Kritika zinematografikoa: ‘The Woman Who Ran’

-Kritika zinematografikoa: ‘The Woman Who Ran’

Zuzendaria: Hong Sang-soo
Urtea: 2020
Herrialdea: Hego Korea

 

-Ezer ezkutatzen ez duen misterioa-

Badu misterio kutsu bat Hong Sang-sooren zinemak. Misterio hori ez da, detektibeen generoan bezala, argitu beharreko istorioko gertaera baten inkognita, ezta thrillerretan hainbeste tentsio eta ezinegon sortzen duen etorkizunarekiko ezjakintasuna ere. Horien ordez, zuzendari korearraren zineman, pelikula osoa izan ohi da abstrakziora hurbiltzen den ziurgabetasun atmosfera batean murgilduta; eta, askotan, begi bistan zer dugun ere ez da guztiz argi izaten. Hil honetan aretoetan estreinatu den The woman who ran (Ihes egin zuen emakumea) ez da bereizgarri horren salbuespena.

Emakume baten urratsak jarraitzen ditu pelikulak.  Kim Min-hee protagonistarenak, etxerik etxe aspaldiko hiru lagun bisitatzen aterako denean. Baina “nor da ihesi doan emakume hori?”, eta “zergatik egiten du ihes?”. Horixe galdetu zion zuzendariari pasa den urteko Berlinalean (Zilarrezko Hartza eraman zuen bertan) filmaren proiekzioaren ondorengo prentsaurreko moderatzaileak. Badirudi gure kultura zinematografikoan misterioak argitzeko ezinegona dagoela, ulertezinak gertatzen diren kontuei esanahi zehatzak ezartzeko premia. “Ez dut oraindik erabaki…” erantzun zion zuzendari korearrak, “definitzeko aukera izan nuen, baina zehaztu baino lehentxeago amaitu nuen pelikula”. Beraz, ez dago guztiz argi nondik datorren eta nora doan ihesi gure emakumea. Baina aretoetara doan ikusleak ez du Christopher Nolanen puzzle itxurako misteriorik topatuko, baizik eta koan budista baten antz handiagoa duen pieza xumea. Hots, kontraesankorra badirudi ere, funtsean ezer ezkutatzen ez duen pieza misteriotsua.

Zinemagilearen gainerako lanetan bezala, elkarrizketa eszena lasai eta luzeek osatzen dute pelikula, non itxuraz garrantzi gabeko gaien inguruan hitz egiten duten pertsonaiek (auzokoen oilar erasokorra, senarraren telebista agerraldiak, etxe azpiko tabernako artistak…). Roland Barthesek “errealitate efektua” deitu zion horrelako elkarrizketek betetzen duten funtzioari: normalean pelikularen munduari testurak gehitzeko baino ez dira erabiltzen, fikzioari errealismo kutsu bat emateko, tramaren ikuspuntutik garrantzi gabekoak baitira. Baina testura akzidental horiek lehen planoan jartzen ditu Sang-sook, elkarrizketa garrantzitsuen eta garrantzi gabekoen arteko marra lausotuta.

 

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEAn

Euskal pantailaren gunea