Gune oso urbanoak eta udalerri deskonektatuak Euskal Herrian

Gune oso urbanoak eta udalerri deskonektatuak Euskal Herrian

Gune oso urbanoak eta udalerri deskonektatuak Euskal Herrian

Euskal Herriak mugikortasun azpiegitura garrantzitsuak ditu. Europako Batasuneko herrialdeen testuinguruan Euskal Herriko indizeak altuenetarikoak dira bai ibilgailuen dentsitate eta autobide kilometroetan bai trenbide sare elektrifikatuetan.

21.000 km2 antolaketa deskonpentsatuarekin

Etengabeko urbanizazio prozesu batean gaude eta biztanleria gune urbanoetan pilatzen ari da geroz eta gehiago enplegua eta zerbitzuak eskaintzen diren guneak baitira. Prozesu globala da eta prospektibak prozesua sendotze bidean dela erakusten digu. Euskal Herria ere antzeko egoeran da, baina ezaugarri propioak ditu.

Lurzoruaren artifizializazio garrantzitsua

Azken urteetan populazio gehien jaso duten udalerriek edota jarduera ekonomiko industrial garrantzitsua aurrera eraman dutenek lurraren artifizializazio indize oso altua dute. Nabarmentzekoa da Lapurdiko Kostaldeko urbanizazio prozesua baita industria izaera sendoko eskualdeetakoa ere (Tolosaldea, Durangaldea, Debabarrena, Debagoiena, Goierri…).

Zenbait udalerrietako artifizializazio indizea oso altua da. Guneka azterketa eginez, azpimarratzekoak dira Lapurdiko Kostaldeko udalerriak, esaterako, Angelu (lurzoruaren %83,52), Biarritz (%82,66), Getaria (76,72), Hendaia (%67,09); Iruñerriakoak, hala nola, Burlata (%77,27), Iruñea (%73,97), Atarrabia (%73,95) eta Barañain (%67,99); edo Bilbo ingurukoak, besteak beste, Sestao (%76,38), Leioa (%70,40), Portugalete (%69,41) eta Getxo (%68,80).

Artifizializatutako lur azalera (%) Euskal Herrian 2012*

Honek guztiak espazio naturalaren zaintza ondasun-komun gisa eta urbanizazioarekiko duen oreka bezalako eztabaidetara garamatza. Beste atal batzuetan azpimarratzen den gisan Euskal Herriko errealitate territoriala oso deskonpentsatua da.

Guneak urruntzen

Euskal Herriko hainbat eremutan aplikatzen ari diren azpiegitura eta zerbitzu politiken emaitzen ondorio dira pilaketa prozesuak. Prozesu horiek hutsune handiak dituzten lurralde planifikazio eta berrantolaketa prozesuak dira. Hain zuzen, hutsune horietako bat ekimen eta zerbitzu zentroetarako irisgarritasunean datza. Zenbat eta udalerri bat zentro hauetatik urrunago izan hainbat eta zailagoa da historikoki tokikoak izan diren jarduera sozial eta ekonomikoak mantentzea. Udalerri bakoitzetik eskualde burura edo herrialde burura dagoen distantzia aztertzen badugu laster konturatuko gara Euskal Herriko udalerri askoren egoera zein den.

Azpimarratzekoa da gai honetan Nafarroa Garaiko ekialdeko eta hegoaldeko eskualdeen egoera. Izan ere, 7 eskualde hiriburutik 60 km-ra daude (Debagoienaz ere gauza bera esan daiteke). Horien artean daude Cortes (116 km), Buñuel (112 km) eta Arguedas (108 km).

Datuei patxadaz erreparatuz gero, eskualde bereko udalerrien artean ere desoreka handiak daudela topatuko dugu. Kopuruz, Nafarroa Garaiko eskualdeek pairatzen dute egoera hau baina problematika antzerakoa da Araban, Enkarterrietan, Urola-Kostan edo Arratia-Nerbioin. Eskualde hauetan ondorengo udalerriak dira aintzat hartzekoak: Mendabia (NG), Lanestosa (B) edo Gazteluberri (NG), hauek guztiak dagokien eskualde buruarekiko 47 km-tik gorako distantziara daude.

Lurralde antolamenduaz

Hamarkadak dira lurralde antolamendua bidegurutzean dela. Baliabideak pilatzeko joerak, lurzoruaren balioa garestitzeko higiezinen espekulazio interesak lagunduta, eszenatoki berri bat sortu dute non azpiegiturak eta zerbitzuak lurralde eremu batzuen eskura gelditzen diren baina beste batzuetatik at.

Baliabideak lurraldean nola ordenatuko ditugun birpentsatu behar dugu, besteak beste, ingurugiroarekiko errespetuz jokatuz nukleo urbano historikoak (idiosinkrasia propioarekin) bizirik mantenduko dituen garapena aurrera eraman nahi badugu. Osterantzean, 4 hiriguneko Euskal Herri baterantz goaz eta ez interkonektatuta dauden udalerrien sare baterantz.

Oharra: Testu honen xedea dibulgatiboa da, datuen irakurketa erraztea du helburu. Testu hau Gaindegiako talde teknikoak ekoitzi du. Ez du Udalbiltzaren iritzia adierazteko helbururik.

Gune oso urbanoak eta udalerri deskonektatuak Euskal Herrian

2 pentsamendu “Gune oso urbanoak eta udalerri deskonektatuak Euskal Herrian”-ri buruz

  • Kaixo!

    Mugikortasun azpiegitura haundiak eta asko izango ditugu, pentsatzen dut karreterak izango direla, ze garraio publiko exkaxa daukagu. Beno, agian gune oso urbanoetan nahikoa izango da, baina herri txikietan ez: ondorioz, udalerri deskonektatutak sortzen dira.

    Abiadura haundiko trena zertarako da? Gune urbanoen garraioa haunditzeko (gabezia premia haundik ez duena) eta Bilbotik Donostira dijoan Euskotrena, herriz herri pasatzen dena? Ez al da hobe hori berritzea eta hobetzea udalerri hain deskonektatuak ez egoteko?

    Udalerri deskonektatu baten bzitzen jarraituko dugu beti!

  • Kaletartzen ari gara. Argi dago. Horrek esan nahi du kalean bizi garela, baina ez bakarrik. Horrez gain, kaleko pentsamoldea dugula; eta pentsamolde bakartzat hartzen dugula. Hau da, inguruko naturara jotzen dugunean pentsamolde hori inposatzen dugula.
    Adi, naturaren erlojua bestelakoa da.