Koronabirusik gabeko 24 hitz, pandemiarik gabe ere berdin ikasiko genituenak

Koronabirusik gabeko 24 hitz, pandemiarik gabe ere berdin ikasiko genituenak –

Koronabirusik gabeko 24 hitz, pandemiarik gabe ere berdin ikasiko genituenakGuk esan gabe, zuk ere badakizu aurten hitz berri asko ikasi ditugula. Baina seguruenik gogora etorriko zaizkizun gehienak, ez badira denak, ditxosozko pandemia honi buruzkoak izango dira. Bateko koronabirusa eta besteko korinabirusa ibili gara jo eta ke. Halere, oro ez omen da urre. Eta urte katramilatsu honetan bestelako gaiak ere ahotan ibili ditugula frogatzen saiatzeko edo, gureari eutsiz, urtebetean uste dugun baino hitz berri gehiago gureganatzen ditugula berresten saiatzeko (bakoitza bere zoroak bizi du!), alde batera utziko ditugu aurtengo errepasoan COVID-19a, maskara (musukoa ere bai!), PCRak, konfinamendu eta deskonfinamenduak, normaltasun berria, ez-jaiak, LABI famatua, debekatutako kale-zurrutak, telelana, negazionistak (batez ere, negazionistak!), mutazioak eta gainerako petralkeria horiek guztiak. Hiztegi bat betetzeko adinako sorta osatuko genuke horrelakoak soilik biltzen hasiko bagina. Pentsa! Euskaltzaindiak ere atera du aurten koronabirusari buruzko bere hiztegitxoa!

Ez, ez, ez! Ez dugu urte-amaiera ere kopetilun bukatzeko inolako gogorik eta, beraz, aurtengo gure zerrenda COVID gabekoa izango da. COVID free, jende modernoak esango lukeen bezala. Edo horretan saiatuko gara, behintzat. Ea lortzen dugun:

.

1) Eztabaida dezente izan genuen urte-hasieran, hamarkada berria hasi ote genuen ala ez. Guk ez dugu auzi hori ebatziko, baina hasi, hasi, ziur, Euskadi Irratian Baipasa irratsaio berria hasi zen urtearekin batera, eta bertan ikasi genuen, irratsaio berriaren bigarren egunean, Psephurus gladius arraina izan zela ofizialki hamarkadako lehen espezie desagertua. Eta horixe, gure zerrendako lehen hitza.

2) Betiko dantza: hitz batzuk ikasi eta besteak desikasi egin behar. Horrela ahaztuko dugu laster Holanda, Herbehereek ofizialki erabaki baitzuten hitz hori ez erabiltzea beren herrialdea izendatzeko. Atzerrian duten itxura hobetu nahi izan omen dute erabaki horrekin. Batez ere, jende askori Holanda hitzak prostituzioa eta droga-kontsumoa ekartzen dizkiolako gogora. Agur, Holanda, beraz.

3) Eta kaixo CGI! Horrela ikusita, ez dakizu zer den, ezta? Guk ere… ez pentsa! Baina agian gogoratuko duzu nolako zeresana eman zuen Martin Scorseseren azken filmean Robert De Niro ordenagailu bidez gaztetu izanak. Bada, gogoratu edo ez, CGI edo computer-generated imagery deitzen omen diote aldrebeskeria hori egiteko erabili zuten teknikari: euskara txukunean, konputagailuz sortutako irudi, Wikipediak dioenez!

4) Gauza ederra da, gero, Wikipedia euskaraz izatea! Eta horixe ospatu genuen aurten euskaldunok 350.000 artikuluren langa gainditu genuela jakitean. Gogoratzen zein izan zen sarrera hura? Dardarina, Parkinsonen gaixotasunarekin erlazionatutako gene bat, alegia.

5) Zulo ederra utziko luke Wikipediak, inoiz desagertuko balitz. Eta agian gutako askok aurten lehenengoz entzun dugun  jet grouting horrekin betetzeko ere lanak izango genituzke. Behintzat, teknika hori hautatu zuten Donostiako metroaren lanetan, «tunela egin aurretik harkaitz biguneko tarte bat sendotzeko eta indartzeko», Irekia atarian irakurri genuenez.

6) Zulo sakonagoetan sartu gabe ere, aurten ez dugu kalapita gutxi izan hezkuntzaren inguruan ultraeskuinak (eta eskuinak) esandakoekin. Horrela, barra-barra ibili dira albisteetan guraso PINa, pin parentala, eta, argiago esan nahi bada, gurasoen betoa. Funtsean, aldarrikatzen zuten gurasoen beto-eskubidea eta ikasleek balio demokratikoei buruzko ekintzetan parte har dezaketen erabakitzea.

7) Politika-kontuak utzi gabe, behin baino gehiagotan izan dugu hizpide aurten aurkari politikoen kontrako jazarpen judiziala, lawfare esaten diotena. Besteak beste, Kataluniako auziaren harira maiz erabili da komunikabideetan, baina, tamalez, bestelako adibideak ere ugari izan ditugu han eta hemen.

8) Eta jazarpen judizialetik arrakala orgasmikora ibili gara: urte hau halakoxea izan da! Angel Erroren hitzetan, «izugarria behar du arrakala orgasmikoa bezalako izen sintagmaren beldur» izatea. Beldurragatik edo ez, baina kontua da Iruñeko Udalak bertan behera utzi zuela izenburu horrekin Paola Damontik ematekoa zuen hitzaldia eta horrek, jakina, dezenteko zeresana eman zuela. Azkenean, Katakraken eman zuen hitzaldia Damontik.

9) Orgasmoak ez dakigu, baina perretxikoak agian gogoko izango dituzu. Hala bada, gogoan hartuko zenuen Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek orain arte katalogatu gabeko onddo-espezie bat aurkitu zutela Pagoetan. Pseudosclerococcum golindoi izena eman zioten, eta, bai, Jose Luis Albizu «Golindo» Aranzadiko mikologo zarauztarraren omenez jarri zioten golindoi hori, kontatu zutenez.

10) Izendapen zientifikoen sokari tiraka, bihotza urratu digun Zaldibarko ezbeharrak lindanoa ekarri zuen albisteetara. Ekologistek «susmo sendoa» zuten Zaldibarren lindanoa egon zitekeela, Berrian irakurri genuenez. Estilo Liburuak bere ekarpena ere egin zion hiztegiari.

11) Albiste haren harira, inork gutxik aurreikus zezakeenean hainbeste hilabete beharko zirenik desagertuen gorpuak berreskuratzeko, iltzatuta geratu zitzaizkigun lur-jausia, luizia eta parekoak. Besarkada estu bat hemendik langileen senitarteko eta hurbilekoei, bide batez.

12) Handik denbora-puska batera, Donostian umerik onartzen ez duen lehen hotela ireki zutenean, umefobia sartu zitzaigun hiztegian; eta gero ere, parkeak itxi eta irekitzen ez zituztenean, dezente entzun dugula esango genuke, baina ez dugu halakorik esango, agindu dugulako zerrenda honetan pandemia ez genuela aipatuko. Uf! Justu-justu ibili gara oraingoan!

13) Hiztegian aspalditik jasota genuen txalaparta; behintzat, euskarazko hiztegietan. Baina aurten Espainiako RAEk iragarri zuenez, «Nuevo Diccionario Histórico del Español» hiztegira ere jauzi egin du, txalapartari eta txalaparterorekin batera. Horiek guztiak bitara idatziak, tx– eta ch– hasita, gainera.

14) Espainieraren Akademiak ez ezik, Euskaltzaindiak ere aurten bitan eguneratu du euskararen hiztegi arauemailea, urtero bezala, alegia. Eta, adibidez, uztaileko eguneratzean soilik, 719 forma berri gehitu zituen. Horien artean, mandotik astora erori sartu zuen ‘egoera txar batetik beste okerrago batera igaro’ adierazteko.

Bide batez… Esamolde horren harira, lasai, ez dugu hemen jasoko Antton Telleriak aurten asmatutako beste esapide hura, Barre Librean bota zuena. Guk zein baino zein gogokoago baititugu Ermua eta Eibar! ?

15) «Egin eta desegin, dena da zeregin». Hori dio esaerak. Eta aurten ere horixe gertatu zaigu guri. 2016an poz-pozik sartu genituen «Ezkio» eta «Itsaso» orduko hitz berrien zerrendan, bi herriek banantzea erabaki zutelako urte hartan. Aurten, ordea, berriro sartu behar izan dugu Ezkio-Itsaso, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi duelako erreferendum bidez hartutako erabaki hura. Ea zertan geratzen den kontua!

16) Sare sozialetan zuk ere agian ikusiko zenuen norbait habeas corpus oihuka. Legezko betebeharrak errespetatu gabe inor atxilotzea ez da txantxetako kontua, noski; baina bateko eta besteko arrazoiak direla eta, egoera zelebre samarretan ere ikusi ditugu halakoak aurten. Esaterako, abuztuan sartzear geundenean, Twitterren hizpide izan zen esamolde hori Valentziako (Herrialde Katalanak) Vinaròs-ko polizia bati emakume batek grabatutako irudiak zirela eta.

17) Kontu atseginagoak ere izan ditugu, ordea. Irailean oihartzun handia izan zuen sare sozialetan gaztelaniazko follamigoren ordain gisa Elhuyar Hiztegian txorta-lagun sarrera gehitu izanak (larru-lagun formarekin batera). Ezin esan hitz berria dugunik, baina bai oso egokia gazteen (eta ez hain gazteen) artean ohikoa den kontzeptu hori izendatzeko. Kontua da orain arte ez zegoela hiztegian jasoa; ez eta OEH hiztegian edo EHUren Egungo Euskararen Hiztegian ere, esate baterako.

18) Beti ikasten dugu zerbait. Adibidez, euskaldunon geneetan duela 2.000 urteko efektu fundatzailea aurkitu dutela irakurri dugu aurten Sustatun. Eta, gehienok bezala, efektu fundatzaileak (founder events, ingelesez) bazirenik ere ez bazenekien, bada, dagoeneko bi gauza berri ikasiko dituzu artikulu hori irakurtzean: izena eta izana, alegia.

19) Ondoren, zientzialarien beste aurkikuntza batek ekarri zuen fosfanoa albisteetara. Edu Lartzangurenek Berrian kontatu zigunez, jakin-min handia piztu zuen gas hori Artizarreko atmosferan aurkitu izanak, Lurrean prozesu biologikoen ondorioz sortzen baita. Albistean bertan esaten zenez, gas horren izenarekin halako zalantza bat dago: «fosfano» edo «fosfina» behar du? Bietara ikusten baita. Bada, bi sarrera horiek aurten berrikusi ditugu Euskaltermen, IUPAC nazioarteko erakundeak emandako arauei hertsiki jarraituz.

20) Handik pixka batera, euskarazko esamolde bat hautatu zuen Samuel L. Jackson aktore estatubatuarrak Trump popatik hartzera bidaltzeko. Gainera, Trump bera aipatu gabe egin zuen, 15 hizkuntzatan, Mikel Reparazek kontatu zigun bezala; hizkuntza horien artean, euskara izan zen lehen-lehena.

“Zoaz popatik hartzera!” Samuel L. Jackson euskaraz Trump-i?

21) Eta, gezurra badirudi ere, etxean inoiz baino denbora gehiago egin dugun urtean ahotan ibili ditugu okupak, halakoren bat noiznahi sukalderaino sartuko zitzaigula sinetsarazi nahi izan digutelako. Baina sartu, alarma-etxeen publizitate-oldar amaigabea baino ez zaigu sartu, guri behintzat. Hori bai, hiztegi arauemailean lehendik sartua zuen Euskaltzaindiak hitz hori. Eta gero esango dute ez dela bizkor ibiltzen!

22) Hitz berriak ez ezik, zaharrak ere jasotzen ditu Akademiak. Bestela, hortxe duzu OEH hiztegian hondale sarrera, Beñat Sarasolarekin lankidetzan Cristina Iglesiasek Donostiako Santa Klara uhartean egongo den artelanarentzat hautatu duen izena, hain zuzen ere. ‘Itsas leizea’ esan nahi du, baita ‘amildegia itsasoan’, ‘sakonera abisala’ eta ‘itsas hondoa’ ere. Ez al da ederra? Izan ere, zein aberatsa den euskara, ezta?

23) Eta euskara bera hizpide dugun honetan albiste izan dugu abendua hasi berritan, Nafarroan haur eta lehen hezkuntzako vascuence navarra irakasleen espezialitateak euskera izendapena izango duela hemendik aurrera. Akabo, beraz, vascuence navarra gora eta vascuence navarra behera ibiltzeari, e!

24) Eta urte txatxu hau apur bat gozatzeko, euskararen historia osoko testu zaharrenetako bat aurkitu dute Oñatin; bai, Ene laztan gozo ederra hitzekin hasten den hori. Ez esan, gero, 2020ak ezer onik ekarri ez digunik!

Ozta-ozta, baina koronabirusari, edo Trumpek idatziko lukeen bezala, Karonabirusari, iskin egiteko adina hitz berri (eta zahar) ikasi ditugu denon artean oraingoan ere. Datorren urtean beste hainbeste egiteko osasuna izatearekin, gu pozik. Bitartean, zaindu zuen buruak eta ingurukoak!

Koronabirusik gabeko 24 hitz  Koronabirusik gabeko 24 hitz 

Koronabirusik gabeko 24 hitz