Onki xin eta utikan

Onki xin eta utikan –

“Ongi etorriak” ETA omen dira, eta jazarpen judiziala jasan dute hamaika lagunek horregatik. “Ospa egunak” ere ETA direla diote, “Alde Hemendik” dinamikaren baitan kokatutakoak; eta besteak beste, azken praktika hau aurrera eramatea egotzi zietelako, jakitun izango zara Altsasuko gazte batzuk 1.000 egun beteko dituztela espetxean (gehi aurretik geratzen zaizkien beste guztiak).

Onki xin eta utikan

Beraz, ez “ongi etorriak”, ez “ospak”. Ez joan, ez etorri. Ez onki xin, ez utikan.

Ez da atsegina gai hauetaz idaztea. Gehienbat espainiarrek markatutako gai bat delako: haiek haizatu dutelako gaia eta lehen planoan jarri hedabideetan; biktima elkarte izateari aspaldi utzi zioten batzuk profesionalak bihurtu direlako bazterrak kakanahasten; ETA desagertu zenetik tarteka erabiltzen duten komodina delako… Baina euskaldunak eztabaidan jartzea lortu dutenez, eta hori onartu beharreko errealitatea dela jakitun, eztabaidatu dezagun bada.

Urte hauetan nerabe bihurtu diren euskal gazteak dira azken 200 urteetan gatazka armatu bat ezagutu ez duen lehen belaunaldia: 36ko gerra, diktadura, ETA, erreforma, sasi-demokrazia… Azken 80 urteetan treguarik eman gabe erreprimitu gaituzte, eta egon dira exiliatuak, torturatuak, presoak eta hilak. Gatazkaren ondorio horiek bazeuden ETA sortu aurretik; mantendu ziren ETA bizirik zen bitartean; eta jarraitzen duten ETA desegin eta gero. Azalpen honekin nora iritsi nahi dut? Euskaldun bat baino gehiago ari da presoak “gaizkile” gisa tratatzen, “giza eskubideak” urratu zituen norbanako bezala; eta nire ikuspuntutik ez dira kontuak horrela. Zeren ETA ezagutu ez duen belaunaldiko gazteek errepresioa, ukapena eta gatazka sufritzen jarraitzen dute. Arazoa ez dago “ongi etorrietan”, baizik eta autodeterminazio eskubidearen ukapenean, horregatik baitaude presoak eta iheslariak. Orain arte espainiarrek hori biolentziaren erabilerarekin nahasten zuten, baina Katalunian gertatutakoak eta gero hori sinesten jarraitzeko gai denak ulermen arazo serio bat dauka.

Askok Irlandako bake prozesua jartzen dute erreferente gisa. Han bando guztiek jarraitzen dute haien preso ohiak eta eroritako gudariak omentzen. Normaltasunez. Ez da ezer gertatzen. Bakoitza bere hildakoei negar egiten, bere komunitateak sufritu zuena gogoratzen; eta tarteka, bi aldeak elkarrekin bizitako sufrimenduaren inguruko gogoeta egiten.

Ez nau mintzen ETAk hildako polizia baten omenaldiak. Bere ingurukoek eskubide osoa dute laguna, senidea edo lankidea oroitzeko. Errespetu osoz.

Bere herritik kanpo 43 urte pasa dituen pertsona bat herrira itzultzea esparru intimotik harago doan zerbait da. Historia. Gainditu nahi den fase baten orrialde bat pasatzea. Ospatzea bere senideek eta lagunek ez dutela bizitza errepidean jokoan jarriko. Salatzea ze baldintzetan izan duten, bai bera eta bai beste euskaldunak: gaixorik, aislamenduan, tratu txarrak sufrituz… eta bizirik eta irribarre egiteko moduan atera dela (bidenabar, bi urte bete dira Kepa del Hoyoren heriotzatik). Maitasuna adierazi eta iritzi politikoa haizatzea, horretarako eskubidea ere badagoelako; egon behar lukeelako. Zeren eta pentsamolde politiko guztiek ez badaukate tokirik gure herriko plazan, iraganeko lasta ugari pasatzen arituko gara plaza horretan bertan jostatzen dabiltzan gaztetxoei.

Gehiago mintzen naute frankismoaren oinordekoei egiten zaizkien omenaldiek. Denon diruarekin. Aitortza instituzionalarekin. Gure herria ia desagerrazi zutenei. Baina aizue, bakoitza libre da nahi duenaren inguruan asaldatzeko.

Onki xin eta utikan

Onki xin eta utikan
Onki xin eta utikan

Zer duzu buruan “Onki xin eta utikan”-ri buruz

  • Bakoitza ez da libre nahi duenaren inguruan asaldatzeko. Inperialismoaren menpean eta okupazio egoera batean ezin da askatasunarik egon ez ta inolako eskubiderik eduki. Ezin da ere zilegitasunik berbera eman okupatzailei eta okupatuei. Lehenak gaizkileak dira eta bigarrenak, haien biktimak.
    Lehenek eskubiderik ez dituzte gure lurraldeak okupatzeko eta bigarrenek eskubidea osoa dute beraien lurretatik okupatzaileak botatzeko.
    Baina dakigun bezala, eskubideak indarren arabera dira edo ez dira.
    Horrelako egoeretan arrazonamenduaren indarrarenik ez du balio, indarraren arrazonamendua baizik.