Karlos Beistegi Iturbe, aberats, dekoratzaile eta bildumazale handia

Karlos Beistegi Iturbe, aberats, dekoratzaile eta bildumazale handia –

Milaka eta milaka izan ziren azken lau mendeetan Euskal Herritik Ameriketara, bizimodu hobe baten bila, abiatu zirenak; eta gaur bizpahiru miloi dira beren burua euskal jatorrizkoak jotzen dutenak. Gaur, Ameriketako lurretan, nonahi ikus eta entzun daitezkeen euskal abizenek emigrazio handi haren berri zuzena ematen digute.  Batzuk, dirua eginda, Euskal Herrira itzuli ziren, amerikanoak edo indianoak deitu izan ditugunak, baina gehien-gehienak lurralde berri eta zabal haietan gelditu ziren betiko. Horietako batzuk aberats bizi dira gaur, haien arbaso artzainek egin diruarekin.

Hauxe da, Mexikora abiatu ziren Beistegi familiarekin gertatu zena. Beistegitarrek diru aunitz egin zuten Mexikon, zilarrezko meategiekin, laborantzarekin eta etxe eta lur salmentarekin. 1867an, Maximiliano enperadorea fusilatu zutenean, Mexiko utzi eta Europara bizitzera etorri ziren. Gaur haien ondorengoak izugarri aberatsak dira. Aberastasun horrek bidea zabalik utzi die familia honetako batzuei beren zaletasun eta bizimodu errazean jardun daitezen.

.

Karlos Beistegi osaba

Mexikon jaio zen 1863ko otsailaren 18an, baina lau urte zituela, familia osoa Europara bizitzera aldatu zen.  Artearekiko zaletasun handia zuen eta bizitza osoa eman zuen arte lanak eta bestelako objektuak erosten eta bere bilduma partikularra aberasten. Mezenas gisa ere oso ezaguna izan zen, museoei eta kultur erakundeei arte bilduma eder eta aberatsak oparitu baitzizkien. Louvreko museoan bada gaur Beistegi izeneko bilduma, XVIII. eta XIX. mendeetako margolan ederrez osatua dena. Biarritz eta Parisen artean bizi izan zen, bere etxe eta jauregi ederretan. Leon Bonnat margolaria ezagutu zuen eta iduriz, honek eragin zion arte lanak bildumatzeko zaletasuna.

1953ko urtarrilaren 12an, 75 urte zituela, zendu zen Biarritzen, Zurbiak izeneko bere etxean.

Karlos Beistegi (Biarritzeko Zurbiak etxea – 1912).

.

Karlos Beistegi Iturbe

Aurrekoaren iloba, Parisen, 1805ean jaio zena. Osabaren izena eramateaz gain, haren zaletasuna jaso eta garatu zuen. XX. mende erdialdean oso pertsonaia ezaguna izan zen Europan. Biziki aberatsa zen, dekoratzailea, bildumazalea eta garaiko goi mailako gizartean ideia eta ekitaldi bitxiak zabaldu zituena. Aita Joan Antonio Beistegi Benitez zuen eta ama  Maria Dolores Iturbe Atristain, biak euskal jatorriko mexikarrak.

Karlos Beistegi Iturbe, lehen erran bezala, Parisen sortu bazen ere, Frantzian, Espainian eta Ingalaterran hazia izan zen. Eton-eko eskolan ikasi zuen, eta gazte zela, bere marrazkiz apaindu olerki liburua plazaratu zuen. Cambridgeko unibertsitatera joatekoa zelarik, Lehen Mundu Gerra piztu zen Europan, eta bere gurasoek Parisen zuten jauregian babestu zen.

1930eko hamarkadaren lehen urteetan, atiko berezi bat eraiki zuen Champs-Élyséesetan. Atikoaren erikina Le Corbusier arkitekto ospetsuari eskatu zion. Atikoak sekulako ikuspegia zuen, eta Salvador Dalík diseinatutako terraza zabal batetik Garaipen Arkua  ikusten zen bete-betean. Atiko hori laster oso famatua egin zen Paris osoan, eta bertan bilkura eta besta ugari antolatu zituen.

Karlos Beistegi Iturbe, aberats, dekoratzaile eta bildumazale handia
Karlos Beistegi gazte urteetan + Veneziako gondola batean

1939an Groussayko gaztelua erosi zuen Montfort-l´Amaury izeneko herrian, eta hurrengo hogeita hamar urteak aipatu gaztelua konpontzen eta aberasten eman zituen. Bertan bazuen 150 lagunentzat tokia zuen antzoki bat, garaikideek Europako antzoki ederrenetako bat zela maiz aipatu zutena. Gazteluko barnealdean era guztietako margolanak, altzari klasikoak, tapizak, horma-oihalak, zeramika baliosak, ontzi txinatarrak… ipini zituen. David Nightingale Hicks eta  Mark Hampton dekoratzaile famatuek Europako barne dekorazio onenetakoa zela aditzera eman zuten.

Le Corbusier-ek Parisen egin zion atikoa
Groussayko gaztelua.

1948an Karlos Beistegik Veneziako kanal handiaren ondoan zegoen Palazzo Labia izeneko jauregia erosi, berritu eta aberastu zuen. Groussayko jauregian egin bezala, jauregi guztia artelanez bete zuen. 1951eko irailaren 3an, maskara besta bat antolatu zuen aipatu jauregian, eta bertara gonbidatuak izan ziren munduko aberats, aktore eta artista handienak. Aipatu besta izugarri famatua izan zen mundu osoan eta Mendeko Besta izenaz ezagutu zen haren garaian.

Veneziako Palazzo Labia jauregia
Karlos Beistegi Iturbe, aberats, dekoratzaile eta bildumazale handia
Groussayko gazteluko lorategietan, Karlos Beistegik diseinatu zuen labirintoa.

Karlos Beistegiren dekorazioak ezagunak egin ziren mundu osoan eta Beistegi estiloaz hitz egiten da gaur arte adituen artean. Osasun arazoak zituela, 1960an Labia jauregia saldu zuen, eta hamar urte beranduago, hau da, 1970ko urtarrilaren 17an, 75 urte zituela, hil zen  Groussayko bere gazteluan.

Aditu askoren ustez, Karlos Beistegi Iturbe izan zen XX. mendeak eman zuen dekoratzaile eta bildumazale handienetako bat.

Karlos Beistegi Iturbe, aberats, dekoratzaile eta bildumazale handia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude