Ezkutuko intimitatea

Ezkutuko intimitatea –

Olatz Azpirotz Larzabal, Nafarroako Hitzan.


Egun euritsuen etorrerarekin batera, asteburuan egongela arropa garbitu berriekin bete dut, jakinda, orain, udazkenetik udaberrira bitarte, prezipitazioen arabera izanen dudala arropa leku batean edo bestean lehortzeko aukera.

Ezkutuko intimitatea

Etxebizitzan patioa dugu, eta nahiz eta batzuetan arropa bertan eskegitzeaz damutzen naizen, hura askotan aprobetxatzen dut; egia esan, zenbaitetan arropa bertan eskegita denbora luzez uzten dut, eta beste zenbaitetan, bizilagunekin harremana izateak nagia sortzen dit. Indibidualismoaren zantzuak, akaso.

Horretaz gain, aitortu behar dut arropa eskegitzeko zenbait irizpide ere baditudala, hau da, garbitutakoaren arabera, kanpoan eskegitzen dut edo ez; batik bat, argi daukat bertan zintzilikatzea nire intimitatea plazaratzea ere badela, eta, horretaz kontziente izan arren, nik neure kabuz garatu ez dudan lotsa horrek bertan dirau.

Gauzak horrela, itxialdi osteko sasoia datorkit burura, non argiaren prezioa hainbeste igo baitzen, gehienok garbigailuak ordu merkeenetan, gauerdian, jartzera kondenatu baikintuzten. Momentu horietan, bizilagunok leihoetan elkar topatzen genuen, eta baita elkarri hitz egin ere.

Egoera ekonomikoak intimoa zen hori orokor eta klasearen araberako kontu bihurtu zuen, eta egoera horretan, aurreiritziek ez zuten ezkutuan geratzen ziren horiek airea hartzea ekidin. Era horretan, identitatea plazaratzen hasi zen eta nire jantziei bizilagunek ahotsa, azala eta irudia jarri zieten.

Identifikatze horren ondorioz, hain zuzen ere, bizilagunen arropei erreparatzen hasi nintzaien eta jantzi bakoitza zein bizilagunena zen asmatzeko saiakerak ere egin nituen.

Haatik, garbigailua nork jarri zuen ondorioztatzea errazagoa zitzaidala jabetu nintzen, eta horretaz jabetzeko, hain justu, aski lagungarri egin zitzaidan etxean garbigailuak modu egoki batean jartzeko gomendioak nork ematen zizkidan oroitzea.

Atzera begiratze horrek argi erakutsi zidan espazio intimoaren mugan dauden soka zaharkitu eta koloredun horiek, pertsonon arteko gerturatzea errazteko gai diren hein berean, eremu intimoko lanak nork egiten dituen jakiteko erraztasuna ere ematen digutela; eta horrela, zaintza-lanek etxeko hormek ezartzen duten intimotasuna alde batera utzi eta espazio publikoa bere hartzen dute.

Aurreko astean, hiriko etxebizitzetako atarien estetika ardatz izanik, arropa etxebizitzetako atarian ez eskegitzeko ordenantza plazaratu zen; publikoa eta izaera naturala bere egiten zebilen kotoizko soineko hori etxeko espazio pribatu eta ikusezin hartara murriztekoa, alegia.

Horrek etxeko leihoaren eta balkoiaren jabetza ezbaian jartzen du; eta gainera, leihoak eta balkoiak hiriko beste elementu bizigabe bat bihurtzeko arriskua ere badakar.

Eta hori gutxi izango balitz bezala, neurri horrek, zaintza-lanak eta aldarrikapenak ezkutuan uzteaz gain, gure arteko distantzia ere handituko du, eta hor bihurtuko gara berriz ezezagun, eta hor ikusiko dugu berriz zeinen sakonki barneratu diguten gure intimitatea fisikoki bakartutako lekuren batean biltzeko edo mugatzeko joera.

Ezkutuko intimitatea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude