte? Itsu, sor eta gor, noiz arte?

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

5 pentsamendu “Itsu, sor eta gor, noiz arte?”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-08-15 09:32

    Ados deskribatzen duzun egoera larriarekin.
    Baina “materialismo historikoa” bururaino erabiltzekotan, zure buruari galdegin behar zinioke batetik herri sozialistak, gaurkoak eta izandakoak kapitalistak baino ekologistgoak izan ziren; bestetik multinazioen merkatu asegabea ez ezik, gure herrietako kontsumitzaile oste errabiatuak ez diren erantzule ere bai.

  • Materialismo historikoa mundua aztertzeko, konprenitzeko metodoa bat da, eta Sobiert Batasuneko “diamat” delakoa oso bestelakoa. Egungo elizen eta erligioarekin antzkoa geratzen da. Gainera, sobiet batasuna ez zen soszialista (egun Txina ez den bezela), Estau burokratiko errepresiboa baizik zeinak industria garapen itsu eta natura zein landa lurrak inongo neurririk gabe ustiatu zuen. Hots. Aral itsasoarewn hondamentia lekuko. Beraz, ekosozialismoa oso bestelako iritzia eta egitasmoa da

  • Benat Castorene 2021-08-20 19:11

    Untsa Joxe, kitzikatu nahi zintudan. Konprenitzeko metodo bezala deus ez dut materialismo historikoaren kontra. Bakarrik SWek Marxi buruz zioen bururaino erabili behar zela ordea.
    Zuk kontseilaturiko FFBren Polietika entseiatu naiz irakurtzen, interesgarria dirudi baina etsitu naiz. zorigaitzez dena irakurtzeko espainola kaskarregia da eta .
    Artetik erraiteko, sorpresaz ikusi dut kapitulu oso bat kontsakratzen ziola SWi, (Hannah Arendti bezala) Iduriz espainolek euskaldunek baino interes gehiago erakusten diote SWi.
    Iruzkin hau erabiltzen dut Berroko Austinen goraintziak transmititzeko.

  • Paradoja badirudi ere, Marxismoari (alegia beren buru marxistatzat dituztenei) ere materialismo dialektikoaren metodoarekin aztertu behar litzaioke, eta ikusiko dugu zenbaterainoko fraude edo iruzurra izan den. Handiena, marxismoa estatu ideologia bihurtu zutenean SESBn. Halakorik. Ez da harritzeko ere, marxek behin eta berriro errepikatzea (beren eskolako omen) bera ez zela marxista. En fin, nire ikuspuntik marxismoa gizkaiaren emantzipazio iturburutzat daukat, ez dotrina. Dene den, ez naiz itsutzen, eta beste zenbait iturrietatik edaten dut…izan huntsa

  • Benat Castorene 2021-08-23 12:32

    Bai ados zurekin. Estatu ideologia 1789tik ( aurretik ere seguraz ere, Richelieutik behintzat) denetan zabaldu da heren munduko liberazio mugimenduetaraino. Ez da harritu behar gero emaitzak kasik beti oso mediokreak eta dezepzionagarriak (eufemismoa!) izan badira.
    Ezagutuko dukezun Marxista (ohi?) oso interesgarri bat , Cornelius Castoriadis
    EHri dagokionez, nik baino hobeki jakinen duzu baina suposatzen dut Eta ere oso laster estatulatriak barru barrutik kutsatua zegoela estatu espainola (eta autonomia?) bezainbat Ez ote?