GAL eta Errelatoak

GAL eta Errelatoak

GALi buruz ezin da ezer txarrik esan espainian barrena, El Escorialeko kanpaiak haserre bizian hasten baitira dilin-dalan eta dilin-dalan alarma zabalduz. Espainiar estatuaren nazio izaera ezbaian jartzen den alditan legez: dela kataluniako deskonexio prozesuaren bitartez; dela euskal herrietan garatu daitekeen prozesuaren mehatxuz edo dela erregeari txistu egitea bera, GALi leporatutako akusazioek ere astintzen dituzte Osborneko zezenaren izter bitarteak. Halako trantzeetan espainiar iritzi publikoa berehala jartzen da bitsa ahotik dariola, zeharo aldarte petralean GALi delituren bat egozten zaion bakoitzean. Desakralizazio imintzio herabe bat baino zerbait larriagoa da GAL kritikatzea espainiartasunaren doktrinan, eta, are gehiago, erantzuleen izenak agintari batzuk direla frogatzen baldin bada.

Asaldura horren azken drama espainiako gorteetarako inbestidura saio batean gertatu zen. Podemoseko idazkari nagusiak hitza hartzearekin batera “cal viva” eta “Felipe Gonzalez” elkartu zituenean kongresuko diputaturik nagiena ere aztoratuta jeiki zen eserlekutik hizlariari kontu eske, birao etsian, deskarga elektriko bat jaso balute bezain bizkor zutunduz eta kongresua oilategi bihurtuz. Haatik, egin dira espainiar kongresuan orain baino lehen estatuaren barrunbeei ustel kiratsa zeriela zioten adierazpenak. Gogoratzekoa da, adibidez, Jon Idigoras ezker abertzaleko militante historikoak burututako hitzaldia.

GALen delituak salatzea sakrilegioa denez eta historia garaileek soilik idazten dutela eta, begibistakoa da estatu espainiarra garaile gisa ari dela nabarmentzen euskal gatazkaren osteko errelatoan. Izan ere, ezker abertzaleak samatik lotuta daukan soka gero eta estuago nabari du, autokritika eta aitorpen argiagoak eskatzen baitzaizkio alde guztietatik. Espainia aldetik ez eze, eusko jaurlaritzatik ere sokaren tenkadura nehoiz ez diote nasaitzen. Ez dauka beste aukerarik egia esan, eragindako sufrimendua onartu eta berriz gertatuko ez dela bermatu behar du ezker abertzaleak. Halere, errezeloa dut batzuek bidea harriari lotuta egiten duten bitartean, besteek harria libratzeko giltzaren jabe direnez gero, berea askatu eta ondokoari giltza emateari muzinka dabiltzala. Emandako urrats bakoitza, emandako animaleko aurreratze bakoitza baina batekin erantzuten baita: baina oraindik pausu gehiago eman behar dituzue, baina ez dirudi zuen aitorpena benetan sentitzen duzuenik, baina, baina… Zera dio kontu honetaz Joseba Sarrionandiak bere “lapur banden etika ala politika” liburuan:

“ETAko militante damutuen autoflagelazioak argitaratzen dira, gaur egun, ez gertatutakoaren egia jakiteko, ezta haien arrazoibide pertsonala ezagutzeko ere, baizik eta Estatuaren indar armatu guztiahaldunak zuritzeko eta Estatuak arazoa soluzionatu duela erakusteko. Onen eta gaizkileen elezaharra berresteko, Estatuaren dominazioaren errituala antzezteko, eta baketzat eta ordenatzat presentatzeko irabazleen bortizkeriaren lorpena.”

Esan bezala, espainiar iritzi publikoaren senean GAL kritikatzeak tabu asko zartatzea dakar, iraganeko mamu dexente gogora ekartzea. Hobe, beraz, gai hori ukitzen ez bada. Izan ere, euskaldun batzuok, ni barne, ETAren ekintzen aurrean isilik eta koldar ezkutatu garen bezala, GALen inguruan ere uste dut espainiar herria beste alde batera begira egon dela, terrorismoari terrorismoarekin erantzutea ulergarria zela pentsatuz. Kontutan hartu gabe, ordea, estatuak sortutako biolentzia are grabeagoa dela herritarren segurtasuna delako haren xedea.

GAL eta ErrelatoakBerriaren bitartez argitaratu eta Eider Goenagak koordinatutako “GAL 30 Urte” liburuan Joxe Felix Azurmendi kazetariak dio espaniako herritarrak ez zirela asaldatu GALek eragindako heriotzengatik, GALen ekintzak diru publikoz finantzatu izanagatik baizik. Horregatik, GALen aroan zein gaur, ezker abertzaleko kide batek nahiz espainiako alderdi ezohiko batek GALen jarduna maiseatuz gero, erreakzioak inertziaz dira oldarkorrak, ikerketa ugarik frogatu arren espaniar estatuak zerikusia izan zuela GALen erasoetan.

Ezaguna da X jaunaren gordean ageri den izena, bai eta GALen ekintzen erantzule gisa espetxeratu zituzten ministroen, polizien, guardia zibilen, mertzenarioen eta abarren izen eta ezizenak ere. Alabaina, beste kasu batzuekin alderatuta zigor osoaren puska bat betetzea aski izan dute kartzelatik airos ateratzeko. Zegokien kondenaren hari muturra kunplituta ordaindu dituzte justiziarekikoak. Jakina da, hortaz, erruaren eta damuaren zama norabide bakarrera bideratzen ari dela. Justuagoa litzateke beste aldetik ere erruak, damuak eta aitorpenak etorriko balira. Historia istorio printzez eta sufrimendu bakoitzez eraikiz, eta ez errelato bakar eta inposatuarekin. Izan ere, errelatoa boterea duenak idazten du, eta argi eta garbi dago gaur egun nor eta zein errelato ari den gailentzen.

GAL eta  GAL eta GAL eta  GAL eta GAL eta  GAL eta GAL eta GAL eta Errelatoak