Langile klasea? Oui, c’est moi

Langile klasea? Oui, c’est moi –

Langile klasea? Oui, c’est moiSare sozialak islatzen duen errealitatea fikziozkoa dela esan ohi dute. Komunitate endogamikoak osatzen direla, eta iritzi berberak dituztenak elkarri segika, datsegitka eta retuitka dabiltzala. Egon ohi dira salbuespenak, dena den. Sortzen dira noiz behinka elkarrizketa aberatsak eta sorpresak.

Jarri nuen txio bat Zubietako erraustegiaren eraikuntzan lan-baldintzak hobetuko zituen akordioa ospatuz, eta erantzuna etorri zen berehala: oso erraustegi laborala izango dugu. Elkarriketa baten ondoren esan zuen zer zegoen txio ironiko horren atzea. “Erraustegia duten langileek ez dute nire sinpatiarik”.

Jarri nuen Zuzeun Euskadiko Orkestra Sinfonikoko langileek grebari esker  lortu zuten garaipenaren posta eta etorri ziren orkestrako langileen kontrako mezuak. Diru publikoa xahutzen duten pribilejiatu batzuk omen dira.

Errenteriako OTAko langileen grebaren harira ere que hay de lo mío hutsak dira, iritsi zitzaidan.

Erantzun hauek Olentzeroren ipuin hura ekarri didate gogora:

Opari bat egin nahi zion Olentzerok langile klaseari eta hantxe jaitsi zen bere zakuarekin herrira. Olentzerok, herri ezezagun hartan galdu xamar zebilenez, laguntza eskatu zion kalean aurkitu zuen gizon bati.

Hasi ziren etxez etxe opariak banatzen, baina “ez, ez” esan zion gizonak lehen etxera iritsi zirenean, “hor ez. Hori funtzionaria da, pribilejiatu bat”.  Hurrengora zihoaztela, berriro, “uf! hori ere ez, hori AHT eraikitzen ari da”. Aurrera jarraitu zuten. “Hemen ere ez, badakizu… hemengoa bere gauzetarako bakarrik mugitzen da”. “Etxe hartakoak txoni batzuk dira, horiekin ezin da ez iraultza ez ezer egin…”. “Etxe honetakoak ere ez. Marx nor den ere ez dakite!”.

Olentzero larritzen ari zen, baina pisu zarpail batzuk ikusi zituenean zuzen jo zuen haruntza ezer galdetu gabe, gizonak alkandoratik tiraka gelditu zuen arte. “Horiek ez dute lanik egiten. RGIaz bizi dira; udalak oparitu dizkie pisuak. Badakizu, kanpotik gure lanaz aprobetxatzera etorri diren kanpotarrak…”.

Halaxe zeharkatu zuten herri osoa azken etxera heldu ziren arte. Olentzerok gizonari begiratu zion etsipen puntu batekin, baina jaso zuen baiezko keinuak begiak piztu zizkion eta gorputza erne jarri. Zarata zetorren etxe barrutik. Garbigailu bat zentrifugatzen, plater hotsak, ume negarrak, emakume baten oihua aginduak ematen… janari usain ona zetorren leihotik.

Jo zuen Olentzerok atea eta txokolatezko emakume bat azaldu zitzaion trapuaz eskuak lehortzen zituela. “Langile klasea?” galdetu zuen Olentzerok. “Kar, kar, kar! Ze ona! Hau etxea garbitzen duena da eta! Badakizu… laguntza behar zuen eta mesedetxo bat egitearren xoxa batzuren truke etxea garbitzen du…”.

Sukaldetik, zartagin soinu eta erauzkailuaren burrunba artetik, emakume ahots batek galdetu zuen, “zein da?”. Olentzerok, hanka puntetan jarrita, sukalderantz luzatu zuen  lepoa ahotsaren jabea ezagutu nahirik.  Gizonak, burua ezker eskuin, begiak lurrean jota etsipen puntu batez, “ez, ez… nire emaztea da. Ez du lanik egiten…”.  Olentzerok ezin zuen sinetsi. “Orduan, zein da langile klasea herri santu honetan?”. “Langile klasea c’est moi”.

Langile klasea? Oui, c’est moi

3 pentsamendu “Langile klasea? Oui, c’est moi”-ri buruz

  • Badatoz Gabon zoriontsuak! Eta zer egokiago musika klasiko pixkat baino, datozen jai egun hauetarako, Euskadiko Orkestraren Sinfonikoaren eskutik jakina, zerbaiterako ordaintzen baitugu denon poltsikuetatik. Gainera, nahiz eta gure herrira (erdi mailako herria) inoiz ez diren etortzen, hiriburura joaterik izango dugu, seme alabak oporretan baitaude eta hala musika klasikora zaletzen hasiko dira. Ea, ikusi dezagun egitaraua, zer emanaldi duten aurrikusita: 22an ez, 23an ez, 24an ez, 25ean ez, 26an ez, 27an ez, 28an ez, 29an ez, 30ean ez, 31an ez, urtarrilaren 1ean ez, 2an ez, 3an ez, 4an ez, 5ean ez, 6an ez, 7an, 8an ez, 9an ez, 10ean ez…
    Oraindik ere greban al daude ala, lan baldintza beldurgarriak salatzeko?

  • Bietako bat: edota sindikatuak bere funtzioa betetzen ez dira ari edota Jule Goikoetxeak gezurretan ari da gaurko Berrian idatzi duenean «gaur, hemen, emakumeek gizonek baino %27 gutxiago kobratzen dute lan berarengatik». Ez Afrikan, hemen. Ez duela ehun urte, orain. Eta ez kualifikazio desberdineko lanagatik, lan berberagatik baizik. Aklaratzerik bai?

  • Jule Goikoetxea gezurretan ari da, bete betean eta jakinaren gainean. BERRIAn bertan topatu dut, duela hilabeteko alean: «Vera Jourova Europako Batzordeko Genero Berdintasuneko komisarioak gogora ekarri zuen Europako Batasunean emakumeek, batez beste, gizonezkoek baino %16 gutxiago kobratzen dute.
    Kasu gehien-gehienetan, horrek ez du esan nahi emakumeek gizonek baino soldata apalagoak jasotzen dituztenik lanpostu berean. Izan ere, legez kanpokoa da generoagatik diskriminatzea, eta Lan Ikuskaritzari dagokio arauak betetzen direla begiratzea eta betearaztea».
    Eta inork ez dio ezer aurpegiratzen, ezta gure sindikatu negargarri hauk ere. Hau herri ustela.