Hendaiako berri

Hendaiako berri – 

Sallaberry Hendaiako auzapezaren zerrendan ageri naiz, gainerako hautagaien artean. Udal hauteskundeei buruzko ene ikuspegia agertu nahi dizuet idatzi honetan, batez ere, twitterren dabilen zarata argituko delakoan.

IMG_1787

Gure buru den Sallaberryk errana du “goazen aitzina”. Beraz, talderik aldatu gabe aurkeztuko gara datorren igandean ere. Ez ahanzti 1599 bozka jaso ditugula lehen itzulian (%28,98).

Zerrenda sozialistaren buru den Ezenarrok, guk baino bozka gehiago lortu zituen joan zen igandean, 2014 (%36,51) eta, erraiten denez, lau eserleku eskaini dizkie abertzaleen zerrendakoei (693 bozka, %12’56).

Beitia eskuindarraren zerrendak 709 bozka  (%12’85)  lortu zuen, abertzaleek baino apur bat gehiago, baina ez omen du bigarren itzulira aurkezteko asmorik. Gaitzerdi, bera izan baitzen aurreko legegintzaldian ikastolaren afera gaiztotu zuena suprefetarekin. (Gure zerrendetako zinegotzi izateari utzi zion horretarako).

502 bozka/ %9’10 lortu duten komunista frantziarrek ere ez dute konponbiderik moldatu Ezenarro sozialistarekin eta, beraz, aukera guztiak daude zabalik, hala Ikastolaren alde egin zuen Sallaberryrengana, nola Ikastolaren kontra egin zuen Ezenarrorengana.

Nola etor daitezke kontuak datorren igandeko  bigarren itzulian?

Ez dago zehatz jakiterik, baina baikorra naiz ni. Airean dago dena eta zeharo kolokan, baina hara hemen nire irudipen zenbait:

– Beitia eskuindar errepublikarraren aldeko zenbait boto etorriko dira gure alde, 500 inguru, izan ere ez baitut uste Kotte Ezenarro sozialista frantziarren ordezkariari joango zaizkionik. Ezker moduan ikusten dute UMP eta FN inguruko eskuindar hauek.

– Komunisten aldetik ere, errango nuke, 200 bozka inguruk etorri behar luke gure zerrendaren alde.

– Badakigu abertzaleen zerrendak lau postu hitzartu dituela Ezenarrorekin bere alde egiteagatik, baina azken honek ikastolarekin ukan zuen portaeragatik uste dugu guregana etorriko direla bozketako asko. Gainera hala egingo zutela hitz eman zuten lehenago…

Dena den, guztia dago zaila eta korapilatsua. Inork ezin du deus ziur jakin.Joan zen igandeko lehen itzulian, erroladatutako 9428 pertsonetatik, 5517k eman genuen bozka. Abstentzioa %40 ingurukoa, hortxe legoke ordezkaritzarik handiena… Zenbatekoa ote datorren igandeko bigarren itzulian?

Ezin jakin. Eguna igaro arte itxaron behar. Baina zer da, bada, hau guztia,  jokoa ez bada. Zaila eta estua, baina jokoa baizik ez, azken finean. Dena ikusteke, dena ikusteko. Eta gehiago ere bai.

Hendaiako berri

Euskal-frantsesa?, galdetzen didate. Euskal-espainola?, galdetzen didate. Normala, mugakoa bainaiz, Hendaiakoa, gure guraso iheslarien semeetako bat. Horregatik erantzuten diet denei: euskal-alemana naizela, izatekotan. Ni jaio nintzenean, alemaniarrek agintzen baitzuten hemen.

6 pentsamendu “Hendaiako berri”-ri buruz

  • H. Etxeberria 2014-03-27 14:36

    Hendaiako abertzaleok korapilo polita daukagu igande honetako bigarren itzulirako. Aukerak bi dira:
    – Ikastolaren kontra egin zuen Kotte Ezenarro Psf alderdiko ordezkariaren alde bozkatu, kontutan harturik lau eserleku eskaini dizkiola Hendaia Biltzen-i eta ikastolarentzat behar direnak eskuratuko dituela hitz eman duela
    – Biltzeni deus emanen ez dion Battit Salaberri independentearen alde egin, jakinaren gain, bera ikastolako buraso eta lehendakari izana dela eta ikastolaren alde egiteagatik ezagutu duela gainbehera etA, gainera, euskaltzale zintzo zenbait daudela bere zerrendan: Berra, Arrizabalaga, Etxarri…

    Hendia Biltzenenk dio ikastolaren aurka egin duenaren alde egin behar dela orain. Zertarako joan ginen, bada, manifestazio haietara? Zergatik sinetsi behar diogu orain ikastolaren alde egingo duenik? Zertarako balioko dute lau jarleku horiek baten baten ipurditxoa epeltzeko izango ez bada? Hamaika ditugu ikusiak antzekoak, zotz esan eta putz izan….Pragmatismoa aipatuko duenik ez da faltako.
    Egia da Salaberrirekin ere indefinizioa dela nagusi eta ez dagoela deus segur jakiterik, baina, bederen, ez dago alderdi frantziar handi baten agindupeko eta hurbilagokoa dirudi haren estiloak ( baita genero kontuen galdeketa egin dutenek diotenez eta Bizik ekologiari dagokionez…)
    Beraz, nork egin beza nahi duena, uste duena edo gogoak ematen diona.
    This is the question: to be or not to be. Ortodoxia versus heterodoxia. C’est tout.

    • Hasier; abertzaleok ez dugu korapilorik askatu behar. Ez genuen bozkarik eman joan den igandean eta igande honetan ere berdin jarraituko dugu, bozkarik eman gabe. Aukerak bi dira: to be or not to be. Euskal ala frantziar instituzioak.

  • Jo, Iñaki, ze malotea zaren. Onaren eta txarraren gainetik. Errealitatetik ehun mila kilometrora, hantxe gustura, eguneroko auziei ihes eginda eta doktrina inpartitzen. Ze erreza den esloganen munduan bizitzea, eta zein kaltegarria Euskal Herria eraikitzeko.

    • Malote ez , Gotzon. Errealitatea da, Frantziaren helburua, erabakimena frantziar instituzioetan gordetzea dela eta horretarako gure instituzionalizatzearen aurkako edozer egiteko prest dagoela. Hori ez badugu ikusi nahi beste kontu bat da, baina orduan ez aipatu abertzaletasuna, independentzia eta horrelakorik. Independentziaren aldeko lana (edo estrategia), erabakimena beraien erakundeetatik gure erakundeetara aldatzea delako eta ez frantziar administrazioaren instituzioak “gure” erakunde bilakatzea. Hori bai errealitatetik eta edozein analisi politikotik at. Bidebatez, euskal herria ez dugu eraiki behar, errealitatea delako. Agian askatzeaz jardun beharko genuke, eta horretarako errealismo politikora lotu.

      • Errealitatea izango gera, baina horrela jarraituta … Ta bitartean zer? Legea Frantzia ta Espainia egiten dute, boterea ez degun bitartean instituzioetatik gauzak egin daitezke, hori ez du ezer ean nahi ezta ezerrera errenuntziatzen dezun.
        Zuk gustoko ala ez, instituzioetatik gauzak lortzen dira, Independentziari “itxaroten” diogun bitarten Euskara laguntza behar du, jendea ere…. Ta Instituzioetatik lagundu daiteke.

        Norbait zu baino indar gehio dunean, behartzen zaitun jokuan sartzea ez du esan nahi bere sistema sostengatzen dezunik, esan nahi du Indarra ez dezula, besterik ez.

        Ez dira bozkatzera joaten, partizipazioa baxuagoa da baina talde Espainiar ta Frantziar leku guztietatik aginduko zuketen.

        Zer aldatuko zan onerako Euskaldunentzako? Abertzaleentzako?
        EZERREZ.

        Estatu hoien barruan mugatuak gaudela? Eta? Gehio mugatuko gera? Jokuan parte hartzea ez digu/gaitu inolako zilegitasunik kentzen, jokuan sartzera behartuak gaude.
        Indar gehio izango bagenu… Baina ez degu. Ta jokuan artzea ez dio zilegitasunik kentzen egiten diren bete gauzeei.

  • “Legea Frantziak ta Espainiak egiten dute”
    “instituzioetatik gauzak lortzen dira”

    Instituzioak eta legeak, guk gauzak lortzeko jartzen dituzte.