Herri-diagnostikoa: Sintomak arindu ala gaitza sendatu?

Herri-diagnostikoa: Sintomak arindu ala gaitza sendatu? –

Herri-diagnostikoa: Sintomak arindu ala gaitza sendatu?Euskal Herria, Nazio bezala, gaixorik dago. Desnazionalizazio-prozesu bortitza ari da sufritzen azken urteotan , gure ustez, kontzientzia nazionala asko ahuldu delako. Abertzaletasunak, orokorrean, ez du jakin gaitz hori     zuzen diagnostikatzen, eta horren ondorioz, gaitzaren sintomak gero eta agerikoagoak dira: mundu globalizatu honetan gure identitate kolektiboa galtzen ari da, eta, okerragoa dena, gero eta espainiarragoak eta frantsesagoak gara.

Gaitzaren sintomak begi-bistakoak dira, edozein herritarrek antzemateko modukoak:

1.- Euskararen egoera diglosikoa, okerrera: euskararen ezagutza gora omen doan bitartean (batez ere EAEn), kale-erabilera jaisten ari da. Baita etxe barruko erabilera ere. Dirutza inbertitzen da hezkuntzan, adituetan, ikerketa soziologikoetan, etab., baina emaitzak oso eskasak dira: EHan espainiera eta frantsesa nagusitzen ari dira kaleetan, etxeetan eta toki guztietan. Ikusi besterik ez dago nola jaitsi den azken urteetan euskararen erabilera “arnasgune” izeneko eremurik euskaldunenetan.

Bestalde, eta horri oso kezkagarria deritzogu, euskararen aldeko presio soziala eta militantzia linguistikoa orain dela 25 urte baino askoz ere txikiagoa da. Konformismoa da nagusi, batez ere EAEko eremuan. Kontzientzia linguistikoa oso eskasa da, beste estaturik gabeko nazio batzuen aldean (Katalunia, Flandria, Quebec….). Eta nahiz eta teorian gero eta gazte gehiago euskaldundu eskolan, gazteen arteko erabilera ere behera doa. Motibazioa ez da batere lantzen (euskara, Herri baten hizkuntza, euskara eta Nazioaren arteko lotura…), euskarari balio instrumental hutsa ematen zaiolako .

2.- Eremu sinbolikoen ahultasuna: Ertz asko dituen arloa da hau. Euskal kirol-selekzioena da bat. ESAIT desagertuta, euskal selekzioen aldeko aldarrikapena asko ahuldu da kalean azken urteotan. Urruti daude futbol-partidu haiek, zeinetan Euskal Selekzioak San Mames betetzen zuen giro abertzale eta erreibindikatzailearekin. Orain, aldiz, Euskal Selekzioaren partiduetara gero eta jende gutxiago doa.

Esanguratsua da ere antzematea gure herri euskaldunetan zeintzuk diren umeen futbol-erreferentziak : gero eta ume gehiago ikusten ditugu Barçaren elastikoak edo Real Madrilekoak jantzita, ez Errealaren, Athletic-en, Alavesen, Eibarren edo Osasunaren elastikoekin. Hori ez zen ikusten duela 20-25 urte. Espainiako selekzioaren elastikoak ere, lehen inon ikusten ez zirenak, hasi dira batzuk erabiltzen…..

Ikurrinen presentzia kaleetan ere gutxitu da. Lehen ekitaldi eta manifestazio guztietan, politikoetan, kulturaletan edo kirol-arlokoetan, ikurrinak ikusgai ziren. Gure mendizaleek munduko tontor handienak zapaltzen zituztenean ikurrina bat jartzen zuten; orain, aldiz, marka babeslearen ikurra jartzen dute bertan.

Horrez gain eta ekonomia sustatzeko aitzakiaz, azken urteotan Espainiako ekitaldi nazionalak ugaritu dira Hego Euskal Herrian, Espainiarekiko kidetasuna adierazten dutenak: Espainiako Txirrindularitza-Buelta, era guztietako kongresu, Symposium, kirol-lehiaketak eta abar. Beti ere ahaztu gabe gero eta espainolagoa den Donostiako zinemaldia.

3.- Erreferentzia espainiarrak/frantsesak ugaritu. Garai batean herri euskaldunetan eta abertzaleetan ez zen ohikoa erreferentzia espainiar/frantses asko ikustea. Gaur egun, aldiz, taberna eta jatetxe askotan telebista piztuta dagoenean La Sexta edo Tele 5 kate espainiarrak dira nagusi. Musika-arloan, bestalde, giro abertzaleko tabernetan ere ohikoa da musika espainiarra entzutea, edo bestela amerikarra ingelesez, inongo arazorik gabe. Sintoma deigarriak eta kezkagarriak.

4.- Independentzia-zaletasuna behera doa. Inkesta soziologikoek agerian jartzen dute sentimendu independentista jaisten ari dela EAEn. Ez da harritzekoa. Euskal kontzientzia nazionala ahultzen denean independentziaren gogoa itzali egiten da. Zuzeneko harremana baitago gure ustez sentimendu abertzale eta sentimendu independentistaren artean, lehenengorik gabe bigarrena ezin baita garatu. Euskal desnazionalizazioa frantses eta espainiar inperialismoaren aliaturik onena da.

5.- Naziotasunaren aldeko taldeen desagerpena. Presio-taldeak eta Herri-mugimendu abertzaleak desagertu egin dira edo jarduerarik gabe daude. EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ-en jarduera, esaterako, hutsaren hurrengoa da. Hizkuntzaren aldeko talde hau, oso aktiboa iraganean, guztiz ikusezin bihurtu da egun. ESAIT euskal kirol-selekzio nazionalen aldeko taldea desagertuta dago. Gauza bera gertatu zaio BAI EUSKAL HERRIARI, euskal elementu sinbolikoen aldeko taldeari. Potentzialitate handiko erakunde batek, euskal lurraldetasuna sendotzeko sortutakoak (UDALBILTZA), ia ez du jarduera publikorik. Labur esanda, arlo nazionala lantzen zuten taldeak (euskararena, kirolarena, sinboloena, lurraldetasunarena….) desagertuta, jardueragabetuta edo lotan daude.

6.- Diskurtso politikoaren aldaketa. EHko alderdi abertzaleen diskurtsoan aldaketa nabarmena egon da azken urteotan. Sektore espainiazaleen botoak erakarri nahian, euskal gai nazionalak baztertu/zokoratu egin dituzte, botoak galduko dituztelakoan. Euskara, euskal kultura eta euskal identitatearen aldeko diskurtso irmoa, hots, euskal abertzaletasunaren mamia, nabarmen moteldu dute, boto-emaile espainiazaleak berenganatzeko. Salbuespenak salbuespen, (erritu edo mitinetan, kasu) eta beste errebindikaziorekin ez bezala, dagoeneko pertsonek eta alderdi politikoek ez dute aldarrikatzen euren izate abertzalea. Buruzagi ustez abertzale batek baino gehiagok esan du, inongo konplexurik gabe, bera independentista dela, baina ez dela abertzalea. “Rufianen eredua” deitzen diogu eredu horri, Gabriel Rufian politikari independentista katalanak hamaika aldiz gauza bera esan duelako. Etsigarria da diskurtso horren arrakasta Euskal Herrian.

Nabarmena da halaber euskal independentismoaren sektore hori “multikulturalismoaren” aldeko diskurtsoa bultzatzen ari dela orain, euskal kultura, hemengoa, ahaztuz eta zokoratuz.

7.- Euskal abeslari berriak. Musika-arlora ere iritsita dago desnazionalizazio-prozesua. Gero eta ohikoagoa baita abeslari euskaldunek ingelesez edo espainieraz (bi erdaretan) kantatzea. Beti egon dira gure artean erdaraz abestu izan duten abeslariak edo taldeak, jakina, baina erdaldunak ziren, ez euskaldunak. Oraingo berritasuna da herri euskaldunetako rock-talde euskaldunek espainieraz , ingelesez edo frantsesez ere abesten dutela. Fenomeno berri hori oso esanguratsua da, agerian jartzen baitu batzuek atxikimendu eskasa diotela euskal identitateari. ETBk eta Euskadi Irratiak berak (zer esanik ez Gazteak) eskaintzen dituzten musika, dantza eta gainerakoak aztertzea nahikoa da hori argi eta garbi ikusteko.

8.- Euskal Dantza taldeak, desagertzear. Bitxia da gure artean (baita eremu euskaldunenetan ere!) gero eta ohikoagoak izatea “sevillanen” eta “saloiko dantzen” dantza-klaseak, “Zumbakoak”, etab. euskal dantza- taldeak dantzaririk gabe geratzen ari diren bitartean. Ez gara ezer asmatzen ari, Joan Antonio Urbeltz etnografo handiak kezka bera agertua baitu arestian ARGIA aldizkarian (“Euskalduntasuna noraezean dago” izeneko artikuluan). Biziki gomendatzen dugu bere iritziak irakurtzea. Hona hemen interneteko lotura: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2621/juan-antonio-urbeltz

 

Gure desnazionalizazio-prozesuaren sintoma gutxi batzuk besterik ez ditugu aipatu, zerrenda osoa oso luzea izango litzatekeelako. Gaitzaren sintomak dira, gaitza zuzen diagnostikatu eta tratatu ostean desagertuko direnak. Alferrik da sintomak sendatu nahi izatea sakoneko gaixotasuna ikusi gabe. Euskararen egoera hobetzeko, kirol-selekzioen aldeko borroka irabazteko edo erreferentzia espainiarrak/frantsesak gure herrietan nagusi ez izateko sakoneko gaitza egoki tratatu behar dugu. Eta tratatu aurretik, zuzen diagnostikatu.

Gure diagnostikoa argia da: euskal kontzientzia nazional eskasa eta ahula da desnazionalizazio horren atzean dagoena.

Eta gaitzari aurre egiteko modua logikoa da, era berean: euskal kontzientzia nazionala indartzea. Konplexurik gabeko abertzaletasuna bultzatzea, euskara, euskal kultura eta identitatea inhibiziorik gabe defendatuko dituena. Aniztasun faltsu baten izenean, geurea, etxekoa, ezkuta arazteko joera dago.

Gutaz gehiago jakin nahi izanez gero: www.naziogintza.eus

 

Herri-diagnostikoa: Sintomak arindu ala gaitza sendatu?

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

33 pentsamendu “Herri-diagnostikoa: Sintomak arindu ala gaitza sendatu?”-ri buruz

  • Eta zer esanik ez, Itaia, ikasle “abertzaleak” eta GKS bezalako erakunde anazionalen jarduera… nazio askapen borroka erabat baztertu dute, nahitara. Abertzaletasuna mespretxatu eta hiztegi guztiz antiabertzalea garatu. “Nazio askapena” terminoa zentsuratu dute, horren ordez “langileriaren proiektu nazionala” darabilte. Proiektu nazionala errepide sarea izan daiteke.. Ez lukete gustoko izango “Sozialismoa” ordez “herriaren proiektu soziala” erabiltzea. Beraien azken urteetako azpilanaren erruz, gazte abertzale ugari engainatu eta beraien sareetan harrapatu dituzte, benetako garun garbiketa bat eginez. Denek errezitatzen dituzte bertako eliteek botatako esaldiak. “Euskal Herria ez da kolonia bat”, “nazio askapen kontzeptuaren beste irakurketa bat egiten dugu”, “zapaldua dagoena langile klasea da”etabar etabar…
    Esnatzeko ordua da!

  • Ados analisi horrekin, Emaitz. Abertzaletasuna baztertu ez ezik, mespretxatu ere egiten dute zuk aipatzen dituzun sektore horiek, “burges txikien” kontuak bailiran…..Eta hori egiterakoan, “de facto” espainiar eta frantziar inperialismoaren alde jokatzen dute.

  • JJ Agirre

    Oro har ados, baina ohar bat edo beste egitera ausartuko naiz.
    Lan handiak dauzkagu gauzei bere izenetik deitzen, diskurtsio politikoki zuzen hegemonikoak guztioi eragiten baitigu.
    “Euskararen egoera diglosikoa” aipatzen duzue. Diglosikoa kasurik onenean izango da, hots euskarak gizarte-funtzio batzuk betetzen dituen herrietan. Altsasun, Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Miarritzen… hau da, Euskal Herriko eremurik gehienetan, euskararen egoera ez da diglosikoa, ordezkatutako hizkuntzarena baino. Aipatu ditudanak eta beste asko, herri ia erabat erdaldunduak dira. Horietan euskararen egoera ez da diglosikoa, zeharo bazterrekoa baizik. Euskaldunak urtuta bizi gara masa erdaldunean barreiaturik, eta soilik berariazko gune jakin eta kasik isolatu batzuetan (ikastolak, euskaltegiak, kafe-antzokiak) daukagu euskaraz bizitzen saiatzeko aukera.

    “Dirutza inbertitzen da hezkuntzan, adituetan, ikerketa soziologikoetan, etab., baina emaitzak oso eskasak dira: EHan espainiera eta frantsesa nagusitzen ari dira kaleetan, etxeetan eta toki guztietan”
    Bigarren partearekin guztiz ados. Lehenengoarekin ez.
    Dirutza askoz handiagoa inbertitzen da “en educación, expertos, investigaciones sociológicas, medios de manipulación, ejército, policía, etc”. Esan gura dut, askoz gehiago inbertitzen dela espainieragintzan eta frantsesgintzan, euskalgintzan baino. Ez bakarrik Estatu zapaltzaileen aldetik. Gurean, Eusko Jaurlaritzak (EAJ-PSOE) gehiago inbertitzen du (zeharka, hori bai) espainierazko hedabideetan, euskarazkoetan baino, adibidez. Eta ez soilik publizitate eta subentzioen bitartez hedabide unionistak diruz elikatzen, baita bere hedabideak (ETB-dos, Radio Euscañí, Onda vasca, Grupo Noticias, etc) sustatuz eta lehentasuna emanez ere.

  • Ñabardura horiek eginda, goitik behera sinatuko nuke artikulua neuk ere.

  • 1- Euskaldun berriek euskaraz komunikatzean zailtasunak dituzte, hortaz, irakaskuntzaren alorrean euskarazko komunikazioa landu behar da. Horretarako, euskara ikasgaian ahozko jariotasuna eta parte-hartzea errazteko talde txikiak sortu behar dira.

    2- Erdal eremuetako ikasleek urte batez euskal eskualdeetan ikasteko laguntzak eman. Euskaraz aritzeko udalekuak sustatu. “Boyscout” moduko erakunde abertzale/euskaltzalea sortu (mendigoizaleak?).

    3- Denok telefono adimendua sakelan dugun garai honetan interesgarria litzateke ‘ttap’ bezalako aldizkari (edo egunkari) digitalak sustatzea (alea, gaztetxulo… ) edo berriak sortzea (bideo-joko, sukaldaritza, kirola…).

    4- Edukiak euskaratzeko itzultzaile neuronalak erabili. Hauek itzultzaileen lana azkartzeko aukera ematen dute.

    5- Irratian euskal taldeen musikari leku gehiago eman, baita ezezagunak diren taldeei ere. Irratia talde hauek ezagutzeko hedabidea izan behar da.

    6- Telebistari dagokionez, euskaraz eta kalitatezkoak diren telesail edo programak sortzea. Erdarazko eta euskarazko azpitituluak erabiltzeko aukera eman.

    7- Euskarazko ikus-entzunezkoak youtubera igotzea (erreferente euskaldunei egindako elkarrizketak, talde euskaltzale/abertzaleen hitzaldiak, euskara ikasten lagunduko lukeen euskaltegi birtuala sortzea…).

    8- Hirietan edo herri handietan arnasguneak sortzeko ekimenak sustatzea (haurrekin jolas-parkean, kale-antzerkia, sukaldaritza tailerrak, kirola egiteko, irakurleek irakurritako liburuen iritzia emateko, bertsolaritza, euskal dantza, mendi txangoak…)

  • Insistentzia 2019-10-29 08:36

    Mugimendu abertzalea ahul dago, oso. Mugimendu modura dago ahul, determinazioa, kide kopurua, batasuna, antolaketa, egitura, pragmatismoa, autoafirmazioa… falta zaizkio. Euskal gizartea makal ikusiko dugu agian, baina hori borroka politikoaren araberakoa da, halako mugimendua, halako gizartea.

    Bere akats larriena? Bere buruan sinesteari uztea, espainiar eta frantziar psiop etengabeen ondorioz. Lehen euskaldun eta euskaradun izatea desprestigiatu zuten, eta hori gainditu genuen. Orain beste konplexuak sartu dizkigute: abertzale izatea txarra da, edo beste zerbait behar du bere burua justifikatzeko (izan sozialismoa, internazionalismoa, multikulturalismoa, anti inperialismoa, demokrazia, erabakitze eskubidea…). Kausa txalogarriak izan daitezke, baina gure borroka ez da horietan oinarritzen. Horren erakusle da etengabe errepikatzen den “nazionalistak haiek dira!” mantra, inperialismoa salatzerakoan.

    Ez, jauna, ez. Gu gara nazionalistak. Guk defendatzen dugu nazioa, herria. Noski, munduan zabaltzen diren mezuekin ez da erraza hau saltzea gaur egun. Abertzaletasunak ez du nahikoa indar eta egitura helburuak modu esplizitu batean azaltzeko eta aldi berean partaideak bereganatzeko, beraz beste kausak priorizatu behar ditu bere lerroak potoltzeko. Eta hasieran pragmatismoz eraldatzen ditugu gure mezuak, baina urte gutxitara gure gezur propioak sinesten ditugu: gu abertzaleak ez garela salduz, batzuek sinestu egin dute azkenean. Eta behin arrakala ireki dela ederki baliatzen dute gure arerioek.

    Intersekzionalitatea ez da bidea. Kausen bateratzea akats bat da. “Helburua HAU da eta honen alde jendea bilduko dugu kosta ahala kosta” pentsatu beharrean, “Beno, helburua edozein dela esango dugu jendea biltzeko ez gaudelako lan egokia egiten” pentsatzen ari gara. Zaila delako helburua lehenestea eta mugimendua elikatzea, baina ez dago beste alternatibarik.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-10-29 13:07

    Nahikoa ados Insistentziaren iruzkinarekin eta hasierako testuaren konstatazioarekin. Helburuaren definizioa argia eta trinkoa izan behar da bainan ezin da bakarrik aldarrikatu nahi dugula euskal estatu aske bat euskal herri aske batean. Termino guziak zehaztu behar ditugu aurrera arau.
    Bestetik egia da itoak garela globalizazioaren propaganda ideologikoa azpian. Ezinbestekoa da kontrako filosofia bat garatzea.

  • Nahiko ados naziogintza taldeak egiten duen azterketarekin. Bizkaia,Gipuzkoa eta Arabako EAEn orohar ( eremu horretatik idazten baitut)euskal oasi kloroformitikoan sinesten du jendea nahiko era masiboan, EAJri babes nagusia ematen edo abstentziora jotzen eta ezereza ta espainiolizazioa hedatzen nonahi. Latza, baina hala da bai.oasi kloroformitiko fiktizio hori baino( euskal bezala izendatzen baitute beraien bozeramaileak)xinpleki gero eta espainia gehiago,noski.gezurra ta ezereza.etsigarria bai.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-10-29 20:43

    Munduan zeharreko herri aberatsenetan, buru askoren buruetan hedatu da doxa bat nun edozoin nazionalismo, edozein errebendikazio identitario automatikoki tontakeriatzat edo zaharkeria danjerostzat hartuak diren.
    Arrisku haundian an den gure herrian ere, gazteen artean batez ere horrela da gero ta gehiago. Munduko hiritarra sentitzen dira eta puntu final.
    Puntu final horretan dago koska ezin onartuzkoa bait guretzat.
    Horrentzat nioen borroka filosofiko bat ereman behar dela ideologia hilkor horren kontra gure izapaltzaileen interesen zerbitzuan dagoena.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-10-29 20:47

    Adatsek duda bat sortarazi dit. Erran behar da “nahiko ados” ala “nahikoa ados”?

  • Hori egiteko ez dakit nahiko ote garen, baina nahikoa da egin dugun lana. Aski da. Lan franko eginak gara , eta arras nekaturik nago. Nahiko lan, lan nahikoa?

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-10-30 08:17

    Milesker Nagore. zure laguntza gatik.
    Ez zait erabat argi oraindik, Harluxetek adibidetzat emaiten baitu “nahikoa ondo egin du lana” Beharbada bi formak erabil daitezke;
    Barkatu artikuluaren eta iruzkin egilei, debatearen haria moztu izanagatik.

  • Hala da, Beñat, bi formak erabil daitezke. Kontsulta zazu Euskaltzaindiaren hiztegia, han nahikoa argi azaltzen baita kontua.

  • Ados Naziogintzak egiten duen hausnarketarekin. Galdera, eta zer egin? Nola aktibatu? Bizi dugun “pax Romana” honetan desagertzea da gure aukera bakarra. Honen aurrean zein da bidea?

    Atzo, berrian, Iñaki Galdosek Horrela bukatzen zuen zutabea….”Nola eskatu pizteko atzerriko lagunei, barealdi sanoa loaldi kezkagarriarekin nahasten (eta txalotzen) dugunok?
    Ez nuke nahi, baina iruditzen zait egunen batean JaikiJaiki-ka hasiko zaizkigula agian norbaitzuk, atzera begiratu eta ez dutela jende askorik aurkituko”

  • Animatzen zaituztet talde honekin bat egitera, eztabaidan parte hartzera eta lehen bilera antolatzen laguntzera:

    http://eskualdunok.byethost17.com/

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-10-30 18:21

    Ideia ona gilentxorena.
    Bainan helburua definituta alderdikaria ez pratika; aAlderantziz federa helburu bera konpartitzen duten beste taldeekin nahiz lurralde eta sentsibilitate desberdinetakoak izan.
    Ene iduriko Euskararen tokia klabe inportantea izan liteke.

  • Beñat, ez nauzu gai idatzi duzuna konprenitzeko.

  • Pako Sudupe

    Inork interprete lanerako deitu ez banau ere, Beñati ulertu diodalakoan, haren mezua beste hitz batzuekin adieraztera jarririk: inportanteena helburua definitzea dela, eta helburua partekatzen dutenekin elkartzea lurralde eta sentsibilitate desberdinekoak izanagatik, eta alderdikeria edo partidismoetatik begiratzeko, ez jausteko gaitz horretan, eta Euskarari toki hauta, printzipala ematea gakoa edo klabea izan daitekeela.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-10-30 20:58

    Bai Patxi, nik baino hobeki esplikatu duzu
    Gilentxo, nahi zintudan bakarrik animatu zure xedea betetzera
    Euskarari dagokionez, ez badugu zentroan emaiten Euskal nazioak galduko du Iparralde guzia. Aldiz, zentroan emaiten badugu espero dut parte ttipi bat salba daitekeela oraindik .

  • pratika eta federa aditzoinen erabilerak despistatu nau (bai eta “alderdikaria” hitzak eta komarik ez erabiltzeak). Zer dago elipsi horien azpian, Beñat, “ez ezazu(e) praktika” eta “federa zaitez(te)”?

  • Argi dago edozein mugimendu edo iniziatiba batek euskara eduki behar duela ardatz bezala, azken batean gu euskalduna gara, Euskal nazio baten parte gara, euskaldunak gara, euskara gure hizkuntza delako. Euskararik gabe, akabo, gureak egin du.

  • Hona ekimeneko bi kidek egindako ekarpenak, ideologia desberdinen harmonizatzeari dagokionez:

    – Komenigarria da talde honetara hasieratik erakartzea politikoki ezberdinak diren lagunak, horrek sor ditzakeen zailtasunak lehenbailehen azaldu eta kudeatzen ikas dezagun. Arrunt saihestu beharreko arriskua da, kide guztiak antzeko samar izaki, batasun irudi eder batez plazaratzea eta “bestelakoak” baitaratzen hasitakoan nabartasun hori kudeatzeko ezina agertzea.

    – Printzipioz ideologia guztietara irekita dagoena: faxismotik anarkiara, edota komunismotik feminismora. Ez zaitezte harritu eta larritu: egun eztabaida politiko guztia erdaraz egiten den neurrian, ideologia guztiak euskaraz lantzeko beharrean aurkitzen gara. Eztabaidaren ostean etorriko da hartu beharreko norabidea.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-10-31 13:02

    Bukatzeko iruzkin gaizki idatzitako horrekin, Patxik ondo interpretatu zuen bezala, hau da esan nahi nuena:
    ” Bainan helburua definituta, “alderdikeria” ez (zazuela) pratika; Alderantziz federa (zaitezte) helburu bera konpartitzen duten beste taldeekin nahiz lurralde eta sentsibilitate desberdinetakoak izan.”
    Aditzoina batzuetan erabiltzeko ohitura baginuen lehen bainan gero ta gutiago zuen kontaktuan.

  • Eskerrik asko azalpenagatik, Beñat. Ederra eta oso baliagarria iruditzen zait aditzoinaren erabilera hori; ni bezalakoen ezjakina da koska bakarra. Eutsi zeure euskarari, asko dugu-eta ikasteko mendebaldekook hartatik.

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-10-31 18:00

    Ez Gilentxo ez zara batere koska, ez ni baino gehiago behintzat. Alderantziz ez baituzu euskara erabiltzen bakarrik airean hitz egiteko bainan bai gauza inportanteak pentsatzeko, erraiteko eta egiteko, filosofian, lanean, politikan…
    Hau da inportantea orai.
    Begira (zazu) guk bezala noiztenka faltak egiten zituen Jean Etchepare medikuaren “Egiaren hiru itchurak” testua.
    https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/E/EtxepareJBideBuruxkak.htm
    Horrek 1910 urtean jadanik filosofia euskaraz pentsatu nahi zuen.
    Ez dakit kalitatez asko aurreratu garen ordutik.

  • Diagnostikoarekin nagusiki bat nator, transformazio fase batean gaude. Hala ere, diagnostikoan dramatikotzat dauzkaten zenbait fenomeno ez dira negatiboak ezinbestean, argigarriak baizik: autonomia propiorik gabeko erakundeen desagerpen edo itxuraldatzea, hizkuntza anitzeko kontsumoari egokitutako hizkuntza anitzeko ekoizpena. Beste batzuk bai: 40 urtean ideologo propiorik ez onartzearen ondoriozko ideologia propiorik eza (Gramsci eta Inerarityren preso ideologikoak dira gure politikariak)… Boterean daudenek datu negatiboak izkutzatzen dituzte, eta botereaz nabilenean sektore guztietako petit comite eta aginte “familiez” ari naiz, transbersalki, ez baita sakomeko aldaketarik izan sektore batean ere ez azken 15 urteetan, soldata asko jokoan…

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-11-01 11:29

    Naziogintzak sortutako debatearen piskat aldenduz bainan beti egonez Gilentxo eta Prezrekin hasitakoaren barruan, bete betean, huna J.etxeparen beste testu miresgarri bat., zuzeulari guziak hain segur bihotzean hunkiko baititu.
    “Eskuara ikasteko”
    https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/E/EtxepareJBideBuruxkak.htm
    Pasatutako ehun urteen gatik, norbaiti hizkuntza piskat zaila iduritzen bazaio, testua gogotik konpon nezoke pasaia zahartuenak edo konplikatuenak bakarrik hunkiz.
    Ez dut uste irakurri dutan sekula testu inteligentagorik gaiaren gainean. Egia da sobera guti irakurri dutala beharbada.

  • Gure artikuluak kezka batzuk piztu omen ditu irakurleen artean, eta poztekoa da. Izan ere, hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi zituen. Euskal abertzaletasuna berpizteko eta anestesiatuta dagoen gizartea aktibatzeko funtsezkoa baita ohartzea egoera larri batean gaudela, ikuspuntu nazionaletik. Desnazionalizazio prozesu bortitz batean murgilduta. Nekez sendatuko da gaixo bat bere gaixotasunaren kontzientzia ez baldin badu. Gogoeta kolektiboa ezinbestekoa da, eta NAZIOGINTZAk hori bultzatu nahi du.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-11-01 14:42

    Zinez domaia litzateke, hasian hasi, toki berean ez irakurtzea beste testu miresgarri hau :
    « ESKUARAREN IKASTEKO »
    Nehun baino hobeki agertzen zaigu euskarari eman eta eman arazteko Etxeparen pasio hura, bere bizitza guzian biziko duena.
    Pasatutako ehun urte hoien gatik, pasarte batzuren hizkuntza zaila edo zahartuxea gerta dakizueke eni bezala. Denbora poxi bat pasatu behar izan dut esaldi batzu ulertzeko bainan leheregin baietz merezi zuela.
    Horretarako galdera balitz, Zuzeurako gogotik entseia ninteke egokitzen (gure) batuan esaldi zenbait beste guzia den bezala utziz.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-11-01 14:48

    Barkatu, ez zelako segituan agertu, bi aldiz egin dut iruzkin bera

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-11-01 15:26

    Bat nator Naziogintzaren diagnostikoa eta xedearekin.
    Horretarako , Mikelot, ez dizut ondo ulertzen “transformazio fase”aren eufemismoa ez eta ere emaiten dizkizun “ezinbestean negatiboak ez diren” fenomenoak.
    Posible duzu argiki izendatzea mintzatzen ziren (autonomiarik gabeko) erakundeak?

  • Beñat, niketz aurrera Etxepareren testuaren gaurkotze horrekin!

  • Diagnostikoan falta duzue ENA, 22 urtez lanean.
    Biltzarre, otsailean 3 urtez lanean
    Naziogintza taldea bera
    Gainera EHE ibili badabil.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude