Ustelkeriaren normalizazioa

Ustelkeriaren normalizazioa –

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera begira aurkituko ditugu kasu gehiago noski, besteak beste, ibilbide judiziala bukatu berri duen Bravo auzia. EAJren senatari legealdi batez, eta Gipuzkoako Ogasuneko buru urte luzez, 1,9 milioi euro lapurtu eta ogasunean zortzi milioiko galera eragiteagatik epaitu zuten Victor Bravo. Baina auzia gehiegi luzatu eta zigor erdia betetzearekin nahikoa izango du.

Ustelkeriaren normalizazioa
Arg: klimkin

Alderdien arteko zarata politikorako tresna besterik ez da hau ere, ustelkeriak herritarroi eragiten digun galera ekonomikoa eztabaidaren erdigunean jarri eta egiturazko arazo politiko hori errotik aldatzea lehentasuna izan beharrean

Espetxea saihestuko du, eta nire aldetik inolako arazorik ez. Herritar gisa horrek ez ditu nire eskubideak zertan ukitzen. Finantziazio publikoari hainbesteko galerak eragiteagatik ordea, ondorioa isun bat izatea, galtzaile zuzena egiten nau. Ulergaitza da Gipuzkoako arduradun politiko eta instituzionalek ez ezagutzea urtez urte handitzen ari zen zulo beltz hori; baina batez ere, ezinezkoa litzateke halako lapurreta sistematikorik egitea, sistemak berak horretarako aukerik emango ez balu. Europan urtero 904.000 milioi euro lapurtzea hain onarturik baldin badago, sistemak “bere bidea” egitearen kostu bezala ikusten delako da.

Ustelkeriak ere “bere bidea” egiten jarraitzen du. Publiko-pribatu elkarlanaren izenean diru publikoa enpresa pribatuetara bideratzeko dauden erraztasunez gain, hortik aberasteko aukeraz baliatzen direnek milioiak lapurtzen dizkigute urtero. Eta Koldo auzia-rekin berriz gertatu da. Baina alderdien arteko zarata politikorako tresna besterik ez da hau ere, ustelkeriak herritarroi eragiten digun galera ekonomikoa eztabaidaren erdigunean jarri eta egiturazko arazo politiko hori errotik aldatzea lehentasuna izan beharrean. Ez dugu halakorik entzun egun hauetan, eta izan dadila neurri eraginkorragoak daudelako, baina aspaldikoa da isilik geratzeko ohitura alderdi batzuen artean. Berri txarra litzateke alderdi gehiago batzea joko politiko horretara.

ARGIAn argitaratua

Ustelkeriaren normalizazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude