Langile borrokaren memorian

Langile borrokaren memorian –

Eider Agirrek Urola Kostako Hitzan.

Langile borrokaren memorianBatzuetan, harriduraz bizi dut gaur egungo egoera. Agendan aspalditik markatuak diren egun askorekin gertatzen den gisan, oraingoan ere gure historia eta memoria ezabatzen saiatzen ari dira. Hori pentsatu izan dut urtero sindikatuek Maiatzaren Lehenean egin ohi duten folklorizazioaren eta desitxuraketaren aurrean, eta aurten, adibidez, Zarauzko Udalak Maiatzaren Lehenerako Familien Eguna antolatu duela ikusi nuenean. Harridura eta lotsa. Ikusten denez, Langileon Nazioarteko Egunak iada ez du agendan lekurik. Pixkanaka, langile borrokaren memoria ezabatu nahi da, baina ezin pentsa hori lan erraza izango denik.

Askotan hitz egin izan dut egungo egoeraz, eta ez da gutxiago. Krisi kapitalista baten erdian, gure bizi baldintzen okertzeak definitzen du gaur egun dugun errealitatea. Oinarrizko beharrak ezin aseturik, ezegonkortasunaren belaunaldia gara: ez etxe eta ez diru, biharkoari ezin heldu. Pandemia honek ere argi utzi digu langileon oinarrizko askatasunak merke saltzen direla. Burgesiaren makinariak martxan dira artaldea oldar ez dadin. Geroz eta bizi baldintza okerragoak dituen gizarte geroz eta despolitizatuagoan gaudela esango nuke. Badu indarra burgesiak gure biziak zapuzteko eta kontrolatzeko, eta gaur egun, langile antolakuntza indartsurik gabe, ez du aurkaririk gudu zelaian.

Modernizazioaren eta aurrerapen teknologikoaren garaia, baina krisialdi latz baten garaia ere bai. Nola uler daiteke hau? Azken 150 urteetan, aurrerapen teknologikoaren ondorioz, gutxienez 30 aldiz igo da produktibitatea, eta ekoizpen bitartekoen handitze nabarmen bat ere eman da. Hori ikusita, esan genezake gaur egun inoiz baino bitarteko gehiago ditugula gizartearen ongizate orokorra bermatzeko. Teknologiaren eta ekoizpen bitartekoen handitzearen ondorioz, mundu guztiarentzat kalitatezko bizitza bermatzeko aukera sortu da. Baina, orduan zergatik ditugu bizi eta lan baldintza txarrak? Zergaitik dugu hain etorkizun beltza? Hain zuzen, bitarteko horiek egoteak soilik ez duelako bermatzen gizarte hobe bat. Bitartekoak burgesiak bahituta ditu, beren irabaziak handitzeko. Hor dago gakoa: bestelako gizarte eredu baten eraikuntzaren beharra, hots, estatu sozialistaren eraikuntzaren beharra. Horrek soilik bermatuko baitu ekoizpen bitartekoak eta teknologia guztion mesedetara izatea.

XIX. mendeko Ameriketako Estatu Batuetatik datorren oroimen eguna dugu Maiatzaren Lehena. Bortizki desjabetuak izan ziren eta kapitalismoaren atzaparretatik ihesean zebiltzan milioika langile zukutzen hasi zen klase kapitalista garai hartan. Maiatzaren Lehen  hartan AEBko langileriaren gehiengo zabalak grebara jo zuen beren lan baldintzen hobekuntzen alde. Bi egunetara, baina, milaka manifestarik greba hausleen aurka jo zutenean, poliziak sei langile hil zituen. Hala ere, handik urte gutxira, beraien eskaera eta aldarrikapenak bete egin ziren. Horregatik beharrezkoa da Maiatzaren Lehenean langile borrokaren lorpenak gogoraraztea, borrokaren eta antolakuntzaren bitartez langileon kalitatezko bizi baldintzen alde egindako aurrerapausoak oroitzea. Egin diren borrokak oroituz eta datozenei helduz lortuko dugu, lortzekotan, bizi dugun egoera gainditzea. Maiatzaren Lehenaren desitxuraketaren aurrean, eta oinarritik ezer aldatzeko ezintasuna duten alderdi parlamentarioen aurrean, gure bidea jarraitu behar dugu: inork inor zapalduko ez duen gizarte ereduaren eraikuntza, hain zuzen ere.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Langile borrokaren memorian”-ri buruz

  • “Oinarrizko beharrak ezin aseturik”.
    Langileen borrokaren oroimena gauza handia eta serioa da. Ez gaitezen faltsukeri eta demagogia merkearen amarruan jausi.
    Gazteei, egun daukagun ongizate mailaren atzean sekulako borroka dagoela transmititu behar zaie. Eta ongizate hori galdu nahi ez badute borrokatu beharra daukatela esan behar zaie, baina gezurretan jausi gabe.

  • Ez da egia ongizatearen estatua langile mugimenduaren borrokaren ondorio bat izan dela. Ongizatearen estatua estatu burgesetan sortu dira eta normalean politikari burgesek eratua. Aurrenetarikoa Bismarckek antolatu zuen Alemanian. Nazismoak ere sekulako bultzada eman zion, baita Mussilinik Italia faxistan ere. Espainian Falangeren zeregina izan zen funtsean. Langile mugimenduaren beste atal batzuk estatuaren kontra zeuden eta ondorioz baita estatuak “eman” zezakeen ongizatearen aurka ere. Soldatapeko lanaren, jabetza pribatuaren… kontra zeuden langile antolatuak ere izan dira.
    Hori ere irakatsi beharko litzateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude