Josefa Berasategi: “Guri inork ez digu barkamenik eskatu”

Josefa Berasategi –

Antiguotarra da Josefa Berasategi Etxeberria, eta 83 urte dauzka. Bere aita, Hipolito Berasategi, atxilotuta eraman zuten guardia zibilek 1936ko urrian, eta Ondarretako espetxean preso atxiki. Josefaren ama, Joxepa Etxeberria, egunero pasatzen zen kartzelatik, jana edo arropa eramatera. Egun batean, ordea, senarra bertan ez zela esan zioten poliziek, “askatu zutela”. Ez zen gehiago etxean agertu. Josefak 21 hilabete zeuzkan orduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman die 1936ko biktimei, eta hemen duzue horren karietara egindako elkarrizketa.

Josefa Berasategi

Zergatik atxilotu zuten zure aita?

Ez dakit zehazki, gure amak ez zuelako inoiz horren inguruan hitz egin nahi izan. Urte askoren buruan izeba batek esan zidan UGTkoa zela (Lizarriturri enpresan egiten zuen lan). Jendearen artean ezinikusi handiak ere baziren garai hartan, eta norbaitek salatu zuen. Anaia eta biok amarekin amona bisitatzera joan ginen, eta kanpoan geundela atxilotu zuten, 1936ko urriaren 29an. Itzultzerakoan aldameneko Isabelek kontatu zigun gertatutakoa, aita Ondarretara eraman zutela, eta bera gelditu zen gu zaintzen ama kartzelara joan zen bitartean.

Ama beranduago itzuli zen, eta baietz, han zela, eta guardiek esan zieten jana eta mantaren bat eraman zezakeela. Handik aurrera egunero joaten zen ama kartzelara, eta gizonek sekulako garrasiak egiten omen zituzten ziega barruetatik: “Emakumeak! Maita itzazue gure seme-alabak!”. Haiek bazekiten zer zegoen.

Azaroaren 7an joan zenean, amari esan zioten aita askatu zutela. “Nola askatu? Ez da eta etxean agertu!” Amak galderak egiten jarraitu zuen, eta guardia zibilek esan zioten alde egiten ez bazuen ostikoka bidaliko zutela.

Josefa Berasategi
Hipolito Berasategi, eskubian. Argazki hau fusilatu baten poltsikoan aurkitu zuten.
Josefa Berasategi
Hipolito Berasategi, erdian

Nola egin zion aurre egoerari zuen amak?

Oso gogorra izan zen, oso. Gure amonarengana joan zen, aitaren amarengana, eta berak anaia eta biok “miserikordian” (ospizioan) sartzeko esan zion. Amak garbi erantzun zion: “lan egiteko eskuak dauzkadan bitartean nire umeak ez doaz horra”. Etxekoandre lanetan aritu zen. Aitaren anai bat frailea zen, beste aldekoa, eta harrek esan zion amari ez zuela inoiz jakingo non zegoen lurperatuta gure aita. Zer edo zer jakingo zuen harek, “Carmelita descalzo”-ko fraile harek… Amak lan asko egin zuen gu aurrera ateratzeko, eta amona (amaren ama) arduratzen zen gutaz ama kanpoan zen bitartean, berarekin bizi izan ginen . 1989an hil zen gure ama.

Lehenago aipatu duzu amak ez zuela honi buruz hitz egin nahi izaten.

Beldurra zegoen, eta tristura. Ez zitzaion hitzik ateratzen. Behin, zortzi urte bete nituenean, amari galdetu nion: “ama, gure aita zein da?”. Eta berak erantzun: “zure aita hilda dago”. Nire anaia ondoan zegoen, eta barru-barrutik atera zitzaion: “Gure aita ez dago hilda! Gure aita Frankok hil zuen!”.

Umetan bazterkeria jasan zenuten?

Bai. Gure anaiak bereziki, zaharragoa baitzen: “zure aita gorria zelako hil zuten!”. Bai umeek, eta bai maisuek. Bizilagun askok ere gaizki begiratzen ziguten. Nik sentitzen nuen bagenuela beste etxe batzuetan ez zena. Franko hil ondoren ere saiatu ginen aitaren gorpua aurkitzen, baina orduan ere tokietatik bidaltzen gintuzten, inork ez zekien ezer, eta ia… Lagunak egitea ere zaila zen, batzuk aldatu behar izan ditut mespretxatzen gintuztelako.

Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak frankismoaren biktimei omenaldiak egin dizkienean, han izan zara.

Josefa BerasategiBai, lehenengoan engainatuta eraman ninduten, ez nekien nora nihoan. Telebistan ingurukoek ikusi ninduten, eta ni urduri, ez nintzen ezer esateko gai izan. Hunkitu egin nintzen. Horren ondorioz ere prentsarekin hitz egitea tokatu zitzaidan, eta gure etxeko historia hedabideei kontatzea.

Instituzioek urte askotan bizkarra eman ziguten, gure ama hitzik gabe gelditzen zen. Franko hil ondoren galdezka ibili ginen, eta “por rojos” ere entzun behar izan genuen, mespretxua, edo inork ez zekiela ezer… Nik aurkitu nahiko nuke, baina dakigun gauza bakarra da Hernanin fusilatu zutela, eta ia 83 urte ditut… Norbaitek jakingo zuen, edo du, non dagoen gorpua, baina inork ez du ezer esan.

Eta amaitzeko, azpimarratu nahi dut ez digutela barkamenik eskatu, ez guri eta ez inori. Gure amak bi ume atera behar izan zituen aurrera, baina beste emakume batzuk lau, sei umerekin geratu ziren, bakarrik. Inork ez digu barkamenik eskatu.

Josefa Berasategi

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Josefa Berasategi: “Guri inork ez digu barkamenik eskatu””-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-05-05 13:41

    Euskaldunen genozidioa

  • Kontua , gaur egungo agintarien aburuz, bi zedarri esistitzen direla da:
    1.- ETAk eragindako erahilketa guztiz arbuiagarriak, inongo justifikaziorik ez dutenak. Eta munduko zigor posible guziak merezi dituztenak.
    2.- Gerra zibilekoak, aspaldi-aspaldiko historiak, non euskal gizartea biktima izan zen.

    Lehendabizikoari eskatu behar zaizkio eskatu beharreko denak eta gehiago; eta gerra zibilekoak, historia direnez, gera bitez dokumentaletan, Agirreren irudietan eta horrelakoetan.

    Ikusi dezakezuenez, gaur egun ez dago lekurik gerra zibilaren biktima bizi baten erreklamaziorako. Asko jota, berau hil eta hogeitaka urteetara egingo da aitortza, historiako dokumental batean.

    Bitartean, Mariano dame grano eta Aitor te dejo mi tractor, demokrata bakezaleekin akordioak erdiesten.
    Horrelaxe.