Galderaka eta galdaraka!

Galderaka eta galdaraka!

Zein errealismo-motak aholkatzen du Euskadi Gaztea izeneko irrati publikoan, goizero, euskaraz ez dakien esatari baten presentzia hiru bat orduz?

Noiz arte jasan behar dute gure belarriek euskaraz ikasi nahi ez duen analfabeto baten mordoilokeria nardagarria?

Hori da akaso ikasi eta landu beharreko euskara berria?

Hain al da bikaina eta ezinbestekoa “aingeru” horren umorea?

Zertarako asmatu ziren euskaltegiak?

Ez al dago irrati publiko horretan (guk gure zergekin ordaindutako irratian, alegia) tipo hori mikrofonoetatik urruti bidaltzeko ahalmena duenik?

Zeren zain daude?

                                                                    &&&&

Galderaka eta galdaraka!Antza denez, Erkidego honetako hiriburuan espainiar militarismoaren apologia egiten duen monumentu bat Emakumearen egunean morez margotzen ibili ziren gazte zenbaiten gurasoek 23.000 euroko isuna ordaindu beharko dute zigor gisa.

Krisi garaian egonda ere, garestiak dirudite, benetan, lau metro koadroko margoa ezabatzeko lanak!

Baina Udalak kalkulatu ditu lanon kostuak eta horrela izango da!

Dena dela, astakeria litzateke gazte horien aldeko elkartasuna eskatzea Pantoja izeneko bati erabilera anitzeko enparantza erraldoia negozio propiorako erabiltzeagatik kobratu ez zion hirian?

Eta Emakumeen erakundeen elkartasuna eskatzea?

                                                                    &&&&

Sindikatuen arabera, azken hiru urteotan 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu Osakaidetzak, eta ez da izan, ez, osasun-premiarik ez dagoelako.

Ideia txarra litzateke aurten Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenari egotzi nahi dion 350 milioi euroko aurrekontua Osakidetzako kontuetara pasa dezala proposatzea?

Etorkizuneko AHTaren ustezko erabiltzaileak zenbat eta nolakoak (aberatsak? madrildarrak?…) izan litezkeen kalkulatu ere gabe, ez ote ziren askoz eta askoz gehiago izango Osakidetzako oraingo erabiltzaileak? (euskal hiritarrak, ez aberatsak…).

                                                                    &&&&

Alajainkoa!

Hasi besterik ez, eta galdera bete galdara dagoeneko!

Ala galdara bete galdera?

Ala ez?

(S. G.)

Galderaka eta galdaraka!

Zer duzu buruan “Galderaka eta galdaraka!”-ri buruz