Hodeietan liburua argitaratu du Elhuyarrek

Hodeietan

  • Narrazio zientifikoa da, 12-16 urteko gazteei zuzendua
  • 2011ko CAF-Elhuyar sarietan, irabazle izan zen “Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak” kategorian.

 

Hodeietangazteentzako narrazio zientifikoko liburua— argitaratu berri du Elhuyarrek, eta gaur izan da liburuaren aurkezpena, Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian, Liburuaren Nazioarteko Egunean hain zuzen ere. Han izan dira Aitzol Lasa, Hodeietan liburuaren idazlea, eta Lurdes Ansa, Elhuyarreko Edizioak saileko arduraduna.

Narrazio zientifikoa da Hodeietan, eta 12-16 urteko gazteei zuzenduta dago. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du sorkuntza-lan honek.

2011ko CAF-Elhuyar sarietan, berriz, “Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak” kategorian irabazle izan zen. CAF-Elhuyar sarien helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta narrazio-lanak bultzatzea, saritzea eta aitortzea. “Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak” kategoriako lanek gazteei zuzendutako narrazioak dira, euskaraz sortuak. Lan horietan, zientzia- eta teknologia-gaiak jorratu behar dira, ezinbestean, zeharka bada ere. Zientzia-narrazioen bitartez gazteak zientzia eta teknologiara modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea da sariketaren helburua.

Hodeietan liburuaren tramari dagokionez, Hodei dugu protagonista. Batxilergoko azken ikasturteko ikaslea da Hodei, eta ez ditu bereziki gustuko zientziak. Estibalitz, aldiz, zientzialari iaioa da. Nerabezaro osoan izan du gustuko Estibaliz Hodeik, eta, udan bizi izan duten maitasun-istorioaren ondoren, aldatzen hasi da Hodeiren zientziarekiko ikuspegia.

Idazlea, Aitzol Lasa Oiarbide, barañaindarra da, sortzez, eta matematikaria, lanbidez. Nafarroako Unibertsitate Publikoan dihardu, matematikaren didaktikaren arloan. 2009an Barañain Hiria literatura-lehiaketa irabazi zuen, “Aipa ditzagun emakumeak” atalean, Udako arratsalde bat ipuin laburrarekin. Horrez gain, lau urte eman ditu Euskalerria irratian (Arratsalde.on) eta Eguzki Irratian (Plano konplexua) matematikari buruz hizketan.

Lurdes Ansa, Elhuyarreko Edizioak saileko arduradunak aurkezpenean aipatu duenez, Elhuyarren ZzL serieko hirugarren obra da hau. Gazteentzako zientzia-narrazioko irakurketa-liburuak argitaratzen ditu ZzL serieak, eta hauek dira aurreko biak: Simon Bloom, grabitatearen zaindaria eta Platonen Urmaela. Lapurtutako giltzaren bila.

Paperean zein formatu digitalean eskura daiteke liburua. Papereko bertsioa dagoeneko salgai dago, 14 €-an, Elhuyarren Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eta liburu-denda nagusietan. Formatu digitala Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eros daiteke, 4 €-an. Paperezko ale bat erosita, formatu elektronikoko bat emango dizugu, doan.

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, bestalde, Lurdes Ansak aipatu du Elhuyarren zientziako eta euskarazko produktuak % 10 merkeago izango ditugula (bidalketa-gastuak, doan), apirilaren 23tik maiatzaren 7ra arte Elhuyarren Interneteko dendan egiten diren erosketetan (www.elhuyar.org/edizioak).

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.