Euskaltzaindia !

Euskaltzaindia

Euskaltzaindia

Euskaltzaindia

Zer ari da gertatzen Euskaltzaindian? Zazpi herrialdeetan eragina duen instituzioa bakarra esango nuke nik—, euskararen erakunde gorena, kolokan ote dago?

Joan den urteko abenduaren 3an, Euskararen Eguna,kasualitatea ala kausalitatea? hedabideetara azaldu zen Euskaltzaindiko gramatika batzordeko kide guztiak beren dimisioa aurkeztu zutela.

Pello Salaburu batzordeburuak, Berriak egin zion elkarrizketan, hauxe zioen: “Ez gaituzte aintzat hartu”. Hurrengo egunean, abenduaren 4an, Ibon Sarasolak, hiztegi batuaren Euskaltzaindiko arduradunak, aurkeztu zuen dimisioa, eta hau esaten zuen: “Euskaltzaindian gertatzen denak ez du konponbiderik”.

Abenduaren 21ean, berriz, Baionan egindako batzarraren ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak, ustez adostutako idatzia irakurri zuen hedabideen aurrean. Honetan, esaten zuen elkarrizketarako bidea eginez nahi zutela krisialdia itxi.

Azkenik, urtarrilaren 31n, EITBko Azpimarra saioan, Jose Luis Lizundia euskaltzainak, Euskaltzaindiko krisiari buruz galdetuta, zenbait gauzaren artean honakoa esan zigun: azken bileran, krisiari ordu laurdeneko tartea bakarrik eskaini zitzaiola; krisiak jarraituko duela; krisia zuzendaritza eta Gramatika batzordearen arteko desadostasunean fokalizatuta dagoela, baina krisia askoz ere sakonagoa dela; gobernamendu arazoa dela, eta, agian, Euskaltzaindian zatiketa eman daitekeela.

Honaino jakin izan duguna. Honen guztiaren aurrean, nire galdera hauxe da: egungo euskaltzainek ba al dute eskubiderik kolokan jartzeko ia ehun urte duen instituzioa, zazpi lurraldeetan eragina duena eta lautan ofiziala dena, eta, batez ere, orain arte eta baita etorkizunean ere euskararen jardunean garrantzia handia duena?

Ez, instituzio hori ez da euskaltzainena, herriarena baizik. Badakigu ez dela instituzio demokratikoa; euskaltzain berriak izendatzeko irizpide politikoak erabili izan direla, askotan, akademikoak baino gehiago (gogoan dugu Txillardegirekin egindakoa); euskaltzainek berak erabakitzen dutela hutsuneak norekin bete; euskalgintzan diharduten beste instituzioak ez dutela parte hartzerik, eta abar. Baina, hori alde batera utzita, esan beharra dago Euskaltzaindia guztiona dela, ezin dela instituzio horrekin jolasean ibili, eta nahitaezkoa dela krisi horrekin bukatzea, pertsonalismoak alde batera utzita. Azkenik, herri honi gertatutakoaren berri osoa eta soluzioaren nondik norakoak eman beharrean zaudetela, geure instituzio batekin ari baitzarete.

Bukatzeko, azken galdera ere botako nuke: Euskaltzaindia zatituz gero euskaldunok noren irizpideak jarraituko ditugu?

Euskaltzaindia

4 pentsamendu “Euskaltzaindia !”-ri buruz

  • Ez duena da lotsarik guztion dirua alferrik gastatzeko: euskaltzaindiaren hiztegia, zientzia eta teknika hiztegia biltzeko egitasmoa, euskal hiztegi historiko eta etimologikoa, lexikoaren behatokia, euskal gramatika orokorra, euskararen herri hizkeren atlasa, ahozko tradizioko hizkeren corpusa, euskal corpus onomastikoa, gasteizko toponimia, herri literaturaren corpusa, joanes etxeberri egitasmoa, euskaltzaindiaren historia, eta abar eta abar. Hori guztia zer da? Non dago? Zenbat kostatzen zaigu?

  • joxangaraialde 2014-02-19 17:02

    Ez nago ados dirua alferrik gastatzen dela, nire ustez, lan handia egiten da Euskaltzaindian. Horrek ez du esan nahi ez dela demokratizatu behar, euskaltzain berriak aukeratzerakoan, adibidez, jende edo talde gehiagori bide eman horretan esku hartzeko: euskalgintzari, Euskal Unibertsitateari… Zuk egiten dituzun galderei buruz, ez dakit Euskaltzaindiaren Euskara Agerkarian ez ote dauden erantzunak, baina, hala ere, ados nago gardentasun gehiago ondo etorriko litzaigukeela. Bukatzeko, berriro nire artikuluan egindako galdereei noakio: Ba al dute eskubiderik geurea den, hau da, Euskal Herri osoarena den instituzioa ankaz gora botatzeko?

  • Euskaltzaindiako gehienek elkar ulertu ezin duten bi bi talde desberdinek osotzen dute. Beste zenbaitek albora begiratzen ari dira “eguneroko pentsua” era batera edo bestera salbatu nahian. Lan talde guztietan izaten dira aprobetxategiak! Baita euskaltzaindian ere! Villasante eta Haritxelar presidente izan zirenean, ez zen izan horrelako gatazkarik. Andres Urrutia presidente denetik gatazka larrian ari dira Euskatzaindian. Kanpotik begiratuta badirudi gobenamendu arazoa dela batez ere. Beste era batera esanda, poterea eta dirua! Badirudi Andres Urrutia presidente izaten jarraitzen duen bitartean, gatazka ez direla amaituko. Urrutia jauna: Zergatik ez duzu utzi nahi zeure “poltrona”hori?