Gasa ustiatzeko fracking teknikak zalaparta eragiten segitzen du Araban eta munduan

Fracking putzuaAraban bolo-bolo dabil azken hilabeteetan “fracking” hitza; haustura hidraulikoa ere esan dakioke. Teknika hau erabilita Arabako lur azpitik 60 urtez EAE hornitzeko adina erregai dagoela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, udazkenean. Hain zuzen ere, 185.000 metro kubiko arbel-gas. Patxi Lopez lehendakariak Estatu Batuetara egin zuen bidaian estutu zituen harremanak enpresa amerikarrekin eta handik iragarri zuen Arabak ustez duen gas bolumen itzela.

Baina, oro ez da urre, eta fracking sistemaren arriskuak jarri dituzte ekologistek mahai gainean. Aurretik Texasen (AEB) izandako zenbait ustiapenetan izandako ur kutsaketak nabarmendu dituzte, baita gertatutako lurrikarak ere. Ingurumenean eragin daitezkeen kalte zuzenez gain, gasaren ustiapenak erregai fosilekiko menpekotasunean sakondu egiten duela salatu dute ekologistek.

Zalaparta ez da Arabako kontua bakarrik

Gasland dokumentalak Texasen izandako esperientzia zabaldu zuenetik areagotu egin dira kezkak, eta, horren erakusle, AEBtan antolatu berri dituzten frackingaren aurkako ekintzak. Erresuma Batuan ere protestak areagotu dira behin gobernuak haustura hidraulikoa ez debekatzea onartu duenean, nahiz eta Blackpool herrian lurrikarak eragin dituela onartu duten. Hala eta guztiz ere, Europako Batasunean gaia landu duen batzordeak otsailean ebatzi zuen ez dela “arau gehiago behar” fracking sistema mugatzeko. Eusko Jaurlaritzak baikor hartu zuen batzordearen txostena eta “alarma sortzea” egotzi zien teknikaren aurkakoei.

Bistan da multinazionalen aldetik interes handia duela teknika honen hedatzeak, izan ere, orain arte eskuraezina zen erregaia lortu daiteke fracking bidez. Ameriketako ur konpainiek (milaka ur litro erabiltzen dira gasa ustiatzeko) dagoeneko bat egin dute arbel-gasa eskuratzen duten enpresekin. Multinazionalak teknika honen aldeko kanpaina egiten ari dira, jakina, negozioaren etekin ekonomikoez jabetu direlako.

Gasteiztik 10 kilometrora dagoen Subilla-Gasteiz herrixkan hasiko dituzte Euskal Herriko lehen zundaketa lanak. Ekonomikoki, teknikoki eta ingurugiroari dagokionez ustiapenaren gauzagarritasuna aztertu nahi du orain Jaurlaritzak. Industria sailetik behin eta berriz esan dute ingurumena kaltetuko duela frogatzen bada, ez dutela proiektuarekin jarraituko. Halere, ikerketa zundaketak datozen hilabeteetan hasiko dituzte aurrez ingurumen kalte txostenik egin gabe.

Gasteizko jardunaldi teknikoen “iruzurra”

Europako Hiriburu Berdean ingurugiroan kalteak eragin ditzakeen teknika erabiltzeak kontraesana dirudi. Frantzian debekatuta dago haustura hidraulikoa; Polonia da teknikaren alde sutsuki lanean ari den Europako estatua. Ekologistek instituzioei gaiaren inguruan gardentasun falta egotzi ostean, oposizioko alderdiek eskatuta, Gasteizko Udalak haustura hidraulikoari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, apirilaren 23tik 25era. Baina, “frackingaren aldeko marketing kanpaina” izango dela leporatuta, ekitaldia “bahitu” izana leporatu diete Ekologistak Martxan eta Fracking Ez Araba elkarteek antolatzaileei.

Protesta gisa, Amerikanoen Ongi Etorria parodia egin dute gaur, astelehena, Aihotz plazan. Igandean, ostera, 700 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte Kuartangoko haranean egin zuten frackingaren aurkako ibilaldian.

Informazio gehiago:

  • Gaiari buruz munduan publikatzen den informazioa eskuratzeko #fracking segitzea interesgarria da.
  • Gasteizko jardunaldien inguruan @JulioBarea Greenpeaceko kidea ari da iruzkinak egiten.
  • Kantabrian egin asmo diren fracking ustiapenen aurkako elkartea webgunean informazioa publikatzen ari da.
  • Iker Armentia kazetariak haustura hidraulikoaren negozioari buruz.
  • Arabako zundaketari buruzko erreportajea Arabako Hitzan.
  • Energiaren azken “pagotxa” erreportajea Argian.
  • Europako Batasunak haustura hidraulikoa babesten duen txostena.
araba, ekologia, fracking, gasa
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Gasa ustiatzeko fracking teknikak zalaparta eragiten segitzen du Araban eta munduan”-ri buruz

  • Frantzian debekatua dagoela lerro bakarrean idazteak ez du erran nahi hori berez eta errazki gertatu den gauza dela. hainbat protesta, ikerleta, mobilizazio eta abarren eragina izan da. Gaz de schiste gisa ezagunago da franatzian prozedura hori eta ekologistez gain (kontzientzia hartzea hauek buktaztu badute ere eta bereziki Jose Bové Eurodeputatuak), gizarteko sail askok berenganatu dute (laborari, tokiko hautetsi…)arrisku eta iruz izugarria dagoela afera honen gibelean. Adibide gisa : http://cdurable.info/Alerte-Gaz-de-schiste-Sud-France-Forages-Valence-Montpellier-Ales-Cevennes,3164.html

  • independentzia energetikoa = nafar errepublikatik pauso bat hurbilago

  • Bai, Espainia ere hasi da onartzen Nafar Errepublika: ikus EL PAIS-eko gaur goizeko notizia hau:

    «Una ciclogénesis o borrasca explosiva, bautizada con el nombre de Petra, llegará este miércoles al tercio norte de la península Ibérica, dejando a su paso fuertes lluvias y rachas de viento de 100 kilómetros por hora. El fenómeno, poco habitual en España, afectará sobre todo a áreas de montaña y a los litorales de Cantabria, Galicia, Asturias, Navarra y Castilla y León, ha explicado a EFE el portavoz de la Agencia Estatal e Meteorología (Aemet), Alejandro Lomas»

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude