Ikasleen onarpena, herritarren sailkapena

Ikasleen onarpena, herritarren sailkapena –

Ikasleen onarpena, herritarren sailkapenaGainean dugu urtero Hezkuntza Sailak ikasleen onarpenerako irekitzen duen garaia. Agerikoa da prozesu honek hutsune nabarmenak dituela. Egun indarrean dagoen araudiak eta Jaurlaritzaren zein ikastetxe itundu gehienen jokabideak herritarrak bereiztea du helburu. Horregatik ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzeko ikasleen onarpenean kontuan izan beharrekoak zerrendatu nahiko genituzke.

  • Iruditzen zaigu ikasleen onarpen prozesuak administrazioaren eskuetan egon beharko lukeela eta ikastetxeek prozesu honetan ez luketela zertan parte hartu behar. Agerikoa da ikastetxe askok informazio okerra ematen dutela bere intereseko familiak aukeratu ahal izateko: erlijioa, kuotak, hezkuntza eskaintza, ikaspostu libreen kopurua… Beraz, ezinbestekoa da administrazioaren kontrolpean egongo liratekeen matrikulazio bulegoetan egitea onarpen prozesua, eta ez ikastetxeetan.

  • Ikastetxe pribatu itunduek atxikituta dituzten haurreskoletan matrikulatuta dauden haurrei ibilbidea bermatzen diete titulartasun bereko ikastetxe pribatuan bertan. Sarritan, eskaintza iruzurti hau udalek kudeatzen dute, udalaren 0-3 zerbitzua azpikontratatuz herriko ikastetxe itunduaren haurreskolari. Adin tarte horretan eskolarizatu gabeko haurrek eta Haurreskola Partzuergoko umeek, aldiz, bi urteko geletan sartzeko ikasleak onartzeko eta eskolatzeko araudiak adierazitako prozeduran parte hartu behar dute.

  • Ikasleen onarpena planifikatutako gelen baitan egin beharko litzateke soilik. Badakigu ikastetxe pribatuetako baimendutako gelen afera konplexua dela, baina Ordiziako kasuan fiskaltzak eta Arartekoak garbi adierazi dute Hezkuntza Sailak planifikatutakoa ezin dela gainditu, bestela desorekak sortzen baitira.

  • Ikasleak onartzeko araudian ikasle guztiek doako ikaspostu bat izateko eskubidea dutela esaten da, baina jarraian, doakotasuna haur hezkuntzako bigarren ziklotik aurrera soilik bermatuko zaiela arautzen da. Zer gertatzen da orduan bi urteko gelekin titulartasun pribatuko ikastetxeetan? Zergatik egiten da onarpen prozesua doakotasuna bermatuta ez dagoen Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan? Ikasleen onarpena 3 urteko geletarako egin beharko litzateke.

  • Bi urteko gelen ratioen kontrola beharrezkoa da ikastetxe pribatu itunduetan. Bi urteko geletan 18 ikasle egon beharko lirateke gehienez, publikoetan zein pribatuetan (administrazioak onartutako salbuespenak salbuespen). Jakin badakigu, doakoa ez den adin tarte honetako gela pribatu askotan (ez dira itunduak, diruz lagunduak baizik)25 ikasle baino gehiago onartu izan ohi direla, ikaragarrizko kuotak ordainduz, hiru urteko geletan sortu eta doakoak izan beharko liratekeen ikaspostuak mugatuz.

  • Erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa da ikastetxe guztietan eta hautazkoa familientzat. Ikastetxe erlijiosoetan, aldiz, derrigorrezkoa da de facto. Araua guztiontzat bera bada, zergatik ez die Hezkuntza Sailak araua betearazten ikastetxe pribatu erlijiosoei?

  • Doakotasuna derrigorrezkoa da, ez da ikastetxe bakoitzaren borondatearen araberako erabaki bat. Gaur egun ikastetxe pribatu itunduek jasotzen duten diruarekin doako eskaintza egiteko aukera eta betebeharra dute 3 urteko geletatik gora. Lanbide Heziketan eta Batxilergoan ere, itunduta dauden heinean, horien eskaintza ere doakoa izan beharko litzateke.

  • Kooperatiba gero eta gehiago ditugu. Eratzen ari diren ikastetxe pribatu gehienek eredu hori aukeratzen dute, erkidegoko zein estatuko legediak beste forma juridiko batzuei ahalbideratzen ez dizkien pribilegioak ematen baitizkie. Kooperatibista izateak begi-bistakoak diren abantaila ekartzen dizkie familiei beren seme-alabak ikastetxe pribatu horretan matrikulatzeko garaian. Gainera, kooperatibista izan gabe, ikasle bat ikastetxe batean onartua denean, ez ditu kooperatibista diren gainontzeko familien eskubide berberak. Hortaz, kooperatiben baitan ere familien bereizketa ematen da.

  • Eskola kontseiluek ikasleen onarpenerako ematen dituzten puntuek askoz kontrol zorrotzagoa beharko lukete. Puntu hau ezin da ikasle mota bat edo beste bat aukeratzeko akuilua izan.

  • Eskola mapa berritzea ezinbestekoa da. Eskola mapa berri horrek ikasle guztien aukera berdintasunari eta herritarron ongizate komunari erantzun beharko lieke, eta ez ikastetxe zehatzen interes partikularrei.

Asko hitz egin da aste hauetan gure hezkuntza sistema eraberritu beharraz. Etorkizunera begirako ikuspegi ezberdinak daude, guztiak zilegi, baina epe ertain eta luzera begiratzea ez da nahikoa. Eragin ikaragarria izango luketen pauso eta konpromiso txikiez hitz gutxi entzun dugu. Hezkuntza Saila eta ikastetxe itundu gehienak ez badaude prest gutxieneko konpromiso hauei heltzeko, nola izango da posible etorkizunera begiratzea?

Jakin badakigu neurri hauek guztiak beteta ere, jatorri, sinismen edo egoera sozioekonomikoagatik ikasle askok jasaten duten bazterkeria ez genukeela erabat gaindituko, eredu kapitalista baten pean gauden bitartean hezkuntzak, neurri batean edo bestean, ondorioak pairatuko dituelako. Baina, uste dugu, egungo EAEko sistemak askoz gehiago eskaini diezaiokeela justizia sozialean oinarritutako gizarte kohesionatuago baten eraikuntzari. Eskola publikoaren konpromisoa ikaragarria izaten ari da. Eta itundutako ikastetxeena? Begi-bistan dago, oro har, ezetz. Beste lehentasun batzuk dituzte, zilegiak diru publikoz hornituta egongo ez balira. Beraz, gizarte kohesioari ekarpenik egin ezean, diru laguntza horiek berehala eten beharko lirateke. Ikasleen onarpena ezin da herritarren sailkapenerako beste tresna bat izan.

.

Nagore Iturrioz López
Aitor Idigoras Lasaga

Ikasleen onarpena, herritarren sailkapena

Zer duzu buruan “Ikasleen onarpena, herritarren sailkapena”-ri buruz

  • Steilas-ekoek urte mordoxka daroazue abertzale kutsu daukan guztiari aurka egiten. Itunpeko ikastetxeei dagokionez, ezer berririk ez. Ikastolek eta hauek suposatzen duten proiektuaren aurka egiteko, beti aitzaki bila.
    Bakean utzi gaitzazue, arren!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude