Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika

Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika –

Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika
Lapurdiko kosta, Ziburutik (II): Sozio-Ekonomia
Lapurdiko kosta, Ziburutik (III): Euskara

.

Euskal Herria hiru ordu eta erdian gurutzatu daiteke punta batetik bestera, baina nola aldatzen den haran batetik hurrengo bailarara, ibar batetik ondorengo etxarrira. Zenbat ordu igaro ote ditugun euskaldunok kalakan: “nire herrian horrela esaten da”, “ba nirean honela”… Zenbat aldiz entzun ote dugun: “aizu, ezin duzu berdina planteatu Barakaldon edo Domintxinen”. Kasik geure herrian arrotz sentitu garen bezainbestetan.

Haranez haran eta eskualdez eskualde, bide txiki bat ireki dezakegula iruditu zaigu, ikertzeko, arakatzeko, miatzeko, hausnartzeko, gogoetarako… Eskualde bat etsaminatu eta bertako arazoen berri izateko, sakontasun apur batez.

Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika

Ziburu – Arg: Wikipedia

Lapurdiko kostak problematika propioak garatu ditu azken hamarkadetan, Estatu frantziarrak inposatutako politiken ondorioz. Hizkuntza, lana, etxebizitza…

Lapurdiko kosta etsaminatuko dugu, baina adibide zehatz batean zentratuta: Ziburu. Hiru gai nagusi arakatuko ditugu bertako jendearekin: politika, euskara eta sozioekonomia.


ZIBURU – Politika

[Etsaminatuz I] Lapurdiko kosta, Ziburutik: PolitikaEneko Aldanak 28 urte dauzka, eta ziburutarra da. 2014tik herriko hautetsia da Euskal Herria Bairekin, baita urtarrilaz geroztik Sortuko kontseilu nazionaleko kidea ere. Berak eman dizkigu herria ikuspuntu politiko batetik ulertzeko gako nagusiak.

Ziburuko mapa politikoa kokatzeari ekin dio gazteak, 2014ko hauteskunde munizipalak hartuz erreferentzia gisa. Badira hiru indar nagusi herrian: eskuin frantziarra, herriko etxean gehiengo osoa daukana; gero sozialista frantziarrak, eta azkenik ezkertiar eta abertzaleak. EH Bai-k % 21eko babesa lortu zuen, eta sozialistek %25 bat.

Baina eboluzio bat ematen ari da azken urteotan, azken hauteskunde kantonaletan abertzaleak sailkatu baitziren bigarren itzulirako, eta Ziburun ere EH Baik irabazi zuen. “Biziki ez-ohiko emaitza izan zen hori, kostaldeko herri batean abertzaleek irabaztea edozein motatako hauteskunde batean“, azpimarratzen du Aldanak.

.

Bilakaera

Abertzaletasunak duela zenbait urte zeukan babesa ulertzeko, jakin behar da 1995ean lortu zela lehen zinegotzia, %7-8ko babesarekin. 2014an gorakada ikaragarri bat izan zen, ezuste positibo handia. %21eko babesak bilakaera progresibo bat adierazten du, poliki doana, baina gorantza.

.

Lapurdiko kostako erronkak

.

Abertzaletasuna karrikan

2013an elkarte soziokultural bat sortu zuten ezkertiar eta abertzaleek: Baltsan. Ziburuko hainbat herritar elkartzen dira bertan herrigintzan jarduteko: euskaraz bizi, ekintza kultural eta politikoak sustatu, euskal komunitateko zenbait elkarteren aldeko sostengu jaiak antolatu (ikastola, errepresaliatuak, hedabideak)… “60 kide inguruk sortu genuen, abertzaletasunera jendea hurbiltzeko ate bat zabalik izateko, eta horretan dihardugu gaur egun. Herriko bilgune abertzale aipagarriena da“.

“Ziburun beti egon da Ipar Euskal Herriko beste herri batzuekin alderatuz gero, harreman gordinago bat gatazkari begira”

.

Gatazka

Ziburu beti izan da 36ko gerratik errefuxiatuen kokagune, mugatik hurbil den herri bat izaki, baita 70eko hamarkadan ere. Hendaia, Baiona eta Ziburu izan ziren errefuxiatuen nukleo handiak. Gero, GAL-en garaian, hainbat ekintza Ziburun burutu ziren. Aldanak gogoan ditu batzuk: “Bittor taberna, esaterako, bi aldiz metrailatu zuten; trinket txikian bi lagun erail zituzten; Naparra ere Ziburu eta Sokoa bitartean bahitu omen zuten. Ziburuko gazte bat GAL-ek hil zuen Biriatun, Olazkuaga, ama hemen bizi da oraindik… Beti egon da Ipar Euskal Herriko beste herri batzuekin alderatuz gero harreman gordinago bat gatazkari begira. IK-k, Iparretarrakek, izan zuen lehen presoa ziburutarra zen. Donibane Lohitzune eta Ziburu oso lotuak izan dira beti, eta Didier Lafitte donibandarra, Iparretarrakeko militantea, polizia frantziarrak hil zuen“.

[Etsaminatuz I] Lapurdiko kosta, Ziburutik: Politika

.

Elkargoa

Elkargoa ofizialki 2017ko urtarril bukaeran sortu zen, baina Aldanaren ustez eraikuntza fasean dago oraindik. “Abertzaleak elkargoaren alde egon gara ez hainbeste ekarri zitzazkeen konpetentziei begira, baizik eta lehen aldiz Euskal Herria ezagutarazten zuen egitura bat zelako”. Frantziar iraultzatik, 1.789tik, Ipar Euskal Herriak ez du inoiz ukan ezagupen instituzionalik, orain arte, eta Aldanak babesten du Iparraldeko subjektu politikoa hor sortu dela. “Ezin dira Foru Aldundi bat eta Elkargoa konparatu, Elkargoa mankomunitate bat baita, ez da konpetentzia maila berdina. Ideia da herri elkargoek gero eta pisu gehiago hartzea, Frantzia mailan, eta horrek digu aldeko pausua eginarazi, Iparraldea existiaraztea instituzionalki. Badugu Iparraldeko batzar bat eta badugu Lehendakaria; koloreak ez ditugu gustuko, baina lehenengoz futbol terrenoa egina daukagu.  Ipar Euskal Herriaren tamainakoa egin da, eta partida eta eztabaida ugari hemen egongo dira”.

Abertzaletasunak iparraldean duen indarra ez da hainbeste bere pisu elektorala (%15-20), baizik eta agenda politikoa markatzeko duen gaitasuna, Aldanak dioenez: “eztabaida ia guztiak mundu abertzaleak markatzen ditu. Gaur egun ez dago gehio arduradun politiko bat esan dezakeena euskararen aurka dagoenik. Elkargoa da beste adibide bat. Aurkarien parte handienak zuen diskurtsoa ez zen Euskal Herriaren ezagupenaren aurka, baizik eta esanez `ezagupena bai, baina ez mota honetakoa´. Behartuak izan ziren horrela mintzatzera, sinistu ala ez; tartean, Ziburuko auzapeza” [Elkargoaren aurka bozkatu zuen].

.

Herriko arazo nagusiak

Maila orokorrean, Ziburuko emazte ia guztiek kontserba fabriketan egiten zuten lan lehen, eta gizonak itsasoan, arrantzale. Egoera honek 80ko hamarkada arte iraun zuen; azken fabrika 1996an itxi zen. Aldanak dioenez, “horrek utzi zuen langile klase bat herri honetan, bereziki marinel auzoan, eta beti izan da ezkerrekoa. Gerra aitzin, 36an… Fronte popularrak irabazten zuen, gero beti izan da ezkerra, 2000. urtean eskuinak irabazi zuen arte”. Langile fabrikak itxi ziren, langileak joan, eta herriak transformazio gogorra bizi izan zuen. 90eko hamarkadan turismo eta bigarren etxebizitzen emendatze bat eman zen, eta lehen zein bigarren sektorea ekonomiaren oinarri izatetik, marjinal bihurtu eta hirugarrenak eskuratu zuen nagusitasuna. “Jende diruduna hasi zen herrian instalatzen…”

“Politikoki interesgarria da badela jende bat ez dena abertzalea, baizik ezkerretik guri eman digula botoa, guk tratatzen ditugun gaiekiko lotura daukatelako. Etxebizitzena ez da abertzaleon gai bat, zuk bozkatu sozialista edo abertzale, arazo bera duzu”.

Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika
abertzaletasuna, baltsan, EH Bai, elkargoa, eneko aldana, ezker abertzalea, GAL, ik, independentismoa, Ipar Euskal Herria, Iparretarrak, Lapurdi, politika, ziburu, Ziburutik: Politika, [Etsaminatuz I] Lapurdiko kosta
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika”-ri buruz

  • Zorionak egileei! Zein beharrezkoa dugun hegoaldekook (eta are gehiago gipuzkoarrok) EHko beste errealitateak ezagutzeko, gure burbuilatik atereaz! Ipar-hego ezagutza eta elkarlana guztiz funtsezkoak dira gure herriarentzat, eta pozgarria da batzuk muxu truk honelako lanak egitea, denon onerako izango baita. Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude