Ez larritu

Ez larritu

Hau irakurtzera bazoaz, ez larritu; denbora daramat ezer idatzi gabe. Eta bai, praktika eza, igarri egiten da.

Berak uste baino gehiago irakatsi zidan irakasle batek idatzitako artikuluak jarri nau, berriro ere, ordenagailuko orri zuriaren aurrean. Profesionalak profesionalizatzeko profesioaz ziharduen. Testua irakurri ondoren, burura etorri zaizkit duela hainbat urte, ezjakintasunak ematen duen ausardia horrek bultzatuta idatzi nituenak.

Gurea bezalako herri batean, ez da batere erraza ikus-entzunezkoen sektorean lan egitea. Egiari zor, edozein lan topatzea da zaila. Are gehiago gaztea bazara.

Eskolan 12 urterekin, etorkizuna ginela esan ziguten eta orain, unibertsitatea bukatu eta 23rekin ere etorkizuna izaten jarraitzen dugula gogorarazten digute behin eta berriz. Eta bai, etorkizuna izango gara. Ez daukat zalantzarik. Baina etorkizun horren oinarria den oraina ere bagara. Eta orainaldi horretan, hara eta hona korrika dabilen bekaduna baino zerbait gehiago izan nahi dugu. Gaztea izanagatik ere, baldintza duinetan lan egin nahi genuke. Aukerarik ezean, ez baitago esperientziarik. Esperientziarik gabe, etorkizunik ez dagoen bezala.

Bestela egin zitezkeen gauzak, hala ere gauden tokian gaude. Berandu iritsi garenaren sentsazioarekin bizitzea beste aukerarik ez dugula pentsatzen jarraitu, ala etorkizuna belaunaldi guztiok elkarrekin eraikitzea -hein batean- gure esku dago.

Ez larritu

Ez larritu

IZAN ALA EZ IZAN