Lapurdiko kosta, Ziburutik (II): Sozio-ekonomia

Lapurdiko kosta Ziburutik (II): Sozio-ekonomia

Lapurdiko kosta, Ziburutik (I): Politika
Lapurdiko kosta, Ziburutik (II): Sozio-Ekonomia
Lapurdiko kosta, Ziburutik (III): Euskara

.

Lapurdiko kostak problematika propioak garatu ditu azken hamarkadetan, Estatu frantziarrak inposatutako politiken ondorioz. Hizkuntza, lana, etxebizitza…

Lapurdiko kosta etsaminatuko dugu, baina adibide zehatz batean zentratuta: Ziburu. Hiru gai nagusi arakatuko ditugu bertako jendearekin: politika, euskara eta sozioekonomia.

Lapurdiko kosta Ziburutik (II): Sozio-ekonomia

Ziburu eta Donibane Lohitzune arteko portuan bada barku urdin bat, itsaso kolpe eta ibai fereka artean xalo mugitzen dena. Itsasontzia bretoia da, eta jugar du izena, bretoieraz “jaguarra”; bigarren zentzu batean, gizon gazteen atzetik joaten den emakume helduari deitzeko manera. Baina Jugarrek bere magalean daramana ez da atzo goizean jaiotako edozein pipi-olo, azala itsasoko haizeak ondo gatzatutako zakur zahar bat baizik. Xabier Martiarena andoaindarra 1977an ezkondu zen Ziburura, eta bi urte berantago hasi arrantzale gisa; sektoreko erreferente nagusietako bat da zonaldean.

Gune honetan aski ezaguna da Jean Mixel Dirassart, lan munduan preseski. Industriako langilea izan da makina bat urtez Hendaiako Sokoa enpresan. Egun LAB-eko sindikalista da, eta sektore pribatuko langileen problematiken bueltan aritzen da lanean buru-belarri.

Sozio-ekonomiak berebiziko garrantzia dauka edozein herrialdeetan, eragin izugarria baitauka hizkuntzan, politikan, eta beste hamaika aferetan. Ezinezkoa litzateke Zibururen inguruan landu ditugun beste bi atalak ulertzea bilakaera sozio-ekonomikoa ondo konprenitu gabe; eta lagun gutxi izango dira herrian bi hauek baino aproposago gaia azaltzeko.


ZIBURU – Sozio-ekonomia

Egun Europak aplikatzen dituen neurriek ere ez dute laguntzen, eta Martiarenak argudio sendoak eskaini dizkigu: “sare pelagikoak eta arrasteko arrantzak sekulako kaltea egin dute, hori agerikoa da eta politikariek badakite; esaten ari naizenaren erakusle, antxoaren arrantza nola izan den baldintzatua azken urteetan. Antxoa dagoen egoeran egotearen arrazoi nagusia arrantza mota da. Orain, antxoa pixka bat errekuperatzen ari denean, arrantza mota bera baimenduz gero, denbora gutxian egoera berdinean izango gara berriz”.

Portu barruan gaude, eta gaur ez dago arrainik. Martiarenak dioenaren arabera, “egun askotan `Franco-Español´ izeneko ontziak etortzen dira: galiziarrak, ondarrutarrak, pasaitarrak… Frantziako kotarekin lan egiten dute, eta kamioi handietan ekartzen dute kanpoan arrantzatutako arraina portura. Egun batzuetan, 40 tona”.

Lapurdiko kosta Ziburutik (II): Sozio-ekonomia
Xabier Aramendi, eta atzean bere itsasontzia, Jugar

Portuan arrainik ez, eta kontserba fabrikak zeuden tokietan, etxeak. Kasu, ez etxebizitzak. Hitza osatzen duten bi zatiei erreparatzea erraza da: etxe-bizitza. Eta Ziburuko etxe askotan bizitza gutxi dago, oporretarako soilik erabiltzen diren ostatu partikularrak izaki. Tailerrak zeuden tokian ere kasik ez da geratzen mekanikorik; sareekin lan egiten zutenek osatutako kooperatiba desagertu da jada.

Kontserba fabriketan, bertako emakumeez gain, Bretaniatik etorritako askok ere lan egiten zuten; horregatik topa daitezke Ziburun bretoi kutsuko hainbeste izen eta abizen. Garai hartako azkeneko hari-muturra da Xabier ziburutarra, kontserbak artisau mailan egiten jarraitzen duena oraino.

Bi adiskideek diote arrantza herriaren jarduera nagusia zenean bazela Ziburun giro euskalduna, langilea, herrikoia. Ekonomia aldatzean giroa aldatu da, eta turismoa dugu egun jaun eta jabe. Bi profil nagusi daude turisten artean: oporretara datorrena bere bigarren etxera; eta erretreta hartuta, herrian denboraldi luzeak egiten dituena. Biak ala biak erosteko ahalmen handikoak. Egun Ziburuko etxeen erdia ez da etxebizitza, jende dirudunaren ostatu baizik.

Laborantzaren gainbeherarekin barnealdea hustu zen, eta turismoaren gorakadarekin kostaldea bete. Hala ere, Lapurdiko itsasertzean leherketa hori eman zenean, Ziburun ez zen hainbeste nabaritu, urteetan mantendu zen 5.000-6.000 biztanle artean, baina azkeneko urteetan bertako biztanleria galdu eta kanpokoa etorri zaio, 8.000 biztanlera iritsi arte. Metro karratuaren balioa Ziburun ordainezina da, turismo politikaren erruz; etorkin aberatsentzat huskeria dena duzue ziburutar gazte batentzat herritik joateko motibo.

Fabrikak irekita zirelarik mobilizazioa azkarrak izan zirela dio Xabierrek, esaterako, lan erreformarengatik. Hori gaur ia ezinezkoa dela uste du Jean Mixelek, “ekonomia ereduak zailtasunak jartzen dituelako. Lehen baziren langile asko toki berean, antzeko ordutegiekin, kausa berarekin; baina zerbitzuetan ezin da borroka berdin planteatu: toki bakoitzean langile gutxi, prekario, sakabanatuta, ordutegi ezberdinekin…” Historikoki pisu gehien izan duen sindikatua CGT izan da.

Lapurdiko kostaldean langabezia arazo serioa da. Inor gutxik asmatuko luke eskualdeko zifra: %30a.

Lapurdiko kosta Ziburutik (II): Sozio-ekonomia
Jean Mixel Dirassart

Komertzio eta ostalaritzan lan egiten duen jendea oso kondizio txarretan dago, eta borroka propioak garatzen dituzte; komertzioen kasuan, adibidez, igandeko lanaldiaren aurkakoa.

Baina badira mila motibo kantatzeko alai, alternatiben eraikuntzan aitzindari ere izan baitira gune honetan, Jean Mixelek oroitzen digun bezala: “bada teknopolo bat Bidarten, Izarbel izenekoa, eta bertan etorkizunari begirako aktibitate berriak lantzen dabiltza inguruko gazteak. Laborantza biziberritzeko ekimenak abian jarri diren bezala, Laborantza Ganbera kasu”.

Honek guztiak ezinbesteko behar bat ere azaleratzen du: lan baldintzak Euskal Herrian eztabaidatu eta erabakitzeko beharra.

Hori eskatzen diote bi adiskideek sortu berri den Elkargoari, hitzarmen lokalak adostea. “158 herri gaude batuta marko berean. Badugu aukera gai hau lantzeko”.

.

.

Bi adiskide hauek izan dute ahotan, ez behin eta ez bitan, arrantzaren urrezko aroa. Irudiek maiz hitzek baino gehiago adierazten duten horrekin, Baltsan elkarteak duela zenbait urtetako argazki sorta hau helarazi digu. “Altxa mutillak” Itsas Gazteriaren aldizkariko seigarren aletik ateratakoak dira. Beste garai baten pisuzko lekukotza.


Lapurdiko kosta Ziburutik (II): Sozio-ekonomia Lapurdiko kosta Ziburutik (II): Sozio-ekonomia Lapurdiko kosta Ziburutik (II): Sozio-ekonomia

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

ZUZEUko erredakzio kide