Fantasiak, sudurrak eta alopezia

Fantasien mundua sudurra bezalakoa da, nork berea du, eta bere neurrikoa. Mota askotako fantasiak daude. Batzuk ziklikoak dira, Euskadiko estatutu berria adibidez, eta beste batzuk unean-uneko gertaerei lotuta daude, estatutu berria nola lortu esaterako. Udaberrian fantasiak gorpuzten dira. Agian eguzkiak eragiten duen biluzte progresiboak laguntzen du. Guztioi gertatzen zaigu. Apirila-maiatza aldean zoro moduan maitemintzen gara. M-15 da horren adibide bat. Bada, M-15 mugimendua fantasia batean oinarrituta zegoen: benetako demokrazia ezartzea eta gauza jakina da demokrazia, sudurra bezala, nork berea duela, eta bere neurrikoa.

Fantasiak, sudurrak eta alopeziaArnaldo Otegirekin gauza bera gertatzen da. Nork berea du, eta bere neurrikoa. Adibidez, bere gruppientzat Nelson Mandela berria da: Espainiako estatuak inposaturiko zapalkuntza baten aurka borroka egitearren kartzelan sei urte eman dituen bake-gizon orbangabea da. Bere ibilbide osoak ez du tatxarik. Aitzitik, Espainia aldean ibilbide berak, berez, tatxa du. Berdin du Otegik azken urteotan 180 graduko buelta eman izanak, deabruaren traza du. ETAko buruzagia da egun eta hala izango da ETA desagertzen denean ere.

Jainkotze eta deabrutze artean badira bere neurriko Otegi eraikitzen ari direnak. Pelikuletako institutuko ikasle ongileak bezala ari dira, aldarte aldaketarekin pozik baina mesfidati. Batetik, ez dute ahaztu Otegiren lagun maltzurrek urte askotan eman dizkieten tratu txarrak. Bestetik, beldur dira ez dien klaseko neska liraina kenduko eta bere jarduera agerian utziko. Horregatik noiz edo noiz haren iragana gogoratzen dute jendaurrean, nahiz eta jakin Otegiren lagunek jipoiak emateari behin betiko utzi diotela.

Errealitatearen mundua sudurra bezalakoa da, nork berea du, eta bere neurrikoa. Mota askotako errealitateak daude. Batzuk ziklikoak dira, hauteskundeak adibidez, eta beste batzuk unean-uneko gertaerei lotuta daude, hauteskunde horien emaitzak esaterako. Udazkenean fantasiak zimeltzen dira. Agian hosto erortzeak eragiten duen janzte progresiboak laguntzen du. Guztioi gertatzen zaigu. Iraila aldean burumakur egoten gara eta azaroan errealitatea berriro gailendu da. Alopezia da horren adibide bat. Bada, alopezia errealitate batean oinarrituta dago: kopeta eta gauza jakina da kopeta, sudurra bezala, nork berea duela, eta bere neurrikoa.

PD: Argazkia Youtubetik atera dut eta Youtubek Argia aldizkaritik.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Zer duzu buruan “Fantasiak, sudurrak eta alopezia”-ri buruz

  • Arazoa da Otegik esaten duela ez duela horrelako iraganik. Hau da, bera ez zela ETAkidea izan transizio garaian eta berak ez zuela Luis Abaitua sekuestratu, nahiz eta Abaituak berak Otegi bere sekuestratzaile bezala identifikatu. Nire ustez zilegi da horrein iragan konplexua duen politiko bati, lehendakari gai presentatzen bada, horretaz galdetzea. Ikaragarri interesantea da jakitea ziaboga hori egiteko zer arrazoiak zituen eta batez ere zergatik ez zuen egin ziabogarik 1999an eta 2007an hori bere esku zenean.