Eusko Jaurlaritzak entzungor egiten jarraitzen die urriaren 25ean kaleak bete zituzten milaka langile publikoei

urriaren 25ean kaleak bete zituzten milaka langile publikoei – 

Gaurko Mahai Orokorrean, Eusko Jaurlaritzak baztertu egin ditu sindikatuek egindako eskaerak, nahiz eta urriaren 25eko greban langile publikoek aldarrikapen horiekin bat egin.

Grebaren ostean, Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin negoziatzeko borondatea agertu zuen, baina gaur grebaren arrakastak behartuta deitu duen lehen bileran, Eusko Jaurlaritzak, beste behin ere, baztertu ditu, sindikatuen proposamen zehatzak. Gobernuak orokortasunak aipatzen dituen bitartean negoziatzeko ustezko borondate horren aurkako neurriak inposatzen jarraitzen du. Sindikatu guztiek atzera bota zuten Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen duen joko eremura mugatu nahi du.

Hala, bileran, Eusko Jaurlaritzak belaunaldi-erreleboko politikak negoziatzeaz hitz egin du, baina langile guztiei erretiro partzial aurreratua ezartzeari uko egiten dio (erretiro-kontratua), hitzarmenetan aurreikusitako erretiro-sariak aplikatu gabe jarraitzen du, eta Itzarriko BGAEaren murrizketari eusten dio.

Lanpostuak hautatze eta betetzeko politikei buruzko negoziazioa abiaraztea planteatu du, behin-behinekotasun tasa % 40tik gora iraunarazten duten erabakiak hartzen dituen bitartean. Madrildik ezarritako birjarpen-tasak onartzen jarraitzen du, eta ez ditu erabili nahi legediak egonkortze-prozesuak egiteko irekitzen dituen muga estuak (Iceta legean, 2023ko Estatuko Aurrekontuen Legean edo 5/ 2023 Errege Dekretu legegilean aurreikusitakoak adibidez).

Soldatari dagokionez, adierazi du ordainsari-sistema aldakor bat garatu nahi duela, plantillaren erdia (behin-behineko langileak, gehienak emakumeak Administrazioan) aplikaziotik kanpo uzteko aukera ematen duena, eta langile publikoak Gobernuaren aurrean men egitea bermatzen duena. Eta hori, helburu bakar batekin: langile publiko guztiei galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea helburu duen soldata-igoerari ez ekitea. Madrilgo aurrekontuen legearen mugen aitzakia erabiltzeak ez du balio: gezurra da, eta interesa duenean autogobernuaren defentsa irmoagoa erakutsi eat muga horiek gainditu dituzte.

Sektore publikoko greba deitu duten sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Lakuan, eta mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute, Eusko Jaurlaritzak, gainerako erakundeek eta alderdi politikoek enplegua, soldata eta lan-baldintzak hemen erabakitzeko beharrezko neurriak hartu arte. Zerbitzu publikoak indartzea eta pribatizazioekin amaitzea ahalbidetuko duten aurrekontuak bermatzea; enplegu publikoa sortzea eta sendotzea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, plantillen osasuna bermatzea eta sektore publikoa euskalduntzeko beharrezko urratsak ematea eta genero- diskriminazioarekin amaitzea. Abendurako mobilizazioak eta 19 rako greba prestatzen jarraituko dute beraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude