Drogen Ebay

buy drugsMP3ak disketxeen industriari emandako astinduarekin alderatzen dute. Merkatu beltzak ere bide berriak zabaldu ditu world wide web sareari esker. Interneteko ur sakonetan legez kanpoko droga salerosten da, modu anonimo eta seguruan. SilkRoad du izena, eta drogaren aurkako poliziak zelatan dauzka.

SilkRoad: Anonymous Market-en legez kanpoko drogak erosteko soberan daude disimuluak eta xuxurlak: “25 GR MDMA Crystals”, salgai dauzka FrankMathew ezizena darabilen trafikatzaileak. “Made of original Chinese PMK-oil”, eransten du produktuaren azalpenean. Bere prezioa: 4,69 BitCoin (391 euro).  Herbehereetatik bidaltzen du produktua, eta, ondo bidean, postariak produktua ezkutatzen duen eskutitza bere tokian utziko du. Droga etxetik mugitu gabe aukeratu, erosi eta jaso, kale bazter nahiz taberna ilunetako arriskuez arduratu gabe. Droga trafikatzaile eta kontsumitzaileen pagotxa dirudi SilkRoad-ek. Hala ote?

SilkRoad merkatu beltza

Nazioarteko legedi guztien gainetik, 2011ko otsailetik biziraun du merkatu beltz digital honek. 2012ko maiatzean argitaratutako analisi mardul baten arabera, (Traveling the Silk Road: A measurement analysis of a large anonymous online marketplace) hilabetean 1,7 milioi dolar mugitzen dira SilkRoad-en, gutxienez. Ez da inondik inora sarean dagoen drogen merkatu ilun bakarra, baina bai balizko erasoen aurka prestatuena.

Amazonek eta Ebayk legezko produktuekin egiten duten funtzio bera du SilkRoad-ek. SilkRoad (Zetaren Bidea esan nahi du, antzinan Asia eta Europa lotzen zituen merkatal-bidea gogoratuz) eroslea eta saltzailea harremanetan jartzen dituen plataforma besterik ez da. Drogen trafikoari beti lotzen zaizkion amarruak eta iruzurrak ez dira  antza salerosketa hauen osagaia. Horren ordez, erosle eta saltzailearen arteko harremana merkatuaren legeak markatzen du; eskaintza eta eskaria. Biak pozik. Saltzaileek produktu onak banatzen badituzte erreputazio ona eskuratuko dute; erosleen iruzkinak eta botoak daude irakurgai SilkRoad-en, Ebay-en bezala. Gero eta ospe hobea orduan eta erosle gehiago. Saltzaile berriak lanak izango ditu negozioa hauspotzen. Ekuazioan ez da arrakalarik somatzen. Gainera, iruzurgileak uxatzeko, droga salgai jarri nahi duenak 400 dolar ordaindu behar ditu, hasierako inbertsio bat jarri, hain zuzen ere.

Ez da harritzekoa jakinmina piztu izana. Batetik, droga kontsumitzaile askoren paradisua: eskaintza oparoa, erosketa segurua eta kalitatea -prezioa garestia da-. Era berean, hain ageriko ilegalitatea muturren aurrean. Poliziak jakina baduela atariaren berri, baina ez du inoiz plataformaren aurka zirkinik egin, AEBtan ixteko eskatu duten arren. Hainbat adituk diotenez, SilkRoad ixteak ez luke ezertarako balioko, ez bada merkatu beltz digitalari oihartzuna emateko (SilkRoad: El Mercado de las Drogas del Siglo XXI). Arrazoi horri gehitu behar zaio SilkRoad-ek erabiltzen duen teknologia iragazgaitza.

Interneten ur sakonetan

Tor eta Bitcoin
Tor eta Bitcoin

Interneteko nabigatzaile ezagunenei -Mozilla, Chrome, Explorer, Opera…- ikustezina zaie SilkRoad. Alferrikakoa da bertatik sartzen saiatzea. Anonimotasuna bermatzeko sortua den programa bat jaitsi behar da lehenbizi. Erabili beharreko softwarea Tor proiektuaren nabigatzailea da. Behin instalatuta eta zabalduta SilkRoad-en helbide aldakorra jarri behar da. Goitizen bat eta pasahitzak sartu, eta legez kanpoko drogen ataria parez pare zabaltzen da. Bistan da ez dela aditua izan behar.

Horraino sartzeak ez du zailtasunik, baina beste kontu bat da erosketa prozesua. Begibistakoa denez kreditu txartelik ez dute onartzen, erosketen arrastoak pikutara bidaliko lukeelako anonimotasuna. Horren ordez, BitCoin sistema erabiltzen dute. Ez da erraza BitCoin-en balioek azken hilabeteetan izandako eztanda azaltzea, baina jakin behintzat zer den: P2P teknologian oinarritutako moneta digitala. Hainbat webgune daude BitCoin-ak salerosteko (BlockChain adibidez), eta hamaika erabilera dituzte, tartean, transferentzietarako eskaintzen duen segurtasunagatik, legez kanpoko produktuak (Bitcoin 1, eurotan 83,48). Beraz, saski bete droga erosi nahi duenak moneta horietako batzuk erosi behar ditu lehenbizi. Eginbehar hori beteta, aurrera darrai erosketak.

Saltzaile bakoitzak bere baldintzak ditu, baina gehienek dirua behin droga heldutakoan jasotzen dute. Mundu osora egiten dituzte bidalketak, batzuk AEB, Estonia, Australia edo Israel bezalako herrialdeak salbuesten badituzte ere. Eroslearen etxeko helbidea jartzerakoan arrastorik ez uzteko protokolo seguru bat darabiltela diote (izen-abizenik ez da jarri behar). Behin urratsetan aurrera egindakoan dator une kritikoa. Beti dago aukera mugaren batean produktua atzemateko, nahiz eta ez omen den ohikoa. Zortea kontra izatekotan erosketaren arrastorik gabe, ia ezinezkoa da hartzaileari delitu bat egoztea, Espainiako estatuan bederen.

Salerosketen %90-95 arrakastaz betetzen dela diote SilkRoad-eko arduradun ezkutuek. Zintzotasun ekonomikoa eta esker oneko hitzak daude erakusgai negozio bakoitzaren atzean. Aldiz, SilkRoad ezkutatzen den bezala, drogak maiz berarekin dakartzan errealitate krudelak ikusi ere egin gabe funtzionatzen du merkatu beltz digitalak. Aurpegirik gabe, urradurarik ez.

Merkatu bitxia hartzen ari den tamaina ikusita, AEBtako War on Drugs estrategia kritikatuak SilkRoad jomugan duen ere ezin iragarri. Trafiko mota  berezi horren bilakaerak noruntz joko duen ere ezin du inork asmatu. Karlheinz Brandenburg-ek ere ez zuen iraultza usaindu ere egiten MP3a asmatu zuenean.

Informazio gehiago:

Silk Road: the online drug marketplace that officials seem powerless to stop, The Guardian.

The Underground Website Where You Can Buy Any Drug Imaginable, Gizmondo.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Drogen Ebay”-ri buruz