Konplexuak

Konplexuak

Euskaraz lan egiten duten kazetari askori ezaguna egingo zaie Nerea Lizarraldek Irutxuloko Hitzan aitortua.

– Kazetaria zara? Ze interesgarria! Diario Vascon egingo duzu lan…

– Ez, Irutxuloko Hitzan idazten dut.

– Ez dut ezagutzen. Euskaraz da?

– Bai, Donostiako albisteak ematen ditugu, denak euskaraz.

– Dena euskaraz? Gazteleraz ezer ez? Baina… diru laguntzetatik biziko zarete, ezta?

.

KonplexuakHamar urte dira Irutxuloko Hitza-n lanean hasi nintzenetik, eta horrelako elkarrizketak izan ditut askotan. Horrelakoak edo antzekoak. Euskaraz dakitenekin, eta euskaraz ez dakitenekin.

Momentuko aldartearen arabera, desberdin jokatu ohi dut. Batzutan Pantojarena egiten dut, hortzak erakutsi irribarre handi batekin. Beste batzuetan, amorrua ezin izaten dut disimulatu, eta galdera horiei buelta ematen saiatzen naiz: “Zure enpresak ez al du diru laguntzarik jasotzen? Eta bankuek? eta industriak? Eta Realak? Zergatik zaudete obsesionatuta euskarazko proiektuek jasotzen dituzten diru laguntzekin?”.

Egia esan, azalpen gehiegi ematea ez dut gustuko, eta horrelakoetan deseroso sentitu ohi naiz. Nire lana zalantzan jartzen dutela sentitzen dut nolabait. Esan ohi dute garrantzia gehiegi ematen diegula komentario negatiboei, eta azkar ahazten ditugula positiboak direnak. Eta bai, nik ohitura txar hori dut, sentikorregia naiz. Horrelakoak pilatu egin dira neure barrenean, eta konturatu naiz konplexu bihurtu direla.

Gogoratzen dut Zinemaldi batean Carmelo Gomez aktoreari galderak egiteko elkartu ginela kazetari batzuk mahai baten bueltan. Kazetari bakoitzari galdetu zion zein hedabidetakoa zen. EFE agentzia, Diario Vasco, El Pais, El Mundo, Fotogramas… Ni izkin batean nengoen, eta uste nuen oharkabean pasako nintzela. Bada, ez. Bat-batean, Carmelo Gomez niri begira: “eta zu?”. Urduri eta aurpegia gorrituta erantzun nuen, “Irutxuloko Hitza… Es un periodico local en euskera”.

Hedabide handien ondoan oso txiki sentitzen naiz, bai. Eta normala da. Tokiko herri hedabideok baliabide urriak ditugu, nahi baino langile gutxiago gara, eta dagoenari zukua atera behar izaten diogu. Kazetari ez ezik, argazkilari, diseinatzaile eta beste gauza asko ere bagara. Akrobatak eta malabaristak ere bai! Ez da erraza euskarazko hedabide batean lan egitea. Euskaraz bizitzea eta lan egitea nekeza da askotan. Baina aizue, gure txikitasunaren abantailak zeintzuk diren ondo dakigu.

Gainera, Nerea Azurmendiri esker ezagutu dut Gorka Salcesek egin duen tesina:?Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa. Eta begira zer dioen, irakurleek asko estimatzen dutela gertuko informazioa, tokikoa. Euren egunerokoan eragiten dion informazioa delako. Eta horretan ari gara gu egunero, lagun batek parranda batean esan zidan moduan, Kilometro zero kazetaritza egiten, hedabide handi horietan erakusten ez duten beste Donostia hori nolakoa den kontatzen, istorio txikiekin gozatzen.

Konplexuak kentzea ez da erraza, baina gustatzen zaiguna egiten jarraitzeko pasioa ez dugu galdu, eta Bagerakoen leloak dioen bezala, umoretsu izaten saiatuko gara!

Konplexuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.