Historia ez da gelditzen

Historia ez da gelditzen –

Duela hamar urte, 2011ko urrian, ETA euskal erakunde armatuak aldarrikatu zuen bere gudukari amaiera ematen ziola, eta ondotik hitza bete du ekintzarik ez eginez, gero Iparraldeko Bakegileen arartez bere armak Frantziako poliziaren eskuetan utziz, azkenean bere hautuz osoki desagertuz. Alta bada ETAren historia ez da hor bukatu.

Historia ez da gelditzen

Horren ibilbidearen ondorioak ikusteko dira, izar hilen argiak bezala denbora batez iraunen dute berena emanez. Herra eta gorrotoak hoztera utzi behar dira, distantziak hartu bortuaren ikusteko egiten den bezala, artxiboak ireki. Afera batzuk xuritzeko daude, biktimen zauriak hesteko, auzi batzuek aurrera darraite, berriak beti sortzen ari zaizkio, ETAko kide ohi mordo bat presoner dago bi Estatuetako presondegietan, iheslariak berriz zenbat daude mundu zabalean sakabanatuak? Egiazko bakea noizko?Horren ondorio politikoak zer izanen dira?

Galdera horiei eta beste zenbaiti erantzunak aurkituz geroz, ez dira faltako ETAren historia idatziko dutenak. Mementoko egin daitekeen bilana franko motza gerta daiteke nire ustez, baina bide horretan zedarri batzuen markatzera saia gaitezke, arriskuak hartuz.

Orokorki aburu publikoak ETAren ibilbidea bortizkeriari lotzen du osoki, ez baita harrigarri. Bizkitartean ez da beti hola izan. Ofizialki 1959an agertu bazen ere, egiazki 1952an sortua zen Ekin izenez. Halere lehenbiziko bi hilak – bat poliziakoa, besta ETAkoa – berant gertatu ziren,1968ko ekainean, ustekabeko bide kontrol batean, eta gero hamar bat urtez oso guti agitu ziren.

Bestalde 1960ko hamarkada hastean ETAren inguruko gazteek parte handia hartu zuten euskal kulturaren pizkundean, bereziki euskara batuaren sorreran Txillardegiren ingurutik. Gero urterik odoltsuenak 1980 ingurukoak izan ziren, autonomien sorreran, independentzia indarka lortu nahiz, eta hor, antza denez egoera eta bilakaera geo-politikoaren irakurketa oker baten ondorioz, ETAk iritzi publikoan ere itxura soilduago eta bortitzago bat hartu zuen, osoki militarra.

Beraz ETAren historia bere osoan hartu behar da, teilatuaren bi maldak ikusiz : bata bortitza, itzal herria, gutiz gehienen gogoan dagoena, eta bestea, eguzki begia, eraikitzailea, ez hain ezaguna. Halaber bilan batek bi eskualdeak arakatu behar ditu: ekarpen ezkorrak bistan dena, baina baikorrak ere bai, ahantziak. Ahantzia halaber ETA nondik zetorkigun: hogeita hamaseiko gerlatik eta han sorturiko tiraniatik. Gainera zenbaiten ustez laugarren karlistada genuen hor ideologia ezberdinen gainetik…

Lan eskerga dugu beraz, eta minbera, konplexua, intelektualki arriskutsua. Historia urrikigabea da: garailea sagaratzen du, galtzailea kalitzen. Urte andana bat lehenago geldituz, eman dezagun 1989ko udaberrian Aljeriako negoziaketen kariara, edo 1998ko udazkenean oraino, Lizarra- Garaziko hitzarmenari esker, ETAk irudi baikorrago batekin bukatzeko aukera bazukeen. Gero hamarkada pare batez aterabide hoberik ezin aurkituz iraun du, bere lehenbiziko fama higatuz, eta terrorista etiketarekin geratu da. Haatik irabazi balu, agintera igango zen, eta gaur Hegoaldea bederen beregain legoke, agian eskuz aldatua demokrazian ohi den bezala, urte guti barne zerbitzu eginak ahanzten baitira, eta libratzailea erretiroan sartzen berak nahi baino lehen, Frantzian de Gaullerekin bi aldiz ikusi zen bezala.Baina kasu horretan ere, ETAri asko barkatua litzaiokeen, ez zen terrorista deituko, baina libratzailea, adibidez Aljerian FLNari gertatu zitzaion bezala, horrek bortizkerian asko erauntsirik, militarki galdurik, politikoki garaitu baitzuen. Eta hemen, Euskal Herriko politikan, zer bilakaera gerta daiteke ondoko urteetan?

Azken hitz bat nazioarteko egoeraren eraginaz. Aljeriak bi aldeetarik lagun onak zituen, batetik Maroko, bestetik Tunisia. Euskal Herriak aldiz inguruan bi etsai erraldoi dauzka, badakigu zein. eta bien artean tinkatua, murriztuz higatu da ETA. Haatik euskaldunak ez gara Europako herri menperatu bakarra, estatu gabeko naziorik ez da falta Europan, eta gehiago elkar laguntzea genuke.

Euskal arazoa ez da hor bukatu, euskal gatazkak iraunen du euskaldunak hor gaudeno besteren azpitik atera nahiz. Beraz borroka nazionalak jarraituko du… agian bide seguruago batzuetarik… ingurumen geo-estrategiko hobe batean …

Gure borroka nazionala historia luzean kokatu behar dugu, ez etsitu, lanean iraun sail eta maila guztietan, sekulan ez amore eman.

Jean Louis Davant

Historia ez da gelditzen Historia ez da gelditzen Historia ez da gelditzen

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

3 pentsamendu “Historia ez da gelditzen”-ri buruz

  • Ontsa errana, Jean Louis,

    Historiaren irakurketa politikoaz gain, uste dut gure hizkuntzaren kultura erakutsi behar diogula inguruko gizarteari: hots, Europako hizkuntza eta kultura-ama garela, eta bizirik geratzen den lekuko bakarra neandertal gizakiaz geroztik. Eta Europako Parlamentuari edo dagokionari, “euskera edo uskera edo ausko elea” Gizadiaren Ondare” deklara dezatela.

    Horretako sostengua beharko dugu, eta aurkitu ere aurki dezakegu.
    Egin dezagun aproba. Iberiera euskeraren bidez dezifratzen da goen jende katanuniarra, Levante eta Madril aldekoa, Porgaldarra… Diaspora…

    Euskera eta iberiera hizkuntza bera izan ziren. Bil dezagun kultura arloko jende ezaguna… eta aurrera Bolie!

  • Josu,
    Errana duçu euscara eta iberiera hizcunça berbera direla. Eta gaztelania dela iberieraren ondorengoetarico bat.
    Orduan, gaztelania euscararen cume bat da, ezta?
    Eta sinhetsita çaude, ezta?

  • hALA ERAKUSTEN DU EUSKERA ETA IBERIERAREN egitura eta bisilabikoak partekatzeak, iberiera euskeraren bidez dezifratzeak…

    Latinak, ostera guztiz kontrako egitura du, eta romanisten ustez latinetik euskerara etorri dien hitz soltean, lehenik hara eramanak ziren gehienak.

    Gainera, dialekto iberikoak (eta ez “romantzeak”) diren kantabriera etab. euskeraren lehengusina karnalak dira. Horren froga da gaztelerazko, lusitanierazko… lexiko gehiena eta toponimia osoa euskeraren bidez dezifratzen dela. Egin aproba, edo niri galdetu, eta laster batean dezifratuko dizuet,