Gauza (a)normalak

Gauza (a)normalak –

Nerea Loiolak Urola Kostako Hitzan.

Erosketak eginda etxera nindoala, parez pare zetorren emakume batek estropezu egin eta erori egin zen. Laguntzarik behar ote zuen galdetzeko hurbiltzen hasi nintzen, baina inguruan zebilen beste bat aurreratu zitzaidan. Besapetatik hartu eta mugimendu azkar batez altxatu zuen emakumea.

— Listo! Ez da ezer. Susto bat izan da, besterik ez.

Erorketarengatik zikindutako belaun aldea astindu eta bultzadatxo txiki bat eman zion bizkarrean, irribarretsu, aurrera jarrai zezan. Iruditu zitzaidan emakumea malkotan lehertuko zela hantxe bertan, baina dena irentsi eta gizonezkoari kasu eginda aurrera jarraitu zuen.

Duela astebete edo, malekoiko banku batean irakurtzen ari nintzela ikusi nuen nola ondoan eserita zegoen bikote bati hirugarren pertsona bat hurbiltzen zitzaien.

— Aizu, erabiltzen ari zaren iphone hori asko gustatzen zait, utziko al didazu pixka batean? —esan zuen iritsi berriak.

—Nola? Ezta pentsatu ere. Nirea da—erantzun zion iphone-aren jabeak mesfidati eta bekozko ilun samarrarekin.

— Baina asko gustatzen zait. Utzidazu! — tematu zen etorri berria.

— Eneko, asko gustatzen zaio, utziozu, ez? Gauzak partekatzen ikasi behar duzu— errieta egin zion ordura arte hitzik esan ez zuen bikotekideak.

Iphone-aren jabea ezezkoan setatu zen eta lagunak gaiztoa zela esan eta, haserre, hantxe utzi zuen bakar-bakarrik.

Atzo goizean berriz, lagun batekin eta bere 15 urteko alabarekin topo egin nuen kalean eta berriketan ari ginela nire lagunaren beste lagun bat azaldu zen.

— Kaixo! June, emango al didazu musu? -eskatu zion alabari itxuraz beretzat ere ezezaguna zen gizonezko hark.

Junek ezezko keinua egin zuen buruarekin eta amari begiratu zion, baina nire lagunak ez zuen deus esan. Orduan gizonezkoak soinean zeraman poltsa batetik lepoko polit bat atera zuen eta Juneri zuzendu zitzaion berriro ere:

— Gustatzen zaizu? Musu ematen baldin badidazu oparituko dizut.

Gauza (a)normalakJunek berriro ere amari begiratu zion, onespen bila edo, eta amak buruarekin baiezko keinua egin zionean 15 urteko neskatoak gizonari musu eman eta lepokoa beretzat hartu zuen.

Ez duzula sinesten kontatzen ari natzaizun hau guztia? Jarri dezagun bada egoera hauetako biktima bakoitzaren lekuan haur bat eta aldatu iphone-a panpina batengatik eta lepokoa gozoki batengatik. Bingo! Egoera guztiz sinesgaitz izatetik egunerokotasuneko pasarte normalak izatera pasatu dira.

Zorionez gaur egun, helduon mundua deitzen diogun honetan geroz eta argiago dugu gure gorputzarekin eta sentimenduekin lotutako erabakiak guk geuk hartu behar ditugula, eta hori izango dela besteen sentimendu eta erabakiak onartu eta errespetatzeko bidea ere. Baina askotan, ahaztu egiten zaigu haurrek ere eskubide eta ardura hori bera dutela. Ahaztu egiten zaigu haurrak pertsona oso-osoak direla jaiotzen diren une beretik, zeharo adimentsuak eta jakintsuak. Jakina ez daudela helduen garapen puntu berean, ez fisikoki ez intelektualki, baina horrek eskubidea ematen digu haurrari sentitzen duen mina ukatzeko? Eman nahi ez duten musu bat emanarazteko?

Gaur egungo haurrek etorkizunean zein gaitasun edo bertute izatea nahiko genukeenaren inguruan hausnartzen dugunean, erantzun nahiko bateratuetara iristen gara helduok: pertsona askea, zoriontsua, irizpide propioa duena, segurua, sentimenduak adierazten dakiena, autonomoa… Baina errealitatea bestelakoa da, eta haurrak diren bitartean horiekin bateraezinak diren beste jokabide batzuk ezartzen dizkiegu: esanekoak izatea, eskuzabalak, edukazio onekoak, alaiak (negar gutxikoak, alegia)… eta beste hainbat “dohain” erakutsiko dutenak zelako guraso onak garen. Gizartearen onespena behar duen gure artelan bat balira bezala tratatzen ditugulako askotan. Gureak, eta ez gure bidelagunak, balira bezala.

Ez dakit zuek, baina nik ez dut lortu bi ezaugarri zerrenda horien artean zubirik eraikitzea. Aukeran, nahiago dut ama txarra izan nire 3 urteko semea jostailu bat uztera behartzen ez dudalako. Erabaki horrek balioko badit nire semeekin eta inguruko beste haurrekin errespetuzko eta konfiantzazko harremanak sortu eta sendotzeko, kanpo-edertasunak alde batera utzita. Garbi daukadalako haur errespetagarriak izateko heldu errespetagarriak izatetik hasi behar dugula. Haurrak gai direlako, eta eskubidea dutelako, askatasunez beren bizitza hautatzeko eta egiteko.

Gauza (a)normalak Gauza (a)normalak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude