Justizia feminista

Justizia feminista-

María del Ríok, EHUko Zuzenbide Penaleko irakasle eta Justizia Feminista Mintegiko kideak, Galde aldizkarian.

Justizia feminista edo ez androzentrikoa eraikitzea lehentasun bilakatu da mugimendu feministan. Bada azken urteetan indarrez agendan sartu den gaia. Dena den, ezin dugu esan ardura berria denik. Akademian proposamen juridiko-feministak askotarikoak izan dira; gainera, antropologiatik edo soziologiatik ere hainbat ekarpen aberasgarri egin dira. Berriagoa da, ordea, kontzeptuak mugimendu feministan hartu duen oihartzuna; aurretik justiziari lotutako hainbat borroketan eskarmentua handia bazen ere. Esperientzia horien artean, nabarmenak izan dira, esaterako, abortua legeztatzearen aldeko mobilizazioak edota indarkeria matxistari aurre egiteko ekimenak. Ildo horretan, denok ditugu buruan mugarri garrantzitsuak, esaterako, «Hamaika eraso, hamabi erantzun. Feministok prest!» manifestazio jendetsua, indarkeria matxistaren hamaika aurpegiak salatuz edo «Nik sinesten dizut. Emakumeen egia aitortuz» ekimena, emakumeok bizi ditugun indarkeria ezberdinen aitortza eginez. Aipatzekoak dira ere, gizarte eragileak martxan jarritako hainbat ekimen, besteak beste, indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, eta prebentzioanzein formakuntzan egindako lana. Nobedadea, beraz, proposatzen den gogoetaren sakontasun eta orokortasunean datza.

Justizia feminista

Egiten den hausnarketa ez da oraingoan gai zehatzetan zentratzea, ikuspegi orokorragoa du: Zer da justizia? Zer justizia eredu nahi dugu? Bereziki, zer motatako zigor justizia nahi dugu? Nondik has gaitezke hori eraikitzen? Funtsezkoa bada ere, ez da eskatzen soilik bitarteko gehiago edo eragile juridikoen prestakuntza egokia, sistema osoa irauli eta alternatibak proposatu nahi dira.

Feminismotik egindako urteetako lana eta gizartean justiziarekiko sumina gorpuztu egin ziren Iruñeko Sanferminetako eraso kolektiboaren trataera mediatikoaren eta juridikoaren kontrako protestetan. Ezin da esan kasu bakana zenik, baziren ezaugarri berekoak aurretik; baina bai izan zen lehenengo aldia amorrua horren modu zabalean eta argian adierazten zela, une horretan indarkeria hori jasangaitza bihurtu zen gizartearentzat. Era kolektiboan justizia sistemarekiko asegabetasun sentsazioa modu argian plazaratu zen kaleetan, normalean mobilizazioetan parte hartzen ez zuen jendea ere azaltzeraino, emakumeak bereziki. Testuinguru horretan, adierazgarria da espetxe zigor luzeagoak eskatzen zutenen aurrean, kaleetan gehien entzuten zen leloa «Nik sinesten dizut» izan zela. Deialdien fokua justizia patriarkalaren kontra jarri zen. Mingarriak izan ziren epaiaren hitzen aurrean, biktimak babes soziala zuela argi utzi nahi izan zen. Biktimaren sinesgarritasunari balioa aitortu nahi zitzaion epaileen interpretazio-joeren aurrean, horiek genero-estereotipoengatik baldintzatuta zeudelakoan. Bazen beste mezu argi bat: gertatutakoa ez zen arazo isolatu bat izan, edozein emakumeri gertatu ahal zaion zerbait baizik, gizarte patriarkal baten egiturazko arazoa baita.

Urte horretan bertan, 2018ko Indarkeria Sexistaren aurkako Nazioarteko egunean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak justizia patriarkalaren kontra eta saretze feministaren alde egin zuen. Hainbat sindikatuek eta eragileek eurena egin zuten mezua eta gogoetarako gonbidapena onartu zuten. Azkenik, aipatzekoak dira iaz Durangon egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak. Mugimendu feminista autonomoak ildo estrategiko nagusiak eztabaidatzeko antolatu ziren. Bertan, talde feministek lantzen dituzten gaiak jorratu ziren,unean uneko errealitate eta premiei erantzunez. 3.000 emakumetik gora elkartu zituen deialdiak, bost osoko bilkuretatik batek «Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen» zuen hizpide. Horretan, modu orokorrean, baina bereziki «Justizia Feminista Mintegiaren» eskutik, Justizia Feministaren gaia jorratu egin zen. Ez ziren definizio borobilak eta mugiezinak proposatu, xedea gaia modu kolektiboan pentsatzea eta eraikitzea zen, ulertuz posiblea dela inpunitatearen kontrako jarrerak eta punitibismoaren kontrakoak uztartzea.

Horrela, ulertzen da justizia sistemaren helburu nagusia delitua sortutako minaren aitortza eta erreparazioa izan behar dela, eta horrekin batera, berriro ez gertatzeko bermea lortzea. Egungo ereduak, ordea, errudunaren zigorra erdigunean kokatzen duela salatzen da, biktima babestea ez dela lehentasuntzat hartzen. Zigor-logika horrek gehiegizkoak eta muturrekoak diren zigorrak gero eta ohikoagoak bihurtzen ditu, bitartean, jatorrizko arazoa konpondu gabe geratzen dela.

Kontzienteak izan behar gara zigor-sistemak, zein espetxeak, betetzen duen helburua sistemaren oinarri eta baloreak iraunaraztera mugatzen dela. Lege penalak ez dira neutralak, une historiko bakoitzaren balioen isla dira. Haien boterea ez da soilik debekatutako gertaerak prebenitzea, diskurtsoak ere sortzen dituzte eta errealitatearen interpretazio zehatzak sendotzeko lagungarriak badira. Finean, esan dezakegu justizia patriarkala badela bizi garen gizartearen isla. Gure egungo gizartea patriarkala den heinean, justiziak ere eskema berberari erantzuten dio. Horregatik, funtsezkoa ikusten da justizia sistemaren hobekuntzan sakontzea, baina aldi berean gizartean izaten diren dominazio egitura guztien eraldaketan lanean jarraitzea.

Azkenik, azpimarratu zen espetxeak eta zigor-sistemak delitua burutzen duen subjektua «bestea» bezala definitzen dutela, gizartearen osoko kidea ez balitz bezala. Binarismo horrek arazo sozialen egiturazko jatorria aztertzea oztopatzen digu, gainera, arazo horiekiko kolektiboki dugun erantzukizunetik eta kolektiboki eragiteko gaitasunetik urruntzen gaitu, gure ardura ez balitz bezala. Hori dela eta, proposatzen da eskema horietatik aldentzen diren eredua kaztertzea, esaterako, justizia errestauratiboa edo justizia eraldatzailea, eta, era berean, justiziaren dimentsio kolektiboan eta komunitatearen paperean sakontzea.

Gogoetarekin bukatu nahi dut Sexu-Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoaren Aurreproiektuari hurbilketa laburra eginez. Hitzaurrean bertan onartzen da mugimendu feministak sustatutako mobilizazio eta ekintza publikoei esker, sexu indarkeriak ikusgarritasun handiagoa lortu duela gizartean, eta agerian geratu dela botere publikoak arlo horretan duen erronken tamaina. Hori dela eta, interesgarria deritzot aztertzea zenbatetarainokoa izan den bultzada horren isla. Oraingoan, zenbait aurrera pausoen zertzeladak nabarmentzera mugatuko naiz, horrek ez du esan nahi hobekuntzarako tarterik ez dagoenik.

Justizia feminista

Azpimarratzekoa da sexu erasoen eta sexu abusuen bereizketa desagertzen dela. Ezberdintasun horrekin bukatzea bada oso eskatua izan den aldaketa. Arrazoiak anitzak badira ere, kontuan izan behar dugu legeetan eta epaietan erabiltzen diren hitzak garrantzi handikoak direla, inpaktu sozial handia dutela. Abusu hitzak iraindu egiten ditu bere sexu-askatasunean eraso sakona sentitu dutenei. Bada termino juridikoa gizarte mailan ulertzen ez dena. Eskatutako aldaketekin argiago geratzen da delituaren oinarria dela pertsona baten sexuaskatasunaren aurka egitea haren adostasunik gabe.

Edozelan ere, sexu-indarkeria gizarte arazotzat hartzea eta ez banakako arazotzat, aurrerapausuak emateko lurzorua finkatzen du. Horrela, aurreproiektuak alderdi penalak ez ezik, prebentzio- eta sentsibilizazio-alderdiak ere garatzen ditu, baita biktimei eskubideak aitortzen dizkie ere. Oso konplexua den arazo bat izanik, erantzunak ere konplexuak izan behar direla aitortzen da, erantzunak ez dira zigorra ezartzera mugatzen. Aipatzekoak dira, esaterako, berdintasunean eta aniztasun afektibo-sexualean oinarritutako sexu-hezkuntzari buruzko edukiak sartuko direla hezkuntza-maila guztietan, eragile juridikoentzako formakuntza, laguntza integral espezializaturako eskubidea aitortzea, salaketa beharrezkoa ez izatea eskaintzen diren zerbitzuetan sarbidea izateko, edo kalte-konponketa eskubidea. Ikusteke dago zer motatako aldaketak jasoko dituen aurreproiektuak, eta benetako eredu aldaketarik eragiten duen.

Galde 31 negua/2021

Justizia feminista  Justizia feminista

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Justizia feminista”-ri buruz

  • Justiziak justua izan behar dau, ez feminista ezta matxista ere. Zuen aldarrikapenak Irakurtzen dotenien ikara sartzen jat.

  • Amonamantangorri 2021-01-01 17:43

    Egungo espainiar zigor-kodeko “Sexu-askatasunaren kontrako delitu” delakoak PSOEren gobernupeko lege-erreforma baten ondorio izan ziren, IU eta besteren babesarekin. Legegileen asmoa omen zen “estupro”, “violación” eta halako termino ustez zaharkituak ezabatzea, antza, orduko joera aurrerakoia horixe baitzen.

    Azkenik, artikuluren batean “violación” mantentzea onartu omen zen, PPk eskatuta. Azkenik, bi delitu mota bereizten dira: “abuso” eta “agresión”, bigarren hau “violación” ere deitua. Jakina, biak dira sexu-askatasunaren kontrako delituak, haien arteko aldea indarkerian eta hertsatzean egonik. “Hurto” eta “robo” edo “asesinato” eta “homicidio” bereizten diren bezalaxe. “Abuso” zigor bat gogorragoa izan liteke “agresión” zigor bat baino, kasuan kasuko agravanteak gaineratuz.

    Iruñean protestan atera zen lagun mordoak, beharbada, arestiko ñabardura horiek guziak ez zekizkien. Igual, “abuso” zigor kodetik kentzea exijitzen duen “gizarte” horrek ez daki hori guzia.

    Zer aldatzen ote du Berdintasun-Ministerio flamanteak hotsandiz iragarri duen lege proiektuak, horri dagokionez? Zenbait adituren ustez, deus gutxi, kasurik hoberenean. “Kasurik hoberenean” diote, izan ere, bereizketa nolabait garbi batean halako anbiguotasunak sartzeak igual ez die mesede eginen biktimei.

    “Bakarrik Bai da Bai” esaera kontsigna propagandistikoa besterik ez da, epaiketan beti frogak aztertu beharko baitira, orain arte bezala. Proposatzen den artikulu berriak ez du ez hanka ez buru.

    Beraz, zergatik aipatu Irene Monterok zuzentzen duen ministeriak iragarri duen (eta oraindik onartu gabe dagoen) lege-proiektua aurrerapauso gisa, “justizia feminista” baten bidean? Beharrezkoa al da espainiar zigor kodea aldaraztea, “abuso” eta “agresion” terminoak kentzeaz aparte?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude