Gabonak haragirik gabe

Gabonak haragirik gabe – 

Mahai ingurukoen artean zerbait arraroa gertatzen da haragia jateari uko egin eta gabonak iristen direnean.

Ez dakit zehazki zer den, baina urtea bakean pasatzen badut ere, garai hauetan jendea asaldaturik ibiltzen da platerean otarrainxka baten ordez, pate beganoz igurtzitako ogi zati bat dudalako. Pate beganoaren existentzia hutsak, izenagatik bada ere, haserretu egiten dituelako batzuk. “Zergatik hartzen dituzue haragiaren hitz propioak ez badira haragiz eginak” galdetu didaten momentu guztiekin ezin akordatu nabil. Hasieran denak direlako dudak, baina galderak bigarren zentzuz, ezjakintasunez eta mesfidantzaz egiten direnean hasten da arazoa.

Gabonak haragirik gabe

Jamoi, ostra, marisko, eta bestelako arrain eta haragiarekin nire tofu, humus eta seitana ikusteak amorrua ematen duela konturatu naiz. Arrotzak direlako -gabonetan jan behar diren horietan- eta zer esanik ez, produktu horiek ere sortalde arrotzekoak dira bertako produktuen defendatzaile “nazionalista kulinarioentzako”.

Eta hori guztia gertatzen den bitartean konturatu naiz deusek ez duela galdetzen zergatik egin diozun uko animaliak jateari, zein den zure erabakia eta zergatik iruditzen zaizun zuzena dela. Belarrak besterik jaten ez dituzula esango dizute, eta bat-batean barazkien defendatzaile sutsu izatera pasako dira: “ez, barazkiek ez dute sufrimendurik sentitzen eta ezin dira hil” mila bider errepikatu badiezu ere.

Beganoa izatea ez da erraza, ez dietagatik, besteen komentarioak behin eta berriro entzun behar direlako. Hautu pertsonal bat dena besteek iraintzat hartzen dutelako. Eta nola edo hala, beti bihurtzen da burlaren motibo.

COVID-ak gauza txar gehiegi ekarri ditu, hor ez dago dudarik, baina behintzat urteko sermoi horietatik askatu nau. Aurtengo gabonak bakean pasako ditugu.

Gabonak haragirik gabe

9 pentsamendu “Gabonak haragirik gabe”-ri buruz

  • Kaixo, bi galdera:
    1- Zero kilometrokoak al dira zure tofu, humus eta seitana?
    2- Zer jaten dute beganoen txakurrek?

  • Zuzeu-ko izar emergentea beganoa izateak ez nau batere harritu.
    Gaurko euskaldunari exijitzen zaion ortodoxia ederki betetzen du emakume honek. Eta argi gelditzen da zergatik dugun zain hain etorkizun iluna herri gisa.

  • tofu indigenoa 2020-12-28 17:55

    Azaltzen dituzun animal-jaleen erreakzioak tipikoak baino tipikoagoak dira; besteak beste, izugarri gustatzen zaie esatea begetala belarra baizik ez dela.
    “Pate”k ez du zertan haragikoa izan, izen hori “pastel” hitzaren bariantea da. Baina “tofu-lukainka” eta holakoak ez dira oso politak, ezta? Hainbeste begetal goxo direlarik munduan eta hemen: garia, artoa, indaba, dilista (eta soja ere) oso hurbil ekoizten dira, barazkiak aipatu gabe.
    Anti-beganoen argudio xelebreetan baditugu “letxugaren sufrimenduak” eta antzekoak, begetalek neuronak balituzte bezala. Baina hain kuttuna da pretenditzea animalien minez arduratzen direnak bost axola zaiela jendeenak. Bi sentsibilitateek loturarik ez balute bezala. Ez dute erantzunik ere merezi, salbu tentagarria dela Adorno-ren Minima moralia liburuari begirada bat eman diezaioten gomitatzea.

  • Begetalek neuronak eduki ala ez, berdin dio, geu bezain izaki bizidunak dira.
    Zer jan behar dute beraz beganoek? Ezer ere ez? Airea?
    Eta airea ere zergatik kendu behar diete besteei?

  • Kanpo-izatea (animaliak…) bortxatu nahi ezaren argudioarekin norberaren barne-izatea bortxatzea da beganismoa. Animalietatik eratorririko haragi eta koipea dietan barneratzeagatik gara homo sapiens sapiensak, eta elikagai horietan aurkitzen diren osagai asko eta asko funtsezkoak zaizkigu. Norberaren kontzientzia zuritzea helburu duen mortifikazio-bide bezala ulertzen dut beganismoa, erlijio-praktikanteek egiten duten bezala baina modu sekular batean. Hautu ulergarria izan daiteke, baina ez zait osasuntsua iruditzen.

  • Guztiz ados zurekin, Oier.

  • Tofu indigenoa 2020-12-29 16:21

    Edozein iritziri dagokion praktika erligioa da, beraz: libre hori uste izatea. Baina badirudi hemen erligio bakarrak direla kristianismoa eta beganismoa. Jakina, ez dute erligiorekin zerikusia animismoak, abertzalismoak, espainolismoak, kapitalismoak, sozialismoak, matxismoak, feminismoak, negazionismoak, euskalzaletasunismoak…
    Zoritxarrez edo zorionez, mundua erligioz betea da – edo kriptoerligioez, beharbada?
    Osterantzean, jaki begetalak bikainak dira, eta beganismoa izugarri osasungarria.

  • Maddi Etxeberria 2021-01-08 19:28

    Oier, esan duzuna ez da zientziak dioena. Aspaldi frogatu zen %100ean begetala den dieta erabat osasuntsua dela bizitzako etapa guztietan.

    Eta Amaia, eskerrak aurtengo gabonetan landareen sufrimenduari buruzko iruzkinak ekidin ditugun?

  • Maddi, zientziak ez du hori esaten. Batetik, umeei, nerabezaroei edo haurdun dauden emakumei dieta beganoa ezartzea ez da komenigarria eta bestetik, burmuinak egunero kontsumitzen ditugun kalorien %20a kontsumitzen du, hau da, dieta beganoak izugarrizko gabezia sortzen du eta ez soilik kalorien aldetik, baita aminoazido, bitaminak (B12, D3), hemo burdina eta gorputzak behar dituen beste nutrienten aldetik.
    Pirulak jan egin behar izatea dieta beganoa zer nolako dieta den nabarmentzen du.

    Zabor-jana oinarritutako dieta eta dieta beganoa txanpon bereko bi aldeak dira. Baina tira, bakoitzak masokista izateko eskubidea dauka.