Ihesa zilegi balitz

Ihesa zilegi balitz –

Pertsona migratzaileen errealitatea lau fotokazetariren irudien bidez erakusten digun erakusketa. Formatu handiko 46 irudiz osatutako sei egitura ditu, eta datorren apirilaren 7ra arte ikusi ahal izango da Donostiako Bulebarrean.

Ihesa zilegi balitz
Arg: Gari Garaialde

‘Ihesa zilegia balitz. Huir es un derecho. Ce sont des personnes’ izeneko erakusketa ikusi ahal izango da gaurtik apirilaren 7ra arte Donostiako Bulebarrean. Gari Garaialde (Irun, 1972) eta Javi Julio (Donostia, 1978) argazkilariek bultzatu duten egitasmoaren helburua da Irundik muga zeharkatzen saiatzen diren pertsonen egoera ikusaraztea. Azken bost urteotan 25.000 pertsona inguruk zeharkatu dute muga modu klandestinoan. Ahalegin horretan bederatzi lagun hil dira.

Bidasoako muga zeharkatzeko migratzaileek egiten duten ibilbidea erakutsi nahi du erakusketak, eta errealitate hori testuinguruan jarri. Horretarako freelance argazkilari ezagunek egindako formatu handiko 46 argazki jarriko dira kalean. Proiektuaren sustatzaileen lanez gain, erakusketan Mikel Oibarren (Bilbo, 1987) eta Santi Donaireren (Jaén, 1988) lanak ikus daitezke.

U formako sei egitura ditu erakusketak, bakoitza bi metro zabal eta metro bat eta laurogei metro garai diren hiru argazki olanez osatuak. Egitura bakoitzak errealitate bati erreparatzen dio, hurbilagokoa edo urrunagokoa, gure mugan hartutako irudiak erakusten baititu, baina baita Melillan (Espainia), Lesbosen (Grezia), Zarzisen (Tunis), Angersen (Frantzia), Biella eta Pozallon (Italia) edo Mediterraneoan ere. Irudien artean, hain zuzen, 2019ko azaroan Aita Marik egindako lehen erreskate-operaziokoak daude.

Argazkiak euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuekin eta mapekin tartekatzen dira, beti ere, gizaki gisa interpelatzen gaituen drama batera hurbiltzeko asmoz. Egunero-egunero iristen dira gurera. Etengabe. Ihesi datoz, gerratik, jazarpenetik edo miseriatik, beti norabide berean, hegoaldetik iparraldera, bizimodu hobe baten bila, baina zeharkaldian oztopoak baino ez dituzte aurkitzen: harresiak, hesiak, mugak, kontrolak, miaketak, atxiloketak, deportazioak…

Berlingo Harresia erori zenean, 1989ko azaroaren 9an, hamabost harresi zeuden mundu osoan. Gaur egun ia bost aldiz gehiago dira. Hala, egitura bakoitzak harresi bat irudikatzen du. Bigarrena, ‘Bidasoako harresia’, errealitate gertuenari buruzkoa da, ikusi nahi ez dugun baina hemen dugun errealitate bati buruzkoa. Hirugarren moduluak mugen esternalizazioa jartzen du agerian, izan ere,  Melillako egoera jasotzen du: ‘Hegoaldeko harresiak’. Laugarren egiturak, ‘Itsasoa harresi gisa’ izenekoak, Mediterraneoko egoera erakusten digu; Mare Nostrum-ean 28.000 pertsona baino gehiago hil direla kalkulatzen da. ‘Lurra harresi moduan’ moduluak, bosgarrenak, Greziako uharteetako errealitatea hurbiltzen digu; han 30.000 eta 40.000 errefuxiatu artean daude harrapatuta.

Azken moduluak, ‘Hormak, mapak eta bizitzak’ izenekoak, Saharaz hegoaldeko lau pertsonaren odisea erakusten du, jatorrizko herrialdeetatik kontinentera iristeko egin duten milaka kilometroko ibilbidea, alegia. Erakusketari izenburua ematen dion Xabier Leteren poemarekin amaitzen da erakusketa: Ihesa zilegi balitz.  Mikel Laboak kanta bihurtu zuenean mitiko bihurtu zen olerkia.

Gari Garaialdek eta Javi Juliok uste dute ezinbestekoa dela gure garaiko drama hau hurbiltzea eta kontatzea: “Pertsona bakoitza ihes egitera behartzen edo bultzatzen duten arrazoiak gorabehera, inork ez du merezi hiltzea bizitza hobea izan nahi duelako. Zilegi balitz ihes egitea, erakusketaren izenburuak dioen bezala, hori ez litzateke gertatuko”.

“Gure garaiko tragedia handienetako bat da, baina nahiago dugu beste alde batera begiratu; horregatik uste dugu gizarteak interpelatuta sentitu behar duela errealitate horren aurrean. Irudi hauek begiratzera eta ikustera gonbidatzen gaituzte, gure kontzientziak astintzen dituzte. Ezin dugu ahaztu hemen eta orain gertatzen den errealitate bat dela, eta axolagabekeriaz begiratzen dugula. Ez da urruneko errealitatea. Bidasoa harresi bat bihurtu da. Gure etxeen aurretik milaka pertsona igarotzen dira Europarantz. Irundik egunero saiatzen dira muga zeharkatzen. Herri hau milaka migratzailerentzako igarobide bihurtu da”.

Arg: Javi Julio

Bi argazkilariek uste dute badela garaia mitoak, aurreiritziak eta estereotipoak hausteko eta ihes egiten duten pertsonak pertsonak direla ohar gaitezen. Hala ere, bi argazkilarien hitzetan, giza eskubideen urraketa etengabea da migrazio ibilbideetan: “Politika krudelak, gupidagabeak, eta ankerrak ezartzen dira. Frantziak muga militarizatu du, pertsonen zirkulazio librea galaraziz. 2018az geroztik, kontrola zorrotza da. Gure begien aurrean kanporatzen dituzte muga zeharkatzea lortu duten pertsonak. Frantziak 2020ko martxoan itxi zituen mugak, pandemiaren testuinguruan, eta terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin Santiago eta Behobiako zubien kontrolei eutsi die. 2023an, berriz ireki ziren zubiak, baina egunero kanporatzen dira pertsona migratzaileak, paperik gabeak, azal ilunagokoak beti”.

Garaialdek eta Juliok gizarte gaiekin eta giza eskubideekin konprometituta daude. Biek ala biek ibilbide luzea egin dute argazkilari gisa, eta orain proiektu hau gauzatzeko elkartu dira. Susana Fernández (Irun, 1983) arduratu da erakusketaren diseinuaz, eta testuak, berriz, Kristina Berasain kazetariak idatzi ditu (Lizarra, 1973).

Donostiako Udaleko Lankidetza Sailaren laguntza du erakusketak, hala nola, proiektua sustatu duten bi argazkilarien agentziak ere: Bostok Photo eta Nervio. Proiektuak hainbat laguntzaile ere izan ditu: Orona Fundazioa, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkartea eta Izarkom.

Erakusketa ibiltaria izango da, asmoa baita Euskal Herriko beste herri batzuetan ikusi ahal izatea. Donostian bisita gidatuak egin ahal izango dira bi argazkilarien eskutik. Ikasleentzat egingo dira bisitaldiak, baina baita publiko orokorrarentzat. Horretarako, Bostok-en web orrian eman daiteke izena: www.bostokphoto.com

Ihesa zilegi balitz  Ihesa zilegi balitz  Ihesa zilegi balitz  Ihesa zilegi balitz

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude