Gora Saninazioak! Gora Saniak!

Gora Saninazioak! Gora Saniak! –

Azpeitian herriko jaiak ez ospatzea osasuntsua ez izanik, inolaz osasuntsua ere  ez da debekuaren inguruan eztabaidarik ez egotea. Horrek narama idaztera, herri batean adierazpen askatasunarekiko dugun jakintza mailaren, errespetuaren eta onespenaren seinale delakoan.
Gora Saninazioak! Gora Saniak!
Arg: Urola Kostako Hitza
Harrotasunez hitz egin izan dugu gure herriko jaiez. Liburuak, eta ez txikiak, egin dira gure herriko jaiez. Ezagunak gara Azpeitiarrak herritik kanpo gure jaiengatik. Eta baditugu hainbat erreferente historiko ere, Azpeitia plaza handia izan denaren seinale direnak. 1936 ko Ekainean ospatu zen Euskal Herriko Nekazarien eguna adibidez, egun osoko jai eguna, berdura plazan 900 lagunek bazkaldu zuteneko hura. 1979, 2000 eta 2011ko Kilometroak, hamarnaka mila lagunen bilgune, herria gutxitan bezala Gipuzkoan.
Jaiak ospatzea herritarrak elkartzea da, hainbat ikus entzunezko plazaratzeko unea, jolas egiteko unea, poza adierazteko unea, abestekoa, dantza egitekoa, eta guzti hau beharrezkoa dugu, osasun iturri eta arnasgunea da. Herri bati jaiak kentzea osasuna kentzea da.
Lan egiteko erak moldatu ditugunean, hara eta hona ibiltzeko moduak ere, elizkizunak ospatzeko moduak, ostalaritza abian jartzekoak, hezkuntza moldatu denean, osasungintza ere… Bizitzako hainbeste esparru moldatu eta aurrera egin dugun bezala, besterik gabe jaiak ospatzeko erakutsitako nagitasuna ulergaitza egiten zait, eta debekurako joera susmagarria. Ez dut ulertzen barrakarik ekarri ez izana, inguruko herrietan plaza bete barraka ikusten dugunean. Suzko erroberak kendu izana, herrian ondo zabalduak ikusi ahal ditugunean, Sainazioetako elizkizun guztiak antolatu direnean.
Eta historia errepasatzen badugu edo buruari eragin; kontatzen ziguten Txalintxoko erromeriara guardia zibilak nola joaten ziren debekatzera, Xoxoten ikusi genituen guardia zibilak bertako egunez, Urbian Urriko erromeria ostean nola kargatu zuten Arantzazun 1975ean irakurri dugu edo urte berean Iruñeko zezen plazan, edo urrunera joan gabe Kilometroen inguruan agintariek erakutsitako hainbat ezinikusia herrian bertan, aurretik nahiz ondoren. Zer esanik ez 1936ko Euskal Nekazarien eguna betiko desagertu zena Azpeitian, estatu kolpea eta erregimen frankista tarteko.
Jaiekiko jazarpenak etengabeak izan dira herriko historian eta aitzakia asko erabili da honetarako aldian-aldian: Espainiaren batasuna, arimaren garbitasuna, herritarren ordena eta abar. Liburu bat osa liteke.
Gaur ordea PCR izeneko testetan oinarrituriko pandemia da. Froga hauek besterik gabe inoiz ez direnean erabili medikuntzan diagnostikorako. Ez dutelako balio horretarako, asmatu zituenak garbi esan zuen bezala, eta hori egunero ikusten ari gara gaixo “asintomatikoekin”. Test horien emaitza zikloak igo edo jaitsiaz manipulatu ahal denean. Hau horrela, badirudi Aizarnazabalen Wavegarden ek erabiltzen duen teknika dagoela martxan, olatuak artifizialki sortzen direla.
Kontuak argitzen joateko, Lukashenko Bielorrusiako agintari gorenak garbi esan zuen Nazioarteko Diru Funtsak Covid-19 aren aitzakian murrizketak eta debekuak ezartzearen truke nolako dirutzak eskaini zizkion. Izua hedatzea osasuntsua ez bada ere, batzuei oso errentagarria bai zaie.
Lan egin nahi duenari, jai egin nahi duenari bezala, errespetua zor zaio. Gure osasuna zaintzako ez dugu agindurik, ez eta osasuntsu ez den neurririk behar nere iritzian.

Jaiak ospatzeko eskubidea dugu, elkartzeko, dantza jolas eta kanta egiteko. Beraz, debeku guztien gainetik, Gora Saniak! Gora Saninazioak!

Gora Saninazioak! Gora Saniak! Gora Saninazioak! Gora Saniak!

2 pentsamendu “Gora Saninazioak! Gora Saniak!”-ri buruz

  • Interesatzen zaigunean Guardia Civila instrumentalizatu, dena da baleko. Hasiera hartan “katarro baten parekoa” zen. Gero musukoak erabiltzearen aurka, ez omen zuten eta babesten. Ospitaleak hutsik egon direla ere zabaldu da. Orain PCRak besterik gabe ausaz positibo ematen du. Gero Lukashenkok esanak bota eta dena da baleko. Lukhasenkok beste gauza asko ere esaten ditu, baina haiek ez dira aipatu nahi. Dena da baleko. Besteok morrontzan bizi gara, ez dugu pentsatzen edo ez dugu pentsatu nahi. ematen diguten pentsua jaten dugu besterik gabe. Aitor, jendea ez da zuk uste duzun bezain tontoa.

  • Ez dakit jendea tontoa den, baina koldarra, berekoia, indibidualista ta txotxoloa bai