Krisi energetikoa eta baserriaren krisia

Krisi energetikoa eta baserriaren krisia –

berria bidez

Krisi energetikoa eta baserriaren krisia

Ziurgabetasuna bidelagun bilakatu zaigu laborarioi, itzal. Bere presentzia faktore askok ziurtatzen digute, eta aspaldikoak ziren horiei —lur eskasia, errelebo falta…— mamu berriak —eta ez hain berriak— azaldu zaizkie: klima aldaketa eta horren aitzakian datorkigun kolonialismo energetikoa. Txanpon bereko bi aldeak dira: sistema kapitalista.

Ezinezkoa da mugarik gabeko hazkundea, eta, halere, mugarik ez balego bezala, errezeta bera aplikatu nahi du kapitalak. Eta orain ere, planeta suntsitu dutenak, lehenaz gain, aberastuko dira.

Hegoaldeko herrialdeetako nekazarien larritasuna gertuago bizi dugu Hego Euskal Herrian. Testuinguru bakoitzak ezartzen dituen ezberdintasunekin, hemengo baserritarrok ere hasi gara kapitalismo energetikoaren hatsa sentitzen garondoan, eta batzuk hasi maletei hautsa kentzen.

Nekazaritzarako egokiak ziren lurren arpilatzea ez da berria. Garai batean, industrializazioak. Gero, eraikuntzaren burbuila. Azpiegitura handiek ere janaria sortzeko aproposak ziren lurrak nahi. Mozorroz mozorro, batzuen diru-gosea eta espekulazioa egon dira presente, beti.

Pixkanakako lur-desjabetze horrek eremu zailagoetara ekarri gaitu baserritarrak, inork nahi ez zituen lurretara. Ohitu egin gara isolaturik edo industrialdez inguratuta bizitzera. Garapen eredu honek ongitxo adierazi digu tokirik ez dugula jendarte moderno honetan, ez bada hiriko grisari kolore zipriztin batzuk emateko.

Hurrengo olatua gainean dugu: trantsizio energetikoa. Mendez mende, baserritarrek eutsi egin dioten arren, egun, eustea zaila da, guk ez baitakigu olatu horietan surf egiten; bestela ere, itsaskirrietan, nahikoa lan. Ohitu ginen bazterretan bizitzera, zerbitzu publiko gutxiagorekin eta etxeko gastuak gure produktuen prezioen neurrira doitzera; auzolana gure bizitzak mantentzeko ezinbesteko sarea dugu. Eta orain?

EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) 2023ko maiatzaren 10ean publiko egin zenetik, dokumentua maiz aletu dugu. Mapetan ezin asmatu hartzen zituen baratzeak edo larreak gureak ote ziren; batzuetan irudia lausoegia zelako, beste batzuetan malkoek bihotza babestea erabaki zutelako.

Maiatzetik hona, baserriko lanaz gain, sortu diren taldeetako herrikideekin batera, ekin genion LPSari alegazioak prestatzeari, herritar xumeek ekin ahal dioten moduan. Nahiz eta oztopoz beteriko bidea izan, asko ikasi dugu.

Ikasi dugu 2016tik bazegoela 2030erako Euskadiko Energia Estrategia, eta ezarritako helburua zela 1.440 MW instalatzea —3.454 GWh ekoizteko esperantzarekin—.

Ikasi dugu zenbakiak aldakorrak direla. EEBB LPSren aurrerapen-dokumentuan 2030erako aurreikusten zuten 6.480 MW instalatzea —11.599 GWh ekoizteko esperantzaz—. Hau da, Energia Estrategian azaltzen zenaren hirukoitza. Hasierako Dokumentu Estrategikoan, aldiz, 10.338 GWh ekoiztea aurreikusten zuten. Eta, halere, LPSko hainbat ataletan, ateak irekita uzten dizkiote energiaren ekoizpena handitzeari.

Ikasi dugu EEBB LPSaren helburua dela eskala handiko —30 MW edo gehiago— zentral eoliko eta fotovoltaikoetarako lur-eremuak izendatzea. Tamainari erreparatuz gero, aintzat hartzen ditu bost aerosorgailu edo gehiagoko instalazioak —aerosorgailu bakoitzeko bat eta bost hektarea bitartean, sarbide eta guzti—. Fotovoltaikoei dagokienez, hamar hektarea edo gehiagoko lur-eremuak Araban, eta bost hektarea edo gehiagoko sailak, Gipuzkoan eta Bizkaian. LPSn, 50 MW baino gehiagoko zentralak instalatzeko eremuak ere izendatzen ditu, horien ardura Madrilek duen arren. Plangintzatik kanpo geratzen dira 30 MW baino txikiagoko instalazioak. Orotara, tamaina guztietako zentralak izango ditugu: handiak, handiagoak eta erraldoiak.

EEBB LPSaren dokumentuan, besteen artean, hauek irakurri ditugu: «Helburua da sustatzaileek gaur egun dituzten ziurgabetasunak murriztea eta ekimen pribatuaren interesa pizteko segurtasun juridikoa areagotzea». «Zehaztutako kokalekuak energia elektrikoa sortzeko instalaziorako dira, helburua da sortutako energia garraio edo banaketako sare elektrikoan isurtzea, eta ez autokontsumoari lotuta».

Atera ahal den ondorio bakarra da herriak eta lurrak nahi dituztela sustatzaile pribatu horiek negozioa egiten jarraitzeko: hemen zentralak instalatuz eta energia urrutira garraiatuz. Haiei begirako plangintza dela.

LPSk landa-eremuaz dio: «Energia berriztagarriak motor ekonomiko garrantzitsua dira, biztanleria finkatzen eta lurraldea egituratzen laguntzen baitute».

Hori idatzi duenak burbuila energetikoan interesak dituzten enpresen publirreportajeez gain beste ezer irakurri ote du?

Baserritarroi, eta landa-eremuko biztanleoi, aurrean zabaltzen zaigun etorkizuna ezin beltzagoa da. Jada martxan dauden nekazari- edo abeltzain-proiektuak zalantzan jartzen ditu, LPS dokumentuan egun erabiltzen dituen lurrak proiektu energetikoak instalatzeko erreserbatu nahi direlako —13.700 hektarea gutxi gorabehera—. Baserri baten erreleboa hartzeko prozesuan sartu nahiko lukeenak —edo horretan dabilenak— zer ziurtasun maila izan dezake? Nola eskuratuko dituzte lurrak, hala eta guztiz ere instalatu nahi dituzten gazteek, lur-jabeek badakite enpresa elektrikoek diru gehiago aginduko dietela?

Eta bitartean, kontsumo energetikoarekin itsututa, krisi ekosozial bete-betean, ez dago pentsatuta zer jango dugun hemen etorkizunean. Europako «Baserritik mahaira» estrategia gauzatzeko lurra eta baserritarrak faltako dira nekazari-lurrak industrializatzen jarraituz gero. Antza, hamarkada honen bukaerarako aurreikusita dago baserritarren %60k erretiroa hartzea Euskal Herrian. Horri guztiari gehitu behar zaio petrolioaren gabeziarekin bukatu egingo dela kanpotik janaria ekartzea. Etorkizunik izango bada, bertako ekoizpen agroekologikoan oinarritu beharko dugu, eta bide laburreko kontsumora pasatu.

Horrek esan nahi du, ezinbestean, baserritar gehiago behar ditugula, daudenak zaindu eta berriei bideak ireki, gerora elika gaitzaten. Eta geratzen zaizkigun lurrak babestu; hori egin ezean, gureak egin du. Ezin dugu hektarea bakar bat ere galdu.

Orain (ere) lurra defenditzea tokatzen zaigu.

.

Josebe Blanco, Gorka Barredo, Ramon Roa, Mirian Arrizabalaga, Garikoitz Nazabal

(EHKO, UAGA, Bionekazaritza, Biolur, Gipuzkoako EHNE) gehi Egurra Ta Kandela Baserritarren Ekintza, Bizkaiko EHNE, Etxalde, Naturkon eta Landarlan.

Krisi energetikoa eta baserriaren krisia

Agroekologiaren bidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude