Hamar minutu

Hamar minutu –

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Hamar minutuBizitzan batez beste ia 30 urte pasatzen ei ditugu lo. Jakin gura nuke zenbat pasatzen ditugun erdi lo. Izan ere, inora ez doazen bideo kaskarrez, eskatu barik bidali dizkiguten irudiz edota interesatzen ez zaizkigun iritziz betetzen zaizkigu orduak. Pantaila bat amatatu orduko isiotzen dugu hurrengoa, eta zerbaiten bila ari garela, han eta hemen sakatzen dugun bitartean, bizitzak ihes egiten digu. Beharbada ez da bizitza ihes egiten diguna, eta posible da gu izatea bizitzatik ihes ari garenak. Baina kontua da ingurukoa baino urrunagokoari begira betetzen ditugula burmuineko datu-basea eta zentzumenen sarea; eta, ondorioz, hemen eta orain gertatzen dena desagertu egiten zaigula.

Itzarrik gauden orduetan egiteko ariketa bat proposatu gura dizuet. Har itzazue hamar minutu, eta, zaudeten lekuan zaudetela, erreparatu iezaiozue inguruari:

Esku banatan ume bat hartuta kantuan doan amama. Presaz autobusera joan eta segundo batzuengatik autobusak alde egin diona. Autoa hurbilegi egon arte alde egingo duen edo ez erabakitzen ez duen usoa. Bideo dei bat erdi oihuka. Dendaria dendako atearen paretik pasatzen diren guztiei goitik behera begira. Amaitu bako zigarro bat lurrera. Bizikletarekin espaloitik doalako txarto begiratu dion gizona. Gura barik txakur-kaka siku bati ostikoa eman diona. Jertsea atzekoz aurrera jantzita daramala ez dakiena. Auto beltz baten klaxona. Uniformez jantzitako bi ume: bata gonaduna eta bestea prakaduna. Erloju adimentsuan egunean zehar egin dituen pausoei begira doana. Kalea etxe duena. Eskuetan arropa berriz betetako bost poltsa daramatzana. Aurikularrak kendu barik eta erdi kantuan, sandwicha jan eta batidoa edaten dituena. Ingeleseko liburuak oihalezko poltsa batean. Txistuka doan gizona. Kolore beixez jantzitako bat. Kartelak itsasten ari diren bi gazte. Gimnasiotik ilea lehortu barik atera dena. Aulki gurpildunean adineko pertsona bat, eta zaintzailea telefonoz berbetan. Beste txakur bat usaindu nahian ari zela, tiraka eraman duten txakurra. Ondo plantxatutako alkandora parea. Porro usaina. Ume bat motxila gurpildun bati tiraka. Erratzaren kirtenarekin zaborrontzian aztarrika dabilena. Bizikleta zuhaitzera lotu duena. Albokoari zerbait esan behar dion bakoitzean geratu egiten dena. Deskantsatzeko esne kaxak lurrean utzi dituen adineko emakumea. Ume bat bakarrizketan. Disimulatzeko astirik izan ez duen irribarre lotsati bat sakelakoari begira. Zebra biderik ez dagoen lekuan bidea korrika gurutzatu duena. Nerabe kuadrilla bat denak batera berbetan. Oinez doala poltsikoan daramatzan txanponak astintzen dituena. Arin ibili ezin delako astiro doana. Bidaia agentziako erakusleihoaren parean geratu eta karteletako bati argazkia egin diona. Ume jaioberri bat motxilatxo batean daraman emakumea. Bikote hasiberriari begira geratu den neskatoa. Urduri antzean poltsan etxeko giltzen bila ari dena. Iturrian ura edaten hasi eta oinak nahi baino gehiago busti dituena…

Ikuskizun ederra da bizitza. Merezi ditu, gutxienez, egunean hamar minutu.

Hamar minutu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.