Garraio nazionala ala eskoliosi publikoa?

Eskoliosi publikoa? Garraio nazionala omen daukagu jada esku artean. “Abiadura Handiko Trena da Euskadiren bizkarrezurra!”. Hori entzun nion aurreko astean Joseba Agirretxeari, kongresurako EAJ-ren hautagai gipuzkoarrari. Eskoliosiak jota gaude.

Euskal Herria geografikoki lurralde txikia da, kotxean ez daude hiru ordu eta erdi baino gehiago sortaldetik sartaldera. Biztanleriaren zati handi bat hiriguneetan bizi da, gehienetan bere lantokia aurkitzen den eskualdean bertan. Duela urte gutxitako datu batzuek ziotenaren arabera, eguneroko garraioen %98a baino gehiago distantzia motzekoak ziren, eta bataz beste antzekoa izango da oraino. Euskadi Buru Batzarreko eta UPN-ko kide asko egon dira porlanaren munduan leporaino sartuta, eta astakeria faraoniko hori da alderdi batzuen eta zementuaren arteko loturaren espresio handiena.

Garraio nazionala ala eskoliosi publikoa? Garraio publikoak sekulako gabeziak ditu. Lurralde bakoitzak bere aldetik funtzionatzen du, eta ez dago garraio publiko nazionala saretze aldera pausu estrategikoak emateko borondaterik. Bizkaiak Barik txartela dauka, Gipuzkoak Mugi, eta hanka sartzen ari ez banaiz, Araban ez dago lurralde osorako txartelik; Nafarroan ere ez, borondatea agertu duten arren. Ipar Euskal Herrian eragile frankok nabarmendu dute urtetan zehar hobe litzatekeela diru publikoa herri txikiak saretuko dituen autobus zerbitzura bideratzea, AHT hobetsi beharrean.

Hego Euskal Herriaren kasuan bi arazo nagusi nabarmendu nahiko nituzke, erabiltzaile naizen heinean: lurraldeka funtzionatzea eta RENFE.

Lagun askok erabiltzen dute egunero Euskotren, baina Barik txartel bizkaitarrarekin ezin da Gipuzkoa zeharkatu, eta berdin Mugi gipuzkoarrarekin Bizkaian. Lurraldebusen txartela nagusi zenean, ezin zen erabili autobus hori Nafarroatik Gipuzkoara bazihoan, esaterako; “beste komunitate foral bat zeharkatzen baitu “. Nardagarria da horrela bueltaka ibili beharra. Pentsa zer ekarriko lukeen euskal herritarrontzako patrikan gure inguruneko hiri eta eskualde nagusietara (bederen) garraio publikoan iritsi ahal izatea, txartel bakarraren eskutik. Merkea. Irisgarria. Konplikazio handirik gabe.

Garraio nazionala ala eskoliosi publikoa?RENFE eta ADIF. Badirudi euskaraz jakinez gero, ezin duzula pika izan. Horretaz gain, entzungorrarena egiten dute. Ez dute haien tren azpiegitura garraio publikoaren txartelaren baitan sartu nahi. Prezioak garestiak dira; noski, ADIF baita AHT-ren sustatzaile nagusietako bat. Hego Euskal Herriko lau herrialdetan daukate presentzia, eta lau herrialdeetan falta zaie borondatea.

EAJ-k, zuzenean edo bazterretik, Hegoaldeko lau diputazioetan dauka presentzia eta agintea. Borondatea izanez gero, giltza dute garraio publikoaren eskutik gure herriak behar duen bizkarrezurra saretzeko. Eskoliosiak uzten baldin badie, behintzat.

Eskoliosi publikoa

Zer duzu buruan “Garraio nazionala ala eskoliosi publikoa?”-ri buruz

  • A-8 moduko autopista bat kudeatzeko bi enpresa publiko ditugu 75 km eskasotan.

    Bilboko metroaren 3. linez ez du Metro Bilbaok kudeatuko, Euskotrenek baino.

    Desastre hutsa, ta AHTarena irenstea. Besterik ez genuen falta