Filistiarrak ere euskaldun? Udako suge…

Filistiarrak ere euskaldun? Udako suge… –

Filistiarrak ere euskaldun? Udako suge... -
An excavation of a Philistine cemetery at Ashkelon, in modern-day Israel. Credit: Melissa Aja/Leon Levy Expedition to Ashkelon.

Euskaldunok galduta gabiltza gaur egun. Ez dakit soilik den azken boladan ala betiko moduan…, baina betiere jakin ezinda nor garen…

Gaur hala ere (bide) berri pozgarria, iradokitzailea jaso dut sareko zientzia albistegietako batetik (eta zabaldua izanen da jadaneko besteetara ere, baina oraindik ez ditut begiztatu eta lehenbailehen partekatu nahi izan dut aukera zuekin.

Dirudienez, filistiarrak, filistindar historikoak, Palestinakoak, garai bateko judu (h)erratu, hebrearren etsai porrokatuak, Dabidek maltzurki habailaz eraildako Goliat grandoi erraldoiaren herria Palestinara iritsi bide zen hain zuzen Mendebaleko Iberiatik (cf. ???? (Ib?r), Hib?r, Ib?r, (H)Ib?rus fl?men, Ebro, Ibero, ibar…), Sardinia bide zutela (gogoratu gure Juan Martin Elexpururen Sardinia, nire adinkide Blasco Ferrerrena, …), eta hain justu Grezian barrena, Homero handiaren aurre doi garaiko Grezia zeharkatuta (gogoratu han ere Evros ibaia Bulgaria eta Grezia zeharkatzen, eta are Balkanetako Ibar ibaiak Montenegro, Serbia eta Kosovon).

Hori frogatu bide dute DNA frogen bitartez.

Eta ez dakit honekin gure arbasoen bilako bidezidor berria zabaltzen den, edota bide galdu berria ote den.

Hemen segidan nolanahi, berriaren hasiera (ingeles ahalguztidunean…), honetako sare lotura, eta FILISTIAR, zein FILISTEISMO sarrera kuriosoa ondoren sareko Harluxet hiztegitik ekarriak:

Phillistines, Biblical Enemies of the Israelites, Were European, DNA Reveals

The ancient Philistines — famous for their appearances in the Hebrew Bible, including the story of David and the giant Philistine Goliath — weren’t local to what is now modern-day Israel. Instead, this enigmatic group descended from a group of seafaring Europeans, a new study of ancient DNA finds.After analyzing the ancient DNA of 10 individuals buried at a Philistine archaeological site, an international team of researchers found that the Philistines descended from people in Greece, Sardinia or even Iberia (present-day Spain and Portugal). These ancestors migrated across the Mediterranean during the late Bronze Age or early Iron age, about 3,000 years ago.

www.livescience.com/philistines-ancient-dna-europe

 

filistiar

adj. eta iz. Antzinako herri indoeuropar bateko kidea; herri horri dagokiona.
Ez dago garbi zein izan zen filistiarren jatorria. Badirudi egeoen ondorengoak zirela eta itsasoko herriak taldeko beste etniak bezala Egiptorantz jo zutela. K.a. XII. mendean han izandako porrotaren ondorioz, Kanaango kostaldean finkatu ziren; filistiarrek (hebreeraz pelisitim) eman zioten lurraldeari Palestina (= filistiarren herria) izena. Bertan bizi ziren kanaandarrak menperatu eta egotzi zituzten. Hebrearren kontra ere borrokatu ziren, bereziki, Epaileen garaian eta Saulen agintaldian. Dabidek X. mendean menperatu zituen. K.o. VIII. mendean galdu zen filistiarren aztarna. Filistiarren konfederazioa bost hiriz osatuta zegoen: Gaza, Ashkelon, Ashdodo, Gat eta Ekron. Beren hizkuntza ez zen semitikoa; hitz bakar bat ezagutzen da: sérèn (printze, satrapa).

filisteismo

iz. Arte, kultura, berrikuntza, etab.en aurrean jokaera atzerakoi eta itxia izatea adierazteko hitza.

Filistiarrak ere euskaldun? Udako suge…

10 pentsamendu “Filistiarrak ere euskaldun? Udako suge…”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-07-05 16:04

    Julen Arriolabengoak doktore-tesi gisa landutako XVI. mende amaierako “Ibarguen-Cachopin kronika”n (2006, Euskaltzaindia eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioren Mikel Zarate saiakera arloko 2007ko sari, ikerketa lanagatik, 2008an argitaratua -sarean eskegia-) jasotzen da lehenagotik ere ezagun zen “Kantabriarren Kantu” apokrifoaren letra (ziur kronikarako sortua…), eta honek 14. bertsoan dio horrela (gaur eguneko grafian edo): / Tiber lekua / geldiko zabal / U(r)txi(re)n tamai(n)o / grandoia (berez: tamayo / grandoya).
    Kronikako glosa iruzkinak dio bertso honetaz: “da a entender cómo estos vizcaínos con su capitán Urzino fueron de Vizcaya a Roma a acabar la batalla final de tantos a tantos y la bençieron a los romanos en la ínsula y ribera del grande rio Tiber, donde quedaron y poblaron este Urzino y su conpañía, de quienes después se pobló muncha parte de la demás tierra de Roma”.
    Nire ikerketa(pertsonala)ren harian, ‘grandoi’ hori [oraindik OEHn jaso gabea] ez dateke garaiko gaztelaniazko ‘grandón’ adjektiboaren euskal moldaketa baino (1734ko Espainoleko ‘Diccionario de Autoridadesetik’: GRANDON. s. m. Aument. de Grande. Lo mismo que Grandillón. QUEV[EDO]. Mus. 6. Rom. 33.: Yo me hallo mui grandón, / y mui cerrado de barba.), aurreko TAMAYO ere TAMAINO litzatekeen moduan (‘tamaina’ Euskaltzaindiaren Hiztegian). Bai?

  • Milesker!
    OEHn topatu ez dudanez, jakinmina sortu dit hitz hori erabiltzeko arrazoiaren gainean. Bitxia zahartzat saldu nahi den apokrifoan gaztalaniako berba bi horiek agertzea.

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-07-07 11:11

    Orain nik egingo di(n)at galde, Errolan(txo) –konfiantzaz– !
    Mitxelenak dirudienez (2011), 3 aldiz aipatzen din/k ERRALDOI hitza(ren jatorria) –behin /R/ kontsonantearen aurretiko /e/ protetikoaren adibide; beste bitan /o, a/ > /a, o/ bokalen metatesi erakusgarri–. Mitxelenak hiruretan aipatzen din/k Bizkai/Gipuzkoako hitzaren jatorria, batere zalantzarik adierazi gabe, Orreagako gudua galdu zuen Errolan / Roland / Roldan…-etikoa: Roldan > *Erroldan > *erroldae > *erraldoe > *erraldoi itxurako segida batean.
    Niri hala ere susmagarri egin ohi zaidan/k jatorri hori.
    ERRALDOI hitza soilik XIX. mende erdialdetik aurrera agertzen den/k euskal literaturan (OEH), Iztuetak eta Lardizabalek erabilia (1847; 1855), biak ere Gipuzkoako Zaldibia herrikoak –artean hego/mendebaleko euskararen eragin handia zuena, are gaur egun oraindik ere bizia–. Hurrena, Uriartek darabil (‘erraldoe’, Bonaparteren ‘gipuzkerako’ eskuizkribuetan, 1859ko argitalpen inprimatuko ‘goiante’ darabilen lekuan, aurretik soilik Iturriagak erabilitakoa azken hitz hau). Geroztik Azkuek 1893an eta 1905eko hiztegian, eta hortik aurrerakoak besteak.
    Bestelakoan bazirudin/k euskal tradizioan ez dela inoiz ageri Roland-edo izenaren inguruan /o, a/ > /a, o/ metatesirik. ‘Errolan’ ageri du Etxeberri Sarakoak eta (A)Rolan(d) ageri dun/k Xarlemagne past., eta Hiribarrenean -1853, inoizka Rolando ere badarabilena-, Daskonagerre…
    Eta Europako beste hizkuntzetako aldaeretan ere ez dun/k inoiz bokal metatesirik ageri.
    Bestetik /l…d/ > /ld…/ metatesia ez dun/k ageri gurean ez da ageri Kanpionen Orreagaren itzulpena arte [(A/E)ROLDAN], nahiz bai aurretik espainol eta portugesez /(rol)and/ > /(rol)dan/ (/(rol)dão/ portugesez).
    Hala, pentsatzekoa dun/k Mitxelenak pentsatu bezala euskaraz XIX. mendean ROLAND/ROLDAN batetik eratorria agertzeko ERRALDOI hitza /ld…/ segidarekin eta ez /l…d/, soilik etorri liteken/k espainolez eta portugesez garatu den ROLDÃNetik edo (ez badugu behintzat irudikatzen euskaldunok eragin dugula metatesi hori espainol eta portugesean).
    Espainolez ordea (eta portugesez), ez zirudin/k zabalkunde berezirik izan zuenik Erdi Aroan, ez geroago, XI. mendean frantsesez konposatutako Chanson de Roland-ek (Orreagako 778ko gudua ospatzen duena, baina oraintsu Xabier Irujo Ametzagak Iruñea eta Luzaide artean kokatzen duena –Errozabalen seguru asko, nondik agian Roncesvalles izena bera…–). Nahiz Ibarguen-Cachopin kronikan ere aipatzen diren Roldan zein Roncesvalles…
    Hori hala, guztia oinarri eskasa iruditu izan zaidan/k espainolezko ROLDAN ‘kultu’ batetik eratorri nahi izateko XIX. mendeko Gipuzkoako hego-mendebaldeko eragineko bazter batean, Gipuzkoako Goierriko Zaldibian, horretatik eratorria ageri dakigun ‘erraldoi’ hitz ‘herrikoia’.
    Horregatik, orain denbora bat, Julen Arriolabengoaren tesiarekin Ibarguen-Cachopin kronikarekin lanean, eta ‘Leloren kanta / Kantabriaren kanta’ aztertzen, ‘grandoi’ hitza aurkitzean (< esp. ‘grandón’), irudikatu ni(n)an erraldoi hitzaren beste jatorri bat, nahiz ez nagoen hori jendaurrean defenditzeko moduan... Ze, nahiz grandon formatik aukerakoak iruditzen zaizkidan > *randoi > *errandoi eratorpenak, ez di(n)at oraindik aurkitu arrazoi fonetiko sendorik, tarteko /nd/ > /ld/ eratorpen hori zuritzeko, > erraldoi emango lukeena, nahiz intuitiboki ez zaidan ezinezko iruditzen.
    Agian hik nik baino gehiago dakiken/k euskararen fonetika historikoaz (edo beste nornahik ere, gonbidaturik), oinarri sendoagoekin azaldu liezagun eratorpen horren aukera. Hor nire galdera.
    Eta horregatik nire ‘grandoi’ hitz ‘bitxiaren’ erabilera Goliaten ‘erraldoitasunaren’ aurretik. Jolas lexikoa. Argituko ote zidan/k inork kezka? Agian orain oporretan…
    Opor on
    Bittor

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-07-07 13:58

    TAMAYO horren inguruan ere ez ditut gauzak erabat garbi, hipotesi ‘plausiblea edo’ baino.
    Ez dirudi kantaren osaketa gauza errazegia izan bide zenik “Cachopinen aitarentzat” (Arriolabengoaren hipotesian). Garaiko euskara (nahiko edo) ezagutu zezakeen sortzailea, nahiz euskalduna izan ez (Mitxelena). Hala, bertako euskara ere ezin fidagarriegitzat eman osotara, nahiz hainbat ezaugarri ondo ezagun eta arkaikoak ere ongi erakutsi.
    Gure estrofa birgogoratuz, dio (jatorrizko grafian), ez aditzik ez arteko lotura logiko handiegirik gabe:
    Tiber lecua gueldico çabal
    Uchim tamayo grandoya.
    Eta kronikako glosa: C. I. : “da a entender cómo estos vizcaínos con su capitán Urzino fueron de Vizcaya a Roma a acabar la batalla final de tantos a tantos y la bençieron a los romanos en la ínsula y ribera del grande rio Tiber, donde quedaron y poblaron este Urzino y su conpañía, de quienes después se pobló muncha parte de la demás tierra de Roma”.
    Arriolabengoak, J. Lakarrak zuzendutako tesian, eransten du iruzkin: “Ikerle gehienek onartua da Uchim-ek Bizkaiko jeneral baten izena adierazi nahi duela. Gaztelaniazko azalpenetan Cachopínek behin eta berriro errepikatu zigun bizkaitarren buru Urtino izeneko kapitaina izan zela. Badirudi, beraz, Uchim gaztelaniazko Urtinoren aldakia dela euskaraz.”
    Eta gure hitz bikoteari dagokionez berriz, jarraitzen du Arriolabengoak esanez: “Tamaio[:] “handi” edo “goren” dela esango nuke: “Tiberren Utxin handia nagusi” / Grandoya[:] “garandu”-tik letorke eta “gailur, nagusi” adieraziko.”
    Ez TAMAYOk, ez GRANDOYAk dute beste tradiziorik euskaraz eta Arriolabengoak aipatu ‘garandu’ izena ere ez da ageri Azkueren hiztegian baino beste lekukotasun gabe: “(V-m[arkina]), cumbre. Sur-garandu, cumbre de la nariz. Karabi-garandu, cima del calero” A.”
    Ez dakit zenbateraino izan litekeen garaian erabilia ‘tamaio’ bezalako aldaera bat (euskaraz edo gaztelaniaz ere), espainolezko ‘tamaño’tik-edo eratorria (< lat. 'tam' + magnus`). Kronikagileak berak lasai darabil bertan gaztelaniaz 'tamaño' hitza (nola bide batez 'grandor' ere etengabe). Hegoaldean, eta bereziki Bizkaian, ezagun dugu antzeko eratorpena [-IN+ bokala] > [-I+bokala], BAINA juntagailuarekin behintzat > BAIA ematen duena (OEH: V-oroz-arr-ger, G-nav, Ae, R; Mic, Lar, Añ; baie V; Dv (V)).
    Oso ugariak dira bestalde hitzen -IN amaiera N-a galtzen dutenak hegoaldeko erabileretan (arrai(n), artzai(n), ipui(n), higui(n)…).
    Dela erabilia zelako, dela kanta asmatzean besterik aurkitzen ez zuelako, Arriolabengoak hipotetizaturikoak (Tamaio[:] “handi” edo “goren” / Grandoya[:] “gailur, nagusi”), kanta asmatzaileak erraz jo zezakeen U(r)txi(re)n ‘tamaño grandona’ aipatzera, baina ezin emango zituen ezkutatzen saiatu gabe bederen hauen jatorri gaztelau zuzena. Soluzioa: TAMAÑO > TAMAYO / GRANDONA > GRANDOYA.
    Plausibleak dira hipotesiok? Bestek esan beharko du. Nik aipatu baino ez nire (ez)jakintasunetik.
    Arratsalde on
    Bittor

  • Aupa Bittor! Ba oso interesgarriak dira zure azalpenak, eta ondo posibleak ere. TAMAYO eta GRANDOYA zuk esan duzun moduan azalduko nituzke. Eta ERRALDOI-ren jatorri hori oso interesgarria begitantzen zait. Ez dut beste kasurik ezagutzen non GR > ERR gertatu dan, baina ez zait arraro egiten euskaldun baten ahotan. Ezberdina den arren Mitxelenak esaten du LEXAR (leizar) > REXAL > ERREXAL (“zuhaitza” Landuchiren hiztegian). N > L kontsonante baten aurrean ez da arraroa erderaz behintzat: aldamio – andamio, ANIMA > ALMA

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-07-09 10:18

    Eskerrik asko ALDAMIO < ANDAMIO bikoteagatik, nahiz izan diren eztaibadak espainolezko ANDAMIOren jatorriaz, badirudi azken aldian behintzat ANDARekin lotu ohi dutela, eta ez arabetiko AL...-etik. Ondo izan

  • https://advances.sciencemag.org/content/5/7/eaax0061

    Irakurri eta gero, zure ondorioa atera daiteke. Ez dakit, ba…

  • Zuenketa:
    https://advances.sciencemag.org/content/5/7/eaax0061
    Irakurri eta gero, zure ondorioa atera daiteke? Ez dakit, ba…

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2019-07-09 14:31

    Ez zaizu iruditzen…?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude