Hiri buruzagian, mundua aldrebes

Hiri buruzagian, mundua aldrebes

Urte askoan San Ferminetara kale egin eta gero, ZUZEUko inkestak animatuta, edo aldaketa haizeak erakarrita akaso, bukatu berri diren festetan izan ginen iragan astean, Euskal Herriko hiri buruzagian. Eta lagun nafar euskaldunak ohi baino irribarretsuago topatzeaz gain, mundua hankaz gora aurkitu dugu Iruñean:

.

Egunez, lo EZ!

Ez da erraza izaten festetan batzuen atseden beharra eta besteen parranda gogoa uztartzen; etengabeko gatazka iturri izaten den tema.

San Ferminetan, kontua aldrebesetara ikusi  genuen Gaztelu plaza bueltan geundela. (Ustezko) parrandaren ostean belardian etzanda lotan ziren gautxoriak esnatuz batetik bestera kalejiran zen trikitilari koadrila. “Hau denk umorea!”.

Hiri buruzagian

.

Erosleko bi saltzaile

Pausu bakoitzeko saltzaile bat mota guztietako gutiziak eta kinkilak saltzen (eta jostailuak umeen sudur parean jartzen); kapelak, betaurrekoak edo lepokoak zirela, jan-edana zela; erosleko bi saltzaile.

Zorionez, eta nonbait irakurri dugunez, aurten Udaltzaingoa ez ei da kale-saltzaile (etorkin) ehizan ibili; “hik lan eta nik jai”, gaitzerdi.

Erosleko bi saltzaile

.

Helduak haurren jolasetan eta haurrak helduen jokoetan…

Maiatzaren 2a eta Barkilero kaleen artean, Iruñeko katedral parean eta Irrintzi peñaren eskutik, gurasoak haur zireneko jostailuekin jolastu ahal izan ziren, hanka-paloen gainean, gozo-eltzeak apurtzen edo soka tiran; eta iragandako garaietara bueltatu ziren helduak.

Bukaeran, entzierro txikia egin zuten gurpil gaineko zezen adar zorrotzek, eta umeak kalean gora eta kalean behera izan genituen korrika, helduen joko arriskutsuetan trebatzen.

.

Musikari bakarreko banda!

Sarasate pasealekuan jazz taldeak eta Antoniutti parkean dantzaldi orkestrak jo bitartean, lagun bakarreko musika banda osoa aurkitu dugu kale artean, inguruan jende andana duela. Ez da gurdi gainean dabilen disko jartzaile horretako bat, ez. Don Bozinon ei da, hodiz eta klaxonez jositako klown edo gizon orkestra. Kanten errepertorioa ere ezin aproposagoa du parean duen entzulegorako: Heidi, Pipi Kaltzaluze…

Musikari bakarreko banda!

.

Pairamen bako zezenak…

Adarrak ez ezik gurpilak ere badituztenak, bizkor ibiltzeko hanka gazte eta arinen bultzada behar dutenak eta, batez ere, haur eta helduen algarak eta gozamena eragiteko gai direnak, talkaren bat edo beste ez bada, inolako sufrimendurik jasan beharrik gabe…

Hiri buruzagian

.

Ikurren afera, binperretara

Urte luzez ikurriñaren aldarrikapena (“tricrucifera” -Roberto Jimenezen izendapenean-) etxe partikularretako balkoietan eta iruindarren buru-lepo-paparretan bizi izan dugu, eta batez ere, txupinazo egunez Udaletxe plazako (udaltzainak tarteko) liskarretan.

Eta ikurriña Udaletxeko mastan eskegita izan dugun honetan… hara! zer nolako poltsa deigarriak ikusi ditugun bisitarien bizkarretan; mundua aldrebes San Ferminetan!

Ikurren afera, binperretara

.

* Argazki guztiak Karrikiri elkarteko XX. Atun-Janaren bezperan geuk eginak dira.